Munduan nekazaritza ekologikoa hazten doala, horixe da Nurembergeko (Alemania) BioFach 2017 azokan argitara eman dituzten estatistiken ondorio nagusia. Nekazaritza Organikorako Ikerketa Institutuak (FiBL) eta IFOAM elkarteak urtero ateratzen duten Nekazaritza Ekologikoaren Mundua ikerketa otsailaren 15ean aurkeztu zuten.
Azken urteetako hazkunde joerak jarraitu egin du 2015ean ikerketaren arabera, eta produktu ekologikoen eskaria ez ezik, eskaintzak ere gora egin du. Nekazaritza ekologikoko 50,9 milioi lur hektarea erregistratu zituzten mundu osoan, eta merkatu ekologikoaren hazkundea 80.000 milioi dolarretaraino iritsi zen. Esanguratsuak dira datuok, 1999koekin alderatzen baditugu: 11 milioi lur hektarea zeuden garai hartan ekoizpen ekologikoan, eta 17.900 milioi dolarreko mugimendu ekonomikoak. Hamasei urtetan, beraz, hazkundea nabarmena izan da.
Txostenaren arabera, 2015ean 179 herrialdek zituzten martxan jarduera ekologikoak (aurreko ikerketako 172 herrialderen aldean), eta 2,4 milioi nekazarik ziharduten ekoizpen ekologikoan lanean. Hala ere, eta emaitzen alde positiboari garrantzia kendu gabe, aipagarria da munduko nekazaritza lur guztien %1,1 soilik zirela ekoizpen ekologikokoak. Oraindik egiteko asko dagoenaren seinale.
Espainiako eta Frantziako estatuetako emaitzetan ere islatu da nekazaritza ekologikoaren goranzko joera hori. Espainiako Nekazaritza Ministerioak ateratako datuen arabera, 2015ean ia 2 milioi hektarea hartzen zituzten ekoizpen ekologikoko lurrek estatu osoan. Europako herrialdeen artean lehen postuan zegoen, eta mundu mailako laugarrenean. Frantziako lurren kasuan, 1,4 milioi hektarea ziren ekoizpen ekologikokoak. Produktu ekologikoen kontsumoaz hitz egitean, ordea, datuak bestelakoak dira: etxeetan kontsumitutako elikagaien %2,5 ekologikoak ziren 2014an Frantzian, eta Espainiako kontsumoaren %1,5a.