Cañaveral lurmuturra (AEB), 1962ko otsailaren 20a. Mercury-Atlas-6 suziria jaurti zuten espaziora, John Glenn astronauta Friendship 7 kapsularen barruan zeramana. Lurraren inguruan hiru orbita egin zituen eta, hala, balentria lortzen zuen lehen estatubatuarra izan zen; Yuri Gagarin eta Gherman Titov sobietarrek aurreko urtean lortu zuten.
Hidden Figures filmak kontatu berri digu hainbat emakume beltzen kalkuluak funtsezkoak izan zirela misioaren arrakastan. Baina ez ziren espazioko lehian ezkutuan aritutako emakume bakarrak izan. NASA 1959an hasi zen zazpi gizonezko trebatzen astronauta izateko; Mercury Seven esan zieten. Baina programako ikerlari William Randolph Lovelace II.ak pentsatu zuen emakumeak egokiagoak izan zitezkeela espaziora joateko: txikiagoak eta arinagoak izanik, erregai gutxiago beharko zen haiek espaziora bidaltzeko; espazioan egonaldi luzeak ere aurreikusten zituzten, eta emakumeek gutxiago jan ohi dute.
Hala, FLAT (Lehen Emakumezko Astronauta Trebatuak) programa jarri zen abian, estraofizialki (gerora Mercury 13 esan zitzaien, baina ez ziren sekula NASAko Mercury programaren parte izan). Hegaldietan 1.000 ordutik gorako esperientzia zuten hogei emakumezko piloturi egin zizkieten zazpi gizonezkoei egindako proba berak eta hamahiruk gainditu zituzten: Myrtle Cagle, Jerrie Cobb, Janet Dietrich, Marion Dietrich, Wally Funk, Sarah Gorelick, Jane Ja-ney Hart, Jean Hixson, Rhea Hurrle, Gene Nora Stumbough, Irene Leverton, Jerri Sloan eta Bernice Steadman.
1962ko uztailean emakumeok Mercury programan ofizialki sartzeko eskaera egin zuten. Erantzuna NASAko ordezkari George Low-ek eta John Glenn eta Scott Carpenter astronautek eman zuten agerraldi batean: emakumeek ez zituzten astronauta izateko derrigorrezko baldintzak betetzen. Ingeniaritza titulua eta jet militarretako pilotu gradua behar zuten, baina garai hartan emakumeek debekatuta zeukaten Aire Armadako eskoletan ikastea, eta hegaldi zibiletako esperientziak ez zien ezertarako balio izan.
John Glennek berak esan zuen: “Eremu honetan emakumerik ez izatea gure ordena sozialaren ispilu da”. Eta ingeniaritza titulurik izan gabe ere, bera programan onartu zutela aitortu zuen. Hurrengo urtean Valentina Tereshkova sobietarra izan zen espaziora joan zen lehen emakumea.