argia.eus
INPRIMATU
Bizkaitar ardurak
Ramon Etxezarreta @retxezarreta 2017ko otsailaren 22a

Bistakoak egiten zaizkit lurraldeen artean gauzak egiteko, erabaki instituzionalak gauzatzeko nagusiki, egon daitezkeen moduen arteko ezberdintasunak. Urrutiegi joatea litzateke, batzuk eta besteak halakoak edo bestelakoak direla hortik ondorioztatzea. Amorragarri egiten zait gero eta barneratuago dauzkagun horrelako bereizketak egitea.

Batzuek bistakoak diruditen arren zaila zait lurralde guztietako moduen ezberdintasunak zerrendatzea. Elkarren artean ditugun ezberdintasunen multzoa sistematizatuko lukeenik egongo bada ere kaosetik ezerezera eramango gintuzkeen bufada bat besterik ez litzateke hori.

Errazagoa da elkarrekin partekatzen dugun eta berdintzen gaituen elementuen zerrenda batekin hastea, laburra bezala luzea. Hori litzateke herritar oso bilakarazten gaituen elementuetako bat, berdintasun hori litzateke komunitatea nazio bilakatzen laguntzen diguna. Hor dago euskara, mendeetako aglutinatzaile historikoa izan duguna eta azken hamarkadetan, gure historiako batasun politiko eta administratibo mailarik handienaren garaietan, funtsezko motorea eta arima, orain artean zatiezina dena.

Euskara batuak aitortu eta eman digu herritartasuna, bera gabe erreka jota leudeke egun prestigio harrigarria eskuratu duten gure hizkerak eta euskalkiak

Euskara batuak aitortu eta eman digu herritartasuna, bera gabe erreka jota leudeke egun prestigio harrigarria eskuratu duten gure hizkerak eta euskalkiak. Oroimen historiko gauzatu eta berreskura ezin bat besterik ez lirateke, inkulturaren lekukotasun urri eta negargarri baten adierazleak. Horregatik urduri jartzen naute ez hanka, ez buru eta ez arau duten euskalkiak idazteko saioek. Hizkuntzalaritzan aspaldi asmatuak egonik horrelakoak idatzira transkribatzeko tresnak, ez dakit ignorantziatik abiatutako saioak diren ala ignorantziara eramaten gaituztenak.

Enpeinu guztiz kezkagarria da instituzioetatik edo ardura publikodun, direla politikoak bezala beste edozein eitetakoak, pertsonengandik datorrenean. Bizkaiera izan nahi duen hizkera modu ugaritu eta hedatu horrek beldurtzen nau, ez baitakit jatortasun faltsu batez harago zer demonio adieraztera datorren. Zergatik? Zer arau ezkutugatik, ordezkari politiko bizkaitarrek, Lehendakaria eta Erkoreka jaunaren jardun ohoragarriak salbu, dabe-ka, deutsu-ka edo dinoe-ka aritu behar zaizkigun. Batzuek gainera, inoiz berea izan ez duten hizkera errekuperatzeko keinua eginaz.

Sailburuak esan du bizkaitar baten esku jarri duela oraindaino beti gipuzkoarra izan den hizkuntza politikaren ardura. Onartuko nioke argudioa izendapena bizkaitarkeria linguistiko horrekin kritiko izateko bada. Neure garaian alderdiko aginte bizkainoek egin zezaketen txikizioaren beldur isildu egin banintz ere, etxean esan, jan edo ekarri debe esaten jarraitzeko asmoa galdu ez badugu ere.