Azken hamarkadan egindako ikerketek azaleratu dute ibaietan aurkitutako sendagai arrastoek animalia eta landareengan dituzten ondorio kaltegarrien arazoa. Ikertzaileak larrituta daude uretan nahastutako kutsatzaileen eta medikamentuen nahasketaren epe luzeko esposizioarekin.
Herrialde garatuetan, gizartea zahartzearekin batera besteak beste, izugarri hazi da sendagaien erabilera. 1990etik 2007 arte medikamentu salmenta laukoiztu egin zen Europar Batasunean, 48.000 milioi eurotik 214.000 milioira. Gizartea zahartzeak goranzko joera mantenduko du. Botika kontsumo masiboak eztabaida ugari ere piztu du, eta gizakiengan izan ditzakeen ondorioak ikertzea eragin du. Sendagaiek ingurumenean duten eragin kutsatzailea aztertzeko, ordea, ia ez da ikerketarik egin, baina egin direnek erakutsi dute arazoa egon badagoela: kutsaduraren ondorioak agertzen hasi dira jada.
Ez da ia ikerketarik egin sendagaiek ingurumenean duten eragin kutsatzailea aztertzeko, baina egin direnek erakutsi dute arazoa egon badagoela
Ibaietako uretan agertzen diren sendagai arrastoek hiru jatorri dituzte. Batetik modu okerrean baztertutako medikamentuak daude –zakarretara edo zuzenean komunera botatakoak–, bestetik industria farmazeutiko eta osasun zentro handien isuriak, eta hirugarrenik gizakiok iraitzitakoak. Izan ere, gure gorputzak ez ditu medikamentuen osagai guztiak xurgatzen; iraizkinen bitartez estolderietara pasatzen dira eta hortik erreka eta ibaietara. Erresuma Batuko Chemtrust erakundeak 2014an kaleratutako Sendagaiak ingurumenean: handituz doan mehatxua pertsona eta animalientzat txostenaren arabera gizakiok hartzen ditugun botiken osagaien %30 eta %90 bitarte iraizten dugu.
Gwynne Lyons ikerketaren egilearen hitzetan, ezin da ziur jakin arazoaren larritasuna zein den, datuak falta direlako, baina ziur da gizakiok berandu baino lehen ordaina jasoko dugula: “Beldurgarria da egungo egoera; antidepresiboak, kontrazepzio pilulak, minbiziaren kontrako medikamentuak, lasaigarriak eta antibiotikoak aurkitu ditugu arrainetan, eta batek jakin zer gehiagorekin kutsatu diren”.
Sendagaiek historia luzea badute ere, haien ahalmen kutsatzailea ez da guztiz ezaguna. Azken urteotan ikertzaileak ohartu dira ibaietan haien arrastoak badirela, batez ere kutsatzaile “tradizionalen” jaitsierari eta detekzio teknika berriei esker. Orokorrean sistema neuronala eta endokrinoa izaten dira kaltetuak. Baita erantzun immuneko zelulak eta barne egiturak ere. Animaliez gain, landareek ere kaltea jasaten dute; haien fotosintesi ahalmena eta biziraupena murriztu daitezke.
Gwynne Lyons, ikerlaria:
“Antidepresiboak, lasaigarriak, minbiziaren kontrako botikak, antibiotikoak... aurkitu ditugu arrainetan, eta auskalo zer gehiagorekin kutsatu diren”
Ikertzaileek ezin dute frogatu zehazki zein botikak, zein kopurutan eta nola eragin ahal dion bizidun espezie bakoitzari. Maren Ortiz-Zarragoitia EHUren Plentziako Itsas Estazioko ikerlariak azaldu duenez, kalteak agerikoak izan arte ezinezkoa da efektuak aurreikustea.
Gaur egun ez dago leku “garbirik”, Ortiz-Zarragoitiaren esanetan. Hirietatik, ospitaleetatik eta abeltzaintza jardueretatik gertu dauden ur masak medikamentuak izateko arriskuan daude, baina edateko uretan ere atzeman dira botika arrastoak, lurrazpiko akuiferoak ere kutsatuak dauden adierazle. Gizakiok ere arriskuan egon gaitezke, bai zuzenean, iturriko ura edateagatik, bai zeharka, kontsumitzen ditugun barazki eta fruten bitartez.
Beste behin, ikerketa eskasiak emaitza zehatzen falta dakar eta egun ez dago guztiz argi kutsadura mota horrek gizakiengan zer eragin duen. Edonola ere, oraindik ondorioak neurtzeko gai ez izateak ez du esan nahi arriskuan ez gaudenik, Gwynne Lyonsen ustez.
Ikerlari britainiarra bereziki arduratuta dago antibiotikoenganako esposizio jarraituak bakterioen erresistentzia handitu dezakeelako eta, ondorioz, medikamentu horien eraginkortasuna mugatu. Maren Ortiz-Zarragoitiak azaldu digu sendagaiak ingurunean agertzen direnak baino askoz dosi handiagoetan hartzen ditugunez, ez dela gizakienganako efektu zuzenik espero. Hala ere, nahiz eta edateko uretan medikamentuak oso kopuru baxuetan agertu, haurtzarotik helduaro arteko etengabeko esposizioaren arriskua azpimarratu du.
“Medikamentuak biologikoki aktiboak izateko diseinatuta daude, eta nahiz eta asko jakin euren eraginaz dosi terapeutikoetan, hau da, pertsona bakoitzak hartu beharreko kopuruaz, ezer gutxi dakigu maila baxuko esposizio jarraituak epe luzean izan dezakeen eraginaz, bai gizakiengan bai animaliengan”, nabarmendu du Lyonsek. Besteak beste, “koktel efektua” deiturikoaren arriskua azpimarratu du ikerlariak. Alegia, botiken osagaiek beste hainbat agente kutsatzailerekin konbinatuta izan dezaketen eragina.
Hala uste du Ortiz-Zarragoitiak ere. Haren EHUko lantaldeak Euskal Herriko estuarioetako kutsadurak bizidunengan duen eragina aztertu zuen, eta besteak beste lazun arren feminizazioa behatu zuten hainbat lekutan. Sendagaien ondorio zuzena izan dela baieztatu ezin izan badute ere, hainbat produktu kimiko sintetikoren metaketa eta esposizioaren ondorioa badela azpimarratu du ikerlariak.
Lyonsek eta Ortiz-Zarragoitiak argi dute kontzientziazioa eta ohitura aldaketa direla erantzuna. Hiru frontetatik aurre egin beharreko arazoa dela diote: araudiaren egokitzapena, arazketa sistema berezien garapena eta norbanakoen kontzientziazioa. Araudiaren aldetik, sendagai bidezko kutsadura murrizteko legedi zehatz baten falta nabarmendu dute. Ortiz-Zarragoitiaren berbetan, ezjakintasuna izan da horren arrazoi nagusia.
Hala ere, ikerlariok azaldu dutenez, egun enpresa farmazeutikoek merkatuan produktu berri bat jarri ahal izateko ingurumenean izango duen inpaktuaren azterketa aurkeztu behar dute. “Bide luzea geratzen da, baina lehenengo pausoak eman dira”, dio EHUko kideak.
Industria farmazeutikoari eragingo dion legedirik ezean, arazoari aurre egiteko modu zuzenena arazketa da. Gaur egun, sendagaien osagaiak ibaietako uretatik desagertzeko hainbat sistema garatzen ari dira. Besteak beste, oxidazio aurreratuko metodoak, fotodegradazioa eta alderantzizko osmosia metodoak garatu eta probatu dituzte araztegien hobekuntzan lan egiten duten taldeek.
Emaitzak onak direla baina kostu ekonomikoa oso altua dela adierazi du Ortiz-Zarragoitiak. Norbanakoen zeregina ere badela gogoratu du. Haren hitzetan, ezinbestekoa da medikamentuak zentzuz erabiltzea eta soberan daudenak dagokien tokietan biltzea, komunetik behera edo zaborretara bota beharrean.
Munduko populazioaren ia erdiak baino bi aldiz gehiago kutsatzen du aberastasun gehien pilatzen duen %1ak. Munduko aberatsenek hamar egunetan isuri duten kantitatera heltzeko, ia hiru urte beharko lituzke munduko aberastasunaren eskalan erditik behera dagoen herritar batek.
NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.
Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]
Plastiko kutsadurari konponbide bat adosteko goi-bilera zikloa bukatu berri dute, Hego Koreako Busan hirian iragandako bosgarren gailurrean ere porrot eginda: hitzarmenik adostea ez dute lortu, nagusiki plastiko esportatzaile handiek negoziaketak oztopatu dituztelako. Bitartean,... [+]
Atun latatan aurkitu diren merkurio kopuruekin asaldatuta dabiltza herritarrak. Bloom erakundeak Europan egindako ikerketa baten arabera, Carrefour, Intermarché, Mercadona, Aldi... supermerkatu guztiek merkaturatzen dute atuna kutsaturik. Arrantza industrialak berehala... [+]
Petronorreko langileek borrokarako eguna izan dute osteguna. Enpresa batzordeak deituta, lanuztea egin dute eta Barakaldoko BECen elkarretaratu dira, konpainia urteko batzarra egiten ari zen tokian. Salatu dute diru publikoa jaso arren "enplegua suntsitu" besterik ez... [+]
Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.
Barakaldoko Udalak 11.800 euroko isuna ordaintzea eta gauez hiru hilabetez ixtea exijitu dio Bizkaiko enpresari. Abuztuaren amaieratik txistu etengabe, desatsegin eta jasangaitza igortzen du inguru zabalean entzuten dena.
Legearen arabera, erabiltzen ez diren zabortegi guztiek itxita eta zigilatuta egon beharko lukete 2008tik. Ekologistak Martxan taldea Eusko Legebiltzarrean izan da legea bete dadila eskatzeko: azaroaren 12an Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren batzordean... [+]
Silizearen hautsak sorturiko gaitz eta biriketako minbizi kasuek ez dute etenik azken urteetan. Australian, Ingalaterran edo Espainiako Estatuan alarmak piztu dira, eta kristal-silizea duten kuartzozko sukalderako mahaiak egitea debekatzeko urratsak ematen hasi dira.
Ingurumen-inpaktuaren berri izateko eta, hurrengo edizioei begira emisioak murrizteko egin du azterketa Lander Crespo klima adituak. Garraioa izan zen Korrikako azken edizioan isurketa gehienen jatorria.
Adimen artifizialak bost milioi tona hondakin elektroniko sortu ditzake 2030a baino lehen, Nature Computational Science aldizkariak argitaratu duen txosten baten arabera. Ikertzaileek ekonomia zirkularreko estrategia bat ezartzearen beharra nabarmendu dute.
Ekitaldian 1969ko gertaera tragikoak gogoratzeaz gain, memoria historikoaren defendatzaileak ere omenduko dituzte.