argia.eus
INPRIMATU
Lemoiz ez, Garoña ere ez
  • Euskal Herritik oso gertu dagoen Garoñako zentral nuklearraren egungo egoerak Lemoiz ixtearen alde izan ziren mobilizazio urteetara garamatza.

Juan Mari Arregi 2017ko otsailaren 16a

Helburu hura lortu zen azkenean. Basordako kalan jarraitzen du zementuzko munstroak deseraiki gabe, eta erokeria nuklear hura erantzukizun faltaren eta ilegaltasunaren testigu isila da orain.

Garoñako zentrala 1971n jarri zen martxan eta 2011n bete zituen 40 urte. Orain PPren Gobernuaren erabakiaren zain dago, bere bizitza gutxienez 2031 arte luzatzeko. Espainiako Parlamentuan oposizioko alderdiak berrirekitzearen aurka azaldu dira. Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarrak, batzar nagusiek eta euskal jendarteak oro har, asmo horren kontrako iritzia erakutsi du. Eta gobernu demokratiko batek herritarren borondatea bere egin beharko luke. Baina esperientziak esaten digu gobernu askok –orain espainiarrak bezala– ez duela hori errespetatzen.

Garoñak sortzen duen mehatxu nuklearraren aurrean, nahitaezkoa litzateke, adostasun antinuklear zabala daukagun Euskal Herrian, mobilizazio handi bat josten hastea. Gobernuak, Parlamentuak eta euskal erakundeek esaten badute Garoña berriz zabaltzearen aurka daudela, jar daitezela manifestazio horren buruan. Duela urte mordo bat lortu genuen mobilizazioekin Lemoiz erabat gelditzea, orain gauza bera lortu dezakegu Garoñarekin, ez baita Burgosko kontu bat, Euskal Herriari ere bete-betean eragiten dio. Espainiako Estatu barruko beste herrialdeetako antinuklearrentzat elkartasun ikur ere izan daiteke –Frantziako Estatuko zentralak ere hor ditugu, ez ahaztu–, Garoña gelditzea aurrekari ona izan baitaiteke Almaraz, Ascó Cofrentes, Vandellós II eta Trilloko zentralak ixteko.