argia.eus
INPRIMATU
Piku-hostoa
  • Udako oporrak antolatzeko beste proposamen batekin nator. Ekainetik irail erdira arteko tarte horretan goza daitekeen aukera bat. Mediterraneoaren ekialdeko bazterrean, Ekialde Hurbila deitzen dugun horretan, duela 2.000 urte inguru ziren landareen bilduma bat ezagutzeko aukera. 

Jakoba Errekondo 2017ko otsailaren 28a
Rodef Shalom Biblical Botanical Garden, Pennsylvanian (AEB). (Arg.: Daderot)
Rodef Shalom Biblical Botanical Garden, Pennsylvanian (AEB). (Arg.: Daderot)

Garai hartako jendearen eta herrien historiaren berri izan eta nolako bizimodua zuten erakusten du landaretegi honek: elikadura, osasuna, espiritualitatea eta errituak... Baita janzkera ere, adibidez, larrubizi ez azaltzeko pikosto batez nola estaltzen ziren.

Liburu baten aipamenei jarraituz eraiki zuten, eta orduko ehundik gora landare aurki daitezke bertan. Tartean dira ezagun zaizkigun olibondoa (Olea europaea), mahatsa (Vitis vinifera), pikondoa (Ficus carica), mingranondoa (Punica granatum), datilondoa (Phoenix dactylifera), papiroa (Cyperus papyrus), ostargi-belar arrunta (Iris germanica), igebelarra (Nymphaea sp.), hemerokalisa (Hemerocallis sp.) etab. Badira ere ustez galduta zeuden landareak mirakuluz-edo berreskuratu dituztenak, kaparrondo bat (Capparis spinosa) adibidez. Landare bakoitzak bere etiketan ditu izen zientifikoa, aipatutako liburuan dakarren izena eta liburuko zein ataletan aipatzen den.  

Liburua, pentsatuko duzun bezala, Bibliako Itun Zaharra da. Landaretegia Rodef Shalom Biblical Botanical Garden da, eta Ameriketako Estatu Batuetan dago, Pennsylvaniako Pittsburghen. Sarrera doakoa da, baina dohaintzak eskertzen dira.