argia.eus
INPRIMATU
CETAren zati handi bat indarrean sar liteke jada
  • Ez zen ustekabekorik izan eta Europako Legebiltzarrak Kanada eta EBren arteko CETA hitzarmenaren alde bozkatu zuen otsailaren 15ean, Estrasburgon egindako saioan. 408 diputatuk eman zuten aldeko botoa, 254k aurkakoa, eta 33 abstentzio izan ziren.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko otsailaren 22a

Kanpoko aldean, ekintza ikusgarria egin zuten itunaren aurkariek: lurrean etzanda, euren gainetik igarotzera behartu zituzten legebiltzarreko saiora zihoazen parlamentariak, “CETA onartzea herritarrak zapaltzea dela” irudikatzeko.

Behin Eurolegebiltzarrak onartuta, Batasuneko estatu guztiek –zehazki, haien parlamentuek– banan-banan onespena ematea da hitzarmena indarrean guztiz sartzeko hurrengo eta azken urratsa. Prozesu horrek luze joko du, baina hala ere, EBri bakarrik dagozkion eskumenekin zerikusia duten parteak –CETAren zati handi bat, beraz– aplikatzen has litezke jada.

Europako Batzordearen hasierako asmoa izan zen Eurolegebiltzarraren onespena nahikoa izatea CETA indarrean sartzeko, baina hainbat estatutatik iritsitako presio politikoak zirela-eta amore eman behar izan zuen iazko udazkenean. Hala ere, Cecilia Malmström batzordeko Merkataritza komisarioak erdibide bat lortu zuen: Legebiltzarraren aldeko botoa aski izatea itunaren zati batzuk behin-behinean indarrean sartzeko. Datozen hilabeteetan ikusiko da nola gauzatzen den hori.