argia.eus
INPRIMATU
Preskribatu ezin duen estatu sarraskia
  • 41 urte bete dira Gasteizen polizia frankistak tirokatuta langileak sarraskitu zituztela grebalarien asanblada batean.

Juan Mari Arregi 2017ko otsailaren 28a

41 urte bete inpunitate, oraindik ez baitira erantzukizun penal eta politikoak argitu bost lagun hil eta hamarnaka zauritu zituen krimen haren inguruan. Halako sarraski batek ez luke inoiz preskribatu behar, baina hala ere judizialki artxibaturik gera daiteke.

Langileek eta Euskal Herriko mugimendu sozialek, hala nola senide eta lagunek, ez dute injustizia hori onartuko. Hain zuzen, Frankismoaren krimenen kontrako euskal plataformak salatu du Gasteizko epaitegi batek 1976ko martxoaren 3ko gertaerak preskribatutzat eman dituela. Martxoaren 2an Arabako hiriburuaren epaitegi aurrean elkarretaratu dira “justizia” aldarrikatzeko.

Ebazpen judizialaren arabera, masakre hura ezin omen da tipifikatu gizateriaren kontrako delitu gisa. Frankismoaren krimenen kontrako plataformaren ustez, baina, argudio hori nazioarteko legalitatearen kontrakoa da. Jokabide judizial horrek erakusten du Espainiako Gobernuaren eta justiziaren borondate eza nazioarteko legalitatea errespetatzeko. Frankismoan krimenak egin zituztenen inpunitatea betierekotu nahi dute. Langile eta herritarren oroimenean iltzatuta daude Fraga, Martin Villa eta beste izen batzuk.

Euskal erakundeek, sindikatuek, alderdi politikoek eta mugimendu sozialek indarrak batu beharko lituzkete inpunitate hori luzatzea eragozteko. 1976ko gertaerak baditu arduradun politiko eta pertsonalak. Eta Espainiako Gobernuak badaki hori. Gasteizen izandako estatu-sarraskiak ezin du preskribatu, eta justiziak ez luke krimena estali behar.