argia.eus
INPRIMATU
Zorroztasun profesionala
Imanol Alvarez 2017ko martxoaren 08a

Badakit jakin, gaurko kazetaritzan, beste esparru askotan bezalaxe, lan prekarioa dela nagusi. Gainera, bizi garen abiadura dela-eta, albisteak arin baino arinago ekoiztu behar izaten dira. Esanikoa gutxi ez balitz, edo behar bada esanikoagatik beragatik, neurri batean bederen, gazte samarrak dira komunikabideetako langile gehienak, eta bizitzaren unibertsitateak oraindik ez die asko irakatsi nonbait. Horiek eta, ziur aski, beste batzuk ere izango dira arrazoiak egun pairatzen dugun zorroztasun profesionalik ezera iritsi izanak izateko.

Prentsa-kontsumitzaile amorratua baino amorratuagoa naiz, paperean zein pantailan edo uhinetan; baina maiz, maizegi, sentitzen naiz amorratua, hitzaren beste esanahian hain zuzen

Egunero, edo ia, aurkitzen dut erdaraz zein euskarazko medioetan aipatzeko moduko adibiderik, aurreko batean aipatu nituen ortografia edota gramatika akatsak kontuan hartu barik ere. Prentsa-kontsumitzaile amorratua baino amorratuagoa naiz, paperean zein pantailan edo uhinetan; baina maiz, maizegi, sentitzen naiz amorratua, hitzaren beste esanahian hain zuzen. Esaterako, duela gutxi nengoen Aragoiko telebista ikusten (esana dut euskaldun atipikoa naizela); halako batean entzun nuen Bilboko Kafe Nerbiónen kantatu omen zuela ez-dakit-nork 1930. urtearen inguruan, eta hor agertu ziren gaur egun Naja eta Maiatzaren Bia kaleen artean dagoen Kafe Nerbión izeneko tabernaren irudi batzuk. Ostatu hori 80ko hamarkadan zabaldu zen, jaun-andreok! Kazetariak aipaturiko lokala Navarra kalean egon zen, eta aspaldian desagertu. Nik ezagutu ere ez nuen ezagutu, eta 60 urte ditut jada. Baina kazetariari bost; kontua zen, hala edo hola, lehenbailehen informazioa editatu eta ematea.

Beste adibide bat. Lehengo astean, medio askoan irakurri/ikusi/entzun nuen Manolita Chen artista ospetsua hil berria zela (esana dut euskaldun atipikoa naizela). Andre hori andrazkoa zen, noski, txinatar batekin ezkondua eta antzoki ibiltari baten jabea urte askotan; baina garai batean transexual  bat egon zen, bera baino nahiko gazteagoa zena, eta haren izena erabili zuena beste antzoki batean nolabaiteko lehian  aritzeko-edo, inolako arrakastarik lortu ez bazuen ere. Bada, kazeta batzuetan irakurri behar izan nuen Manolita Chen transexuala hila zela, azken horren argazkia eta guzti jarrita! Imajina dezakezue nola paratuko zen alaba!

Baina, gehien sumintzen nauena da –gehien jasaten dudana delako, besteak beste– “lehena”, “azkena”, “bakarra” eta horrelako epiteto berez erabat baztertzaileak entzun edo irakurri beharra. Adinak zer edo zer irakasten badigu da ezer gutxi gertatzen dela lehen aldiz, edo inor gutxi izaten dela lehena zerbait egiten. Edo azkena. Edo bakarra. Baina, jakina, gazteek uste izan ohi dute mundua eurekin hasi dela.