argia.eus
INPRIMATU
Euskararen Egia
Zigor Etxeburua Urbizu @ZEtxeburua 2017ko otsailaren 28a

Errealitate paraleloen garaian bizi gara, teknologia digitaleko gailu berriek birtuala eskura jarri digute. Berria ez dena da errealitatea mozorrotzeko agintariek izan duten eta berresten duten irrika. Horren erakusle euskal oasia hitzetik hortzera izatea teleberriek, egunero. Bada, orain, hizkuntzaren alegiazko errealitatea eraiki nahi digute, handik eta hemendik.

Euskara, insatisfakzio batzuk gorabehera, duin omen dabil hizkuntzen txapelketan. Izango da ez ditudala betaurreko egokiak jantzi, eta ezagutzen nauenak badaki, satorraren bidetik noanez, betaurrekoak erabili erabiltzen ditudala, baina ez dut hori ikusten nire egunerokoan. Nik ere nahi dut asebeteko nauen egia ofizial hori ikusi. Areago, errealitate hori bizi nahi dut, zer arraio!

Ordea, hain dira monumentalak euskararen errealitate instituzionalaren defektuak! Osakidetzak kanpaina eragingarria abiatu du, euskaldunok euskara hauta dezagun erakundearekiko harremanetarako hizkuntza gisa. Hori bera egingo balute administrazio guztiek! Baina (bai, ezin pasa bainarik gabe) zer bururatuko, gaztelania hautatzeko deia duten oihaltzarrak eskegitzea besterik. Tira, anekdota hutsa izango ahal da! Aitzitik, anekdota baino gaiztakeria da bizirauteko kinka batean diren euskarazko hedabide nazionalei duintasuna eta erreferentzialtasuna ekarriko liekeen publizitate instituzionaletik apurrak besterik ez ematea, eta justiziaz zor zaizkien laguntzak izoztea, bide batez Eguna itxi zutenen bandokoa den egunkariari diru sail galanta oparituz.  

Defektuen artean elefanterik bada, hori Napartheida inposatzen duen Vascuencearen Legea da. Hortxe dakusagu pertsonen aurkako legea, egongelaren erdian, oraindik, “aldaketaren indarrek” gehiengoa lortu eta bi urtera. Egia ofizialak esan digu Vascuencearen Legeak ahalbidetzen duela euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzea! #daflipat: Ez da hain egia izango, lege hori beste tresnarik eskura ez eta, demokraziaren aurkako legea ordezkatu bitartean, eremu mistora pasatzeko eskari ulergarria egin baitute hainbat udalek. Eskari horri erantzunez, legea moldatuko du Nafarroan agintea duen laukoak, eskualde mistoa herri gehiagotara zabaltzeko. Baina aukera eskutik izanik ere, ez dirudi nafarren arteko bereizkeria inposatzen duen Vascuencearen Legea baztertu eta euskaldunoi duintasuna itzuliko digun legea egingo dutenik, laukoteko bi alderdik horixe eskatu arren.

Gauzak horrela, errealitatea euskararen Egiaren betaurrekoetatik begiratu eta ekiten jarraitzea dagokigu. Konfiantza herritarrengan jarriz, beti bezala.