2017ko martxoaren 10an
Argazkia: Maia Iribarne.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Lehenik bada Donibane Garaziko zitadelako harresi atetik, harri gorrizko karrikari beheiti kabalkadak egiten duen jauste hori. “Herensugea” dantzan. Aspaldiko partez eguzki agertu zen eta diridiratzenago baizik ez zituen Bolant eta Xaindien arropa xuri, xingola hori eta urdinak, papar urrekara eta panpak. Xilintxen klixki-klaska behin baino gehiagotan halakoen lekuko izan diren Arradoiko harriz egin eraikin zaharren artean. Eta buruko bi zaldi horiek: zaldi gotor, ile ilun bezain biziko eta ederrak; haien trosta harri gainean. Kabalkadaren gibeleko beste puntan, zirtzilak, marrumaka, ondotik etorriko denaren iragartzen. Herensugearen buztan herrestaria bazterren inarrosteko prestatzen ari.

 

Igande goiz eguzkitsu eta goxoa zen, aurtengo Zaldun Ihaute eguna, joan den otsailaren 26a, Baxenabarreko hiri nagusian. Kabalkadak, merkatu estaliko plaza hartzen du urratsean eta ikuslea hurbiltzen da nagiki. Laster, osatu da zirkulua, jokorako espazio iduriz naturala. Sartu da lehen zirtzila eta zart! lehen begi kolpean hor da antzerki irudia. Berehala, irria eta ikuslearen irudimena dantzan jartzen duena. Ilezko jaka luze bat, palmak zangoetan eta sudurraren egiteko galtzerdi bat zintzilik. Pirinioetako Desmana, sator sudur luzea sartu zaigu eta gaian gara. “Euskal mendiaz” Eskualdeko Natur Parke bat egin nahi dute, turismoa garatzeko. Sator sudur luze umeak bere lehen urratsak egiten ditu alhapideetan eta hara non, erdiz erdi heldu zaizkion urrats handiz lasterka bi trailer edo mendi lasterkari, animaliatxoa lehertzear baitute. Irudi gutxitan, dena errana da. Galtzerdi bat, palmak eta zirtzilaren gorpuzte jokoa, herri arte-drama horren magia piztua da, horren gose zen ikuslearen gozamenerako. Odin Teatreteko zuzendari Eugenio Barbak bere antzezlan baten aurkezpenean Jerzy Grotowski eta Ludwik Flaszenekin urteak lehenago eraman lanaz hala zioen: “Ikuslearekin eskuzabalak ziren ikuskizunak ziren, formetan aberatsak, ideiaz joriak, erotismo batekin, ahots eta gorputzen edertasun handiarekin: antzerki pobre bat”. Antzerki pobrea edo pobre antzerkia, funtsean, deus gutirekin baina barne metafora landua duen jokalariaren hats eta indarrean apustu egiten duen artedrama, Antton Lukuk hobetsi hitza berriz hartuz.

 

Argazkia: Maia Iribarne.


    Tokiko ala zabalago, gai orotarik bazuten aurtengo Garaziko zirtzilen sei joko zatiek. Elizako sexu abusuak; Mauleko abere hiltegia; mediku batzuek emazteen bularreko minbiziaren aurkako egunentzat muntatu komunikazio kanpaina guztiz patriarkala; eskola publikoko bizpahiru buraso jakobinok euskarazko murgiltze ereduaren aurka azpiz muntatu jukutria; jokoan ari diren zirtzilek berek osatu Garaziko gaztetxeko gazteak, eguna ostatuko terrazan iragaten, den mendreneko xede bat agertu orduko hasi gabe nekatuak direnak: autoderisioa.


    “Bakearen artixotak” ere ekarri zituzten joko eremu erdira. Orburuaren frantsesezko hitza, artisau hitzarekin jokoan aritzeko paradaz baliaturik. Txetx, estrategia guztia pentsatua zuena, operazio guztiaren manatzaile lanetan; Bea-k “deus ez daki! deus ez daki!”. “Berhoko”, barnealdeko laborari herrikoi, sindikatu, fededuna, egin lanaren ordainez Euskal Elkargo berrian EHLGrentzat leku eske. Autoderisioa, hor ere.

 

Argazkia: Maia Iribarne.


    Arte-drama horren indarra horretan da, ere: guhaurren buruaz irri egiteko ematen digun paradan. Urteak ekarri gertakarien aitzinean denek azpi-entzun dutena baina erran gabe utzi, hor, jokoan gorpuztuz, irrirako eta antzerkirako langai paregabea da.


    Garaziko Libertimendua zirtzil eskola bezala ikus daiteke. Aurtengo zirtzil taldeak bazuen krepautetik behar zena, espazioaren kudeatzeko gaitasuna, jokorako hats handia, antzerki irudi parrasta, ikusleari kausitzeko gorputz eta ahots indarra. Hitz batez: mitxa.


    Ausarta zen eta freskagarria. Denek, adostasunik handienean ildo beretik joan behar dugula iduri lukeen garai hauetan, ahots kitzikatzaile baten atzematea neke da. Libertimendua hats hartzeko leku horietarik bat da izpiritu kritikoa kilikatzea laketa zaionarentzat. Bere buruaz irri egiteko gai izan nahi duen jendarte baten aldarria. Parte hartzailea, formatzailea da gainera: umeak egin baititu Garazikoak. Amikuzen lehen, Baigorrin, Baionan... Makeako kabalkadak ere bazukeen eskola horretarik zerbaixka edanik.


    Beti sortzeko mamia dakarren ore herrikoia da libertimendua. Ez, ez da euskal super-produkzio bat; bai, inperfekzioz osatua da; bai, “antzerki pobrea” da. Baina, freskoa da! Libertimendu jarraitzaile bilakatu denak ez ote du hor kausitzen belusezko jarlekuz egin kultura kutxetan hautematen ez duen freskotasuna?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Libertimendua
2024-02-13 | Euskal Irratiak
Oier Araolaza
“Libertimenduak herrietako harremanak erregulatzeko eta egituratzeko tresnak dira”

Nehoiz baino negu epelagoa izanik ere, ihauteek udaberriari dei eginen diote. Ihauterietako asteburu gotorrena heldu da. Irisarrin Donibane Garazin, Donostiako Añorga auzoan edota Iruñean libertimenduak izanen dira, Irurin maskaradak eta Lapurdiko hamaika herritan... [+]


Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz

Libertimendu sasoi betean gara. Hartara, Euskal Herriko hainbat txokotan dantza, musika, antzerkia eta bertsoa uztartzen dituzten joko hauetaz gozatzeko garaia izateaz gain, aste hauek izaten dira momentu aproposena ere disziplina honi buruzko gora-beherei erreparatu eta... [+]


2022-02-22 | ARGIA
Donostiako Añorga auzoan dibertimendua egingo dute otsailaren 26an

Pasa den irailetik ari dira auzotarrak "Añorgako Dibertimendua" itxuratzen eta otsailaren 26an plazaratuko dute. Nafarroa Behereko libertimenduak oinarri hartuta, dantza, antzerkia eta bertso bidez jorratuko dituzte umorez egungo gaiak. Lau dantza sortu dituzte... [+]


2022-02-22 | dantzan.eus
Inauteriak 2022 oinarrizko egutegia

Herri batzuetan urtero moduko inauteriak izango direla adierazi da, beste zenbaitetan moldatu egin dituzte eta beste batzuetan bertan behera gelditu dira inauteriak. Sarrera honetan beste urteetan ospatu izan diren errituak zerrendatu ditugu, baina horrek ez du esan nahi aurten... [+]


2022-02-08 | ARGIA
Igande honetan Libertimenduak Donapaleuko kaleak hartuko ditu

Otsailaren 6an Bidarraiko plaza hartu ostean, Donapaleun ospatuko da igande honetan Amikuzeko Libertimendua.


2022-02-02 | dantzan.eus
Dantzariak zirtzilen plazak hartzera datoz, badatoz libertimenduak

Neguan jaun eta jabe izan dira zirtzilak, baina udaberria hurbiltzen ari den bezala dantzariak agertuko dira plazetan. Aurrez aurre edo elkarrekin izango dira Euskal Herriko zenbait plazetan antolatu diren libertimenduetan dantzariak, zirtzilak eta bertsolariak. Dantza,... [+]


Donibane Garazi, Irisarri eta Iruñea izango dira hurrengoak Libertimenduak egiten

Luhuson eman zioten hasiera Libertimenduen garaiari, joan den otsailaren 9an. Atzo, otsailaren 16an egin zuten bigarrena, Amikuzen. Otsailaren 23an Donibane Garazi, Irisarri eta Iruñean du hitzordua Libertimenduak. Azkenik, martxoaren 1ean emango diote amaiera, Esnazun.


2020-02-06 | ARGIA
Libertimenduaren garaiari asteburu honetan emanen diote hasiera

Luhuson eginen dute aurtengo lehen libertimendua igande honetan. Ondotik, Amikuzeko, Garaziko, Irisarriko eta Esnazuko gazteek ere dute hitzordu hori biziaraziko. Iruñean ere errepikatuko dute hitzordua aurten ere.


Eguneraketa berriak daude