Kalea guztiona al da?

  • Errepide bazterrean jarritako pankartak ongietorria ematen die gidariei: “Zumaiara sartzen ari zara, mantsotu zure adierazpen askatasuna”. Kalea Guztiona Da ekimeneko kideek jarria da, beste hainbat gauzarekin batera, kartel, pankarta eta muralak arautzeko Udalak onartu nahi duen ordenantzarekiko desadostasunez. Udaletik eztabaida bera absurdutzat jo duten arren, Urola Kostako herri honetan adierazpen askatasunaren aldeko borroka lokala abiatu dute. Ez dira bakarrak, herri askotan ari baitira onartzen halako ordenantzak.

Zumaia erdigunean dagoen Erribera kaleko pareta honetan ari da jokatzen Kalea Guztiona Da eta Udalaren arteko soka-tira. (Argazkiak: Kalea Guztiona Da)
Zumaia erdigunean dagoen Erribera kaleko pareta honetan ari da jokatzen Kalea Guztiona Da eta Udalaren arteko soka-tira. (Argazkiak: Kalea Guztiona Da)

Larunbat arratsaldea da. Margoak jaso berri, kide gehiagorekin batera egin duten muralaren aurretik igaro dira Pello Enparan, Lore Txapartegi eta Bittor Bengoa zumaiarrak. “Dotore geratu da”, bota du batek. “Oso dotore, pena ematen du ordu gutxitan ezabatuko dutela pentsatzeak”, erantzun besteak. “Mural guztiekin esaten dugu gauza bera”, borobildu du hirugarrenak. Pareta berean hamar hilabetean egin duten 28. murala da.

Deskonektatu Ib€rdrola” dioen horma-irudi horia egin dute oraingoan, nuklearren aurkako ikur irribarretsuarekin. Pozik jaso dituzte kalean pasa diren herritarren begirada eta komentario konplizeak, argazkiak eta hurrengoetarako gomendioak. Aurretik egin izan dituzte muralak emakumeen aurkako bortxaren aurka, Mikel Laboaren, Imanol Urbietaren eta errefuxiatuen omenez edo euskararen aldekoak, batzuk aipatzearren, artistikoagoekin batera. Azken xehetasunak ongi zaindu dituzte oraingoan ere, nahiz eta badakiten ziurrenik Udalak ezabatu egingo duela bihar goizean. Hala izan da. Igande goizaldeko 7:00etan, marroi kolorez pintatu dute bueltan pareta garbitzaileek.

“Ordenantza hau ez litzateke behar denok pertsonak bagina, espazio publikoan gure etxean egiten duguna egingo bagenu, ez litzateke behar eta elkarrizketa hau alferrikakoa litzateke”, uste du Zumaiako zerbitzuetako zinegotzi Jon Iraolak. Jokabide zibikoari buruzko eta bide publikoaren erabilera, okupazioa eta garbiketa arautzeko ordenantza izeneko proposamena ez da kartel eta pankartei soilik zuzendua, obra-eremuetako garbiketa-betebeharrak, akanpatzeko debekua, toldoen erabilera edo Udaltzaingoarekiko tratua zaku berean doaz.

Kaleak eta gorputzak jomugan

Lekeition harrituta ikusi zuten Potxuak Martxan talde feministako kideek, hondartzan egin zuten murala ezabatu egin zutela 2016ko uda hasieran. Agertokia partekatzen zuten presoen aldeko horma-irudiak eta Mikel Laboarenak bere lekuan jarraitzen zuten. “Hondartzara joatea eta gorputza biluzteko ikaratan egotea ere prekarietatea da. Soldatatik haratago, gorputz prekarioak gara, eta  horregatik marraztu genuen emakume ahaldundua”, azaldu du Uzuri Aboitizek.

Hilabete pasatxo nork ezabatu zuen galdezka ibili ostean, Udalarekin egindako bilera batean baieztatu zuten honek eman zuela agindua. “Oso arrazoi txarrak eman zizkiguten, batez ere, gure murala ez zetorrela bat beren irizpide paisajistikoekin, eta besteak ez zituztela ezabatu diru faltagatik, baina ezabatu egingo zituztela”. Horrez gain, oroitzen du udaletxetik esan zietela artista bat kontratatu eta emakume arraunlarien mural bat egingo zutela beste horma batean, noiz eta garai hartan oraindik emakume arraunlarien trainerarik ez zegoenean herrian. “Aurpegi garbitze itzela”.

Potxuak Martxan taldeak murala ezabatu zietela salatu zuen horrela.

“Presoekin ez zirela ausartu eta Mikel Laboak kulturalki ez diela enbarazurik egiten ondorioztatu genuen, gurekin ausartu zirela”. Kalea eta gorputzak, biak territorio erasotuak direla eta biek izaera politikoa dutela nabarmendu zuten. “Bietan esaten digute nolakoak izan behar garen, nola erakutsi behar garen, modu erakargarri eta baketsuan aurkeztu behar gara. Udatiarrei begira egindako herritik asko zuen debekuak”. Hurrengo egunean Alkateak mural hau ezabatu dau idatzi zuten ezabaketak utzitako zuloan, sarean zabalkunde handia lortuz, batez ere umore kutsuko memeekin. Hurrengo egunerako ezabatuta zegoen berriro.

Lekeitioko eragileak deitu, atxikimendu kanpaina abiatu zuten eta uztailean, egun argiz, berriz margotu zuten mural originala. “Udalari baimenik eskatu gabe egin genuen, herritarren baimena genuela ikusten genuelako. Herriaren zilegitasuna. Sortu genuen iskanbilarekin ez dira berriro ausartu kentzera”, dio pozik. “Ikusiko dugu datorren uda aurretik berriz kentzen saiatzen diren”.

Emakume ahaldundua marraztu zuten berriro ere Lekeitioko hondartzan.
Baimena eskatu behar

“Behin eta berriz ezabatzen dizute margolan bat, sinatuta ez dagoen dekretu batengatik. Hasieran frustrazioa eragiten dizu, gero irribarrea, zurearen gainetik margotzen dutenean, arrazoia ematen baitizute eta hala jarraitzea elikatu”. Kalea Guztiona Da-n Koldo Landaluze da taldeko artista Zumaian. Berak egiten ditu muraletako marrazkiak. “Oso modu osasuntsua da kalea animatu eta koloreztatzeko. Beraiek gatazka ikusten dute, nik dibertsio subertsiboa”, dio.

Ondorengoa da 2016ko otsailaren 22an Udaletik prentsara bidalitako oharraren hasiera: “Zumaiako Udalak jakinarazi du, hemendik aurrera herriko eremu publikoetan jartzen diren kartel eta pankarta guztiak kentzeko erabakia hartu duela, edozein delarik hauen eduki, mezu, jatorri edota helburua”. Erabakiaren berri prentsaren bitartez izan ostean egindako deialdi irekiaren ondorioz sortutako eragilea da Kalea Guztiona Da, erabat intergenerazionala, haur, gazte zein jubilatuak aritzen dira horma margotzen. Herriko 30 elkartetik goraren eta ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuen babesarekin, kalea adierazpen askatasun gune gisa aldarrikatu eta “Mozal Ordenantza” borrokatzen ari dira. Alkateak kartel hau debekatu du edo ildo berean planteatutako euskarriekin gaia sozializatu ostean, azken hilabeteetan Zumaia erdigunean dagoen Erribera kaleko pareta batean ari da jokatzen mugimendu horren eta Udalaren arteko soka-tira. Herritarrek murala egin, instituzioak hurrengo goizerako ezabatzera langileak bidali. Behin eta berriro, ia urtebetez.

Herriko jaiak abiatutako borroka sozializatzeko baliatu zuten Zumaian.

“Inguruko udalerriek halako ordenantzaren bat onartua dutela ikusita, Zumaian ere beharrezkoa zela pentsatu genuen. Ikusten ari gara turismoa gora egiten ari dela Zumaian, eta kanpotar jende asko etortzen dela eta horrelako ordenantza bat beharrezkoa da”, dio Iraolak Udaleko bere bulegoan. Kartelak egunero kentzen ari badira ere, ordenantza hozkailuan dago lehen asmoak azaldu eta urtebetera. Arrazoiaz galdetuta, zera dio Iraolak: “Hainbeste gauza daude egiteko, ez gara iritsi. Standby egoeran dago”.

“Herriko zikinkeriaren aurka zeudela esanez hasi ziren. Guk erantzun genien aitzakia zela, gu ere zikinkeriaren aurka gaudela, ez gaudela ados jendeak kalean pixa egitearekin adibidez. Baina noski, hori ordenantzaren atal bat da, 17. kapitulu madarikatu horrek, ordea, pankartak, kartelak eta muralak debekatu nahi ditu”, dio Pello Enparanek. Hori kendu dezatela eta konponbidea herritar eta eragile guztiekin adostua izatea eskatzen dute. “Guk ez diogu zikinkeriari beraiek ematen dioten esangura ematen, beraientzat zikina pankartetan dagoen mezua da, zikina al da emakumen aurkako bortxa salatzea, preso politikoen eskubideak edo lan baldintza duinak eskatzea?”, dio. Jon Iraolak oroitu du Udalak 22 panel jarri dituela herrian eta bertan jar ditzaketela kartelak. Ez daude pozik Kalea Guztiona Da-ko kideak. Batetik, herriko panelek ez dutelako pankarten, muralen eta pegatinen debekua gainditzen, eta bestetik, inorekin adostu gabeko neurria izan dela diote. “Jendeak irakurtzeko egiten dira kartelak, eta beraz, jendea dagoen lekuetan jarri behar dira, bestela zertarako egin? Udalak berak oharrak etxeko atarietan jartzen ditu”.

Kontrola ala zentsura?

“Gu ez gaude muralen aurka, baina egin behar dena da proiektu bat aurkeztu eta baimena eskatu”. Mural edo pankartak jartzeko baimena eskatu behar izatea ala ez, hor dago gatazkaren korapiloetako bat. Kontrola salatzen dute Kalea Guztiona Da-ko kideek. “Inondik inora”, dio Jon Iraolak. “Guri etorriko balitzaigu elkarte bat, proposamen zehatz batekin, baimen baten eske, beste kontu bat litzateke. Emakumeen Foroa egitean, ia urtero egiten dira muralak. Baimenak eskatu, paretak aukeratzen dira eta margotu egiten dira. Hor ez dago arazorik. Guk kontrolatu? Ez, ez. Ez du zerikusirik”, dio. Udalak mahai gainean jarri duen ordenantza garbia da dena den, “kirol, arte nahiz kultura arloko entzute handiko gertakizunen” salbuespena kenduta, kartelak, pankartak eta horma-irudiak horretarako baimenik ez dagoen guneren batean jarri edo egin nahi izanez gero, arduradunaren identifikazioa, jarri nahi denaren kokalekua, tamaina, itsatsita egongo den denbora eta kartelaren edukia aurretik aurkeztu beharko dira. Baimena eman edo ez Udal Gobernuak erabakiko du.

“Kontrola bilatzen dugula irudikatu nahi izan dute a bonbo y platillo”, dio Udaletik Jon Iraolak. “Denok izan behar genukeena izango bagina, zentzu komuna da ezin dugula kaletik joan nahi duguna margotzen”.“Herritarrak margotzen eta instituzioa ezabatzen. Politika egiteko era zaharra, gutxi batzuek erabakitakoa herritar guztiei inposatzeko politikeria dugu jopuntuan”, dio murala egin berritan Bittor Bengoak.

Eragile guztiei berdin aplikatzeko?

Iazko martxoan garbiketa ordenantza onartu eta aplikatzen hasi zen Arrasateko Udala. Prentsa oharrez adierazi zutenez, “ez du debekurako helbururik, herritarrei herri atseginago eta garbiago bat eskaintzea da Udalaren nahia eta zeregina”. Eragileekin hitz egin arte moratoria eskatuz Mozal Ordenantza Ez plataforma sortu zuten hainbat herritarrek. Ez zuten gelditzea lortu, plenoan onartu baitzuten EAJ eta PSEren botoekin.

Berriz biltzen hasi dira orain hilabete gutxi. Herriko eragile guztiei ez zaiela ordenantza berdin aplikatzen ikusi dute, Aizpea Otxandianok dioenez. “Hainbat eragile soziali kartelak edo pankartak berehala kentzen dizkieten bitartean, beste batzuekin ez dute aplikatzen. Orain gutxi zirkoa etorri zen Arrasatera eta kale-argi guztietan panelak jarri zituzten baimenik gabe, edo ordenantzan errotondetan kartelak jartzea debekatzen duen arren, Udalak berak ez du bete, bi kasu aipatzearren. Ikusten dugu ordenantza hau erabiltzen ari direla, batez ere, eragile jakin batzuei kartelak kentzeko”.

Arrasateko "Mozal Ordenantzaren" aurka egindako protesta ekintza artistikoa. (Argazkia: Goiena)

Arrasateko Udalak kartelak jartzeko pareta erreferentzialean eskultura bat jarri zuenean, “Mozaldun herri demokratikoa” mezuarekin agertu zen street art-etik asko zuen Ernairen salaketa ekintzak. “Herriko talde eta eragileekin batu eta kartelak paneletatik kanpo jartzen mantentzeko lanean ari dela kontatu digu Otxandianok. Norbaiti gai horrengatik isunik iritsiko balitzaio, abisu emateko eskatzen ere ari dira, gaiari jarraipena egin nahi baitiote. Udalak ez du isunik jartzeko pausoa eman oraindik, baina ordenantzak 250 euro artekoak aurreikusten ditu kartelak eta pankartak baimendutako lekuetatik kanpo jartzeagatik edo garaiz ez erretiratzeagatik. 1.000 euro arteko zigorra, pankarta “iraingarriak” jartzeagatik.

Geroz eta herri gehiago

“Beasaingo Udalak paretetan kartelak jartzea debekatu du, eta horretarako Kale Nagusian hainbat panel jarri ditu. Ez direla nahikoak erakutsi du aste bateko kartel pilaketak”, hasten da Ander Jiménezek 2017ko otsailean El Diario Vasco egunkarira bidalitako gutuna (ez dago sarean irakurgai). “Espazio publikoaren erabilerak eztabaida soziala merezi duela uste dut. Debekatzen ari dira kultur ekitaldien, aldarrikapen politikoen eta zientziaren dibulgazioan laguntzeko kartelak debekatuta, herritarrek parte-hartze politikorako duten oinarrizko eskubidearen adierazpenak”. Artikuluan gogoratzen du herriaren erdialdean ondorengoak daudela: “Tabakoaren edo edarien errotuluak, haurrek erreferentzi gisa hartzen dituzten emakume maniki erdi-anorexikoak, horrek osasun publikoan duen eraginarekin, alderdi politiko baten logo erraldoia haurrak jolasten diren Iturralde parkearen ondoan, baliabiderik gabeko jendea etxetik botatzen duten bankuen panelak...”. Neurri hau atzera botatzeko eskatuz amaitzen du. “Kaleak espazio komuna dira”.

Bilbo, Donostia, Iruñea, Gasteiz, Zarautz, Soraluze, Portugalete, Errenteria, Pasaia, Eibar, Ordizia, Altsasu edo Bergara dira antzeko ordenantzak onartuta dauzkaten herri batzuk. Borondate politikoaren arabera aplikatzen dela ondoriozta daiteke, herri batzuetan, ordenantza izan arren ez baita aplikatzen, eta beste batzuetan malgu jokatzen den bezala, beste batzuetan zorrotz egiten da. Burlatako kasua azpimarragarria da, 2014an UPNk, PSNk eta PPk jarritako “Mozal ordenantza” atzera bota baitute Burlata Aldatuz eta EH Bilduk, Ezkerraren babesarekin. Beste herri askotan ez da halako ordenantzarik.

Borrokak berrasmatzeko aukera

“Egoera politiko berri honetan, botereak jakin du ohiko protesta moldeen aurrean egokitzen eta manifestazio, kontzentrazio, prentsaurreko eta ohiko kartelen eraginkortasuna txikitu da. Kalearen erabilerari buruzko borroka hau aukera ederra da gure burua birplanteatzeko eta esperimentatzeko”, dio Kalea Guztiona Da-ko Axier Lopezek. “Errazenera jo beharrean, egin dugun guztian saiatu gara bitartekoei eta mezuei beste buelta bat ematen, umorea eta zorroztasuna galdu barik“.

Etika eta estetika kontua dela dio Koldo Landaluzek. “Puntu konkretu batekin, Erribera kaleko horma-irudiarekin, gertatzen ari den guztia azaltzea da gakoa. Ezaba dezatela, berriro egingo dugu”.

Lekeition ere, ohiko protesta moldeetatik harago joateko baliatu dute aukera. “Umorea eta tinkotasuna garrantzitsuak izan ziren, gauzak beste era batera azaltzeko. Ipurdi bistan geratu ziren”, dio Uzuri Aboitizek.

Politika egiteko moduak

“Gure borroka ez da alderdikoia –dio Axier Lopezek Zumaian– eta pedagogia lana egiteko balio behar du, Zumaiatik harago ere erabiltzeko. Leku askotan aplikatu dituzte mozal ordenantzak, eta batzuetan ikuspegi alderdikoitik borrokatu den arren, ez da sortu adierazpen askatasuna eta kale erabileraren aldeko argumentu sendorik”, dio. “Berdin da EAJ ala EH Bildu egon, espazio publikoa eta adierazpen askatasuna lantzen duen inor ez badago, mozal ordenantzen ikuspegi debekuzaleari aurre egiteko argudiorik gabe geratzen dira, baita ustez aurka dauden ezkerreko alderdiak ere”.

“Hor dauden artista batzuek aurretik ez nituen sekula ikusi kalean muralak egiten. Kasualitatez orain hasi dira zumaiarren bihotzak ukitu nahian”, dio Jon Iraola Zumaiak Udaleko zerbitzuetako zinegotziak. Mugimendu honek gaia Erribera kaleko paretara bideratu duen arren, Udala ez dagoela muralen aurka dio eta hauek egindako batzuk “oso politak” direla dio. Mahai gainean duen mural eta graffitien liburua hartuz aipatu du eztabaida hasi zenean enpresa batzuekin harremanetan jarri zirela herrian graffitiak eta muralak egiteko. ARGIAk jakin duenez, ordea, Euskal Herriko graffitigile ezagunetako batek behitzat, herriko polemikaren jakitun, ez zuela parte hartuko erantzun zien. Ekimen hau ere geldituta dago.

“Guk pertsona gisa ditugun askatasun guztiak ez direla mugagabeak. Adierazpen askatasunagatik ezin dizut zuri tiro bat jo, potroetatik ateratzen zaidalako. Denak du aterki bat, eskubide guztiak, non, apur bat, mugatu egiten diren”, dio Iraolak. “Azkenean dena dago arautua bizitza honetan. Gai honi eman behar ez geniokeen beste dimentsio bat ematen ari gara eta iruditzen zait ez genukeela ezta elkarrizketa hau izan behar. Perfektuki asumitua behar luke ezin zarela kaletik joan gauzak idazten. Eta erabat ados gaudela ekimenaren lemarekin: Kalea Guztiona Da. Noski guztiona dela. Horregatik Udalak arautzen du kale hori, guztiona delako. Eta bilatuko dugu kontsentsu maximoa ordenantza hori ateratzeko”. Gaia nora doan galdetuta, ondorengoa erantzun du: “Udalak legegintzaldi honetan ateratzea da helburua, noski. Kalea Guztiona Da-koak gurekin esertzen badira hitz egitera, argituko dugu nora doan gaia. Ez dakit nora goazen. Udal langileek murala ezabatzen jarraituko dute”. Kalea Guztiona Da-ko kideek “Udalaren zurikeria” salatu dute: “Urtebetean bilera bakarra egin dute eta han azaldu ziren herritar guztiek oso kritiko hitz egin zuten Mozal Ordenantzaren aurka. Parte-hartzea eta elkarbizitza hitzak bolo-bolo erabiltzen dituzte, baina urtebetez Zumaian sufritzen ari garen debekuak alderdi bereko lau politikarien artean adostu dituzte”.

Hemen nik agintzen dut da sakonean dagoen logika, kontrol soziala eta egoskorkeria”, haserretzen da Bittor Bengoa. “Sindikalista naiz, legeen erreformen bitartez sindikatuen lana oztopatu dute, eta orain mezuak de facto debekatu dituzte. Ezin duzu zure lana azaleratu, aldarrikapenak, enpresa puntual baten arazoak, despidoak, hildakoak... edozer jartzen duzula hurrengo egunerako kenduta dago. Baimena eskatu behar diozu sindikatu bezala botere politikoari pankarta bat jartzeko –galdetzen du–. Baina zer da hau?”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adierazpen askatasuna
60.000 euroko isuna ezarri diote ‘Indar Gorri’ profilaren kudeatzailari

Sare sozialetan ustezko mezu xenofoboak, gorrotozkoak eta indarkeria bultzatzen dituztenak zabaltzea egotzi diote. Osasunari ere 20.000 euroko isuna ezarri dio Indarkeriaren Aurkako Batzordeak Sadarren jokatutako Bartzelonaren aurkako Ligako partidan ikusleen egonaldia... [+]


Irunen Palestinaren aldeko murala egitea debekatu du udalak

Larreundiko Auzo Elkartea mural bat margotzen hasi zenean "gelditzeko agindua" jaso zuen. Izan ere, udalbatzan onartuta dago Palestina eta Israelen arteko auzian hirian ez dutela posizionamendurik onartuko eta "bakea" irudikatuko dela soilik.


2024-07-17 | Gedar
Bi urteko kartzela-zigorra jarri diote Iturmendiko pertsona bati, sare sozialetako zenbait mezu direla-eta

2.700 euroko isuna ere ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak. Otsailean atxilotu eta inkomunikatu zuten, Twitterreko zenbait argitalpeni lotuta. Manifestazio bat izango da larunbat honetan Iturmendin, errepresioaren kontra eta adierazpen askatasunaren defentsan.


2024-05-03 | Axier Lopez
Oiartzungo Yakovlev 42 musika taldea zigortu nahi du Guardia Zibilak bere abestiengatik

Astelehenean Donostiako Instrukzio Epaitegian deklaratu beharko dute taldeko kideek. "Adierazpen askatasunaren eta askatasun kulturalaren aurkako erasoa" dela salatu dute.


2024-04-29 | ARGIA
Pablo Gonzalez kazetaria aske uztea eskatu dute beste behin Nabarnizen

Apirilaren 28an 42 urte bete ditu Pablo Gonzalezek. Kazetariak 26 hilabete daramatza Poloniako kartzela batean, Errusiaren alde espioi aritu dela egotzita. Gonzalezek idatzitako gutun bat irakurri du Oihana Goirienak. “Hor zaudetela eta ez nagoela bakarrik jakitea... [+]


Fermin Muguruzaren bisita batengatik “terrorismoa goratzea” leporatu diote Valentziako institutu bati

Talde kontserbadore batek salatu du institutua, Muguruza hitzaldi bat ematera gonbidatzeagatik. Bellreguardeko Udaleko zinegotzi ohi batek esan du ez zela hitzaldirik egon. Institutuko zuzendaritza taldeak hilaren 26an deklaratu beharko du guardiako... [+]


Pablo Gonzalez
Inongo frogarik erakutsi barik, bi urte espetxean Polonian

Otsailaren 28an bi urte bete dira Pablo Gonzalez kazetaria Polonian atxilotu zutela. Errusiako espioia izatea leporatu zioten hango zerbitzu sekretuek, baina oraindik ez dute horren froga edo zantzu ñimiñoena erakutsi.


2024-02-01 | Gedar
Black Marfil abeslariaren kontrako zigorra berretsi dute: bi urte eta hilabete bat

Iruñeko abeslaria bere abestietako letrengatik kartzelaratuko dute, besteak beste, udaltzainen kontrako "gorrotoa eta indarkeria" sustatzea leporatuta.


2023-10-30 | ARGIA
Valtònyc rap kantaria Mallorcara itzuli da bost urtez erbestean egon ondoren

Josep Miquel Arenas Beltrán ‘Valtònyc’ rap kantari mallorcarrari hiru urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak bere kantuetan “terrorismoa goratzea” eta Espainiako koroari “irain egitea”... [+]


2023-07-17 | Ilargi Manzanares
Sutan dagoen Ertzaintzaren furgonetaren argazkia “iraingarria” dela dio Jaurlaritzak

Donostiako Groseko jaietan larunbatean antolatu zen grafiti erakusketan sutan zegoen Ertzaintzaren furgonetaren irudia erakutsi zuten, eta Ertzaintza azaldu zen kentzera. Segurtasun sailburu Josu Erkorekak “gorroto eta indarkeria bultzatzen duen irudia” dela adierazi... [+]


146.000 euro ordainduko ditu Gasteizko Udalak kaleko pintaketak saihesteko

Grafitigileak identifikatzea da Gasteizko Udalaren helburua. Horretarako, grafologiaz baliatzen den Orion Analistas enpresa kontratatu du.


2023-06-08 | Ilargi Manzanares
Australiako lehen ministroak Julian Assange askatzeko eskatu du

“Nahikoa da”, esan du Anthony Albanese Australiako lehen ministroak Democracy Now!-ko albistegian, eta eskatu du Julian Assangeren kasua bertan behera uztea. Wikileaks-en fundatzaileak lau urte daramatza Londreseko Belmarsh kartzelan, estradizioaren zain AEBetan... [+]


“Euskal preso politikoak etxeratzeko kartelak balkoi, jai eta plazetan jartzen jarraituko dugu”

Joseba eta Eñaut Alvarez aita-semeak zigortu dituzte San Sebastian egunaren bezperan Plaza Berrian Udaltzaingoarekin izandako talkarengatik. Bakoitzari 750 euroko zigorra ezarri diete, eta ostegunean epaitegian deklaratu dute.


Kargutik kendu dute Osasunako Segurtasun Zuzendaria, ikurrina eta Nafarroako bandera kentzeagatik

Klubeko Zuzendaritza Bartzordeak adierazi du "oso larria" izan zela gertatutakoa. Urtarrilean ikurrina, Nafarroako bandera eta pankarta bat kendu zituen Espainiako Poliziak Sadar futbol zelaian.


Eguneraketa berriak daude