argia.eus
INPRIMATU
Laia Sanz. Dakarreko emakumea
“Askok uste dute gizon bat gurpil gainean gizonagoa dela, eta emakumea mari-mutila”
  • Laia Sanz (1985, Corbera, Herrialde Katalanak) Dakar Rallya aldi gehienetan amaitu duen emakumea da. Zazpi ediziotan parte hartu du eta guztietan bete du helmugara iristeko erronka. Ez hori bakarrik, azken lau urteetan lehen hogeien artean sailkatu da. Baina motoziklismoaz aparte, lasterketa esanguratsua egiten ari da berdintasunaren bidean ere.  

Saioa Baleztena @Saioabaleztena 2017ko otsailaren 15a
“Markek gero eta interes handiagoa dute emakumeenganako, baina gizonezkoen abantailetatik urrun gaude oraindik. 
Ekonomikoki ere haien soldaten oso azpitik gaude, lehiaketa berean aritu eta palmares hobea izan arren”. (Arg.: KTM)
“Markek gero eta interes handiagoa dute emakumeenganako, baina gizonezkoen abantailetatik urrun gaude oraindik. Ekonomikoki ere haien soldaten oso azpitik gaude, lehiaketa berean aritu eta palmares hobea izan arren”. (Arg.: KTM)

Aurten egin duzu zure zazpigarren Dakar Rallya, eta zazpiak amaitu dituzu. Emaitzekin pozik?

Dakarra amaitze hutsa soilik bada sekulako erronka. Beraz, harro nago nire lanaz. Azken lau urteetako emaitzak baino, garrantzitsuena da eraginkorra izan naizela beti. Badaude hainbat eta hainbat pilotu, gainontzeko lasterketetan emaitza izugarriak lortu arren, Dakarra bukatzeko gai ez direnak. Gidatze irmoa egiten dut, gehiegi arriskatu gabe, zoritxarrez faktore gehiegik bihurtzen baitute bereziki zail lasterketa hau bukatzea.

Proba gogorra da, motoziklismoko gogorrena. Zenbateraino da obsesioa kirol honetara bultzatzen zaituztena?

Tira, ez dut uste alde horretatik gainontzeko kiroletatik bereizten denik. Kanpotik hala eman dezake, baina ongi prestatuz gero ez du zertan hala izan. Argi dagoena da lasterketa bereziki gogorra dela, eta fisikoki zein emozionalki sekulako lana egin behar dela Dakarrak berezkoa duen krudelkeriari aurre egin ahal izateko.    

Maiz erran izan duzu heriotza gertu izaten duzuela Dakarrean. Nolatan arriskua hurbil sentitu nahi izate hori?

Argi dago ez dugula heriotzatik gertu egon nahi. Baina tira, zerbait on izango du Dakarrak, pilotu guztiek, arriskuak arrisku, itzultzeko desioari eusten badiogu urtetik urtera. Ziurrenik kanpotik zaila da ulertzea. Besterik gabe magikoa da, eta halako ondorioak ekiditeko gakoa da, nire kasuan, gehiegi ez arriskatzea, erorketarik tontoenean ere ondorioak latzak baitira.  

Emakumezkoen motoziklismoaren ikurra zara, emakumeen mailarik ez zegoenean hasitakoa. Zein eragin izan du horrek?

Txikia nintzenean, neska bakarra nintzenez, mutilen mailan jardutea beste modurik ez nuen lasterketetan parte hartzeko. Baina gustura aritzen nintzen. Noski, konturatu gabe, berez nuena baino maila altuagoan lehiatzera ohitu nintzen. Geroz eta argiago dut nire palmaresa gaur ez litzatekeela berdina izango nesken mailan lehiatu izan banintz beti.   

(Arg.: Florent Gooden)

Emakumeen mailarik ez izateak ez al ditu estigmak indartu? 

Hein batean bai. Erabat kulturala da, eta gauzak aldatzen ari diren arren, denbora behar da. Motoziklismoari beti aitortu izan zaio gizonezkoen partaidetza. Askok uste dute gizon bat gurpil gainean gizonagoa dela, eta emakumeak aldiz mari-mutilak. Halakoak mila bider entzun ditut. Baina bizitzako alor guztietan bezala, emakumeok lortzen ari gara kirol honetan merezi dugun protagonismoa. Bide luzea dugu aurretik baina zorionez gauzak aldatzen ari dira.

Ez ote gaude, hala ere, berdintasunetik urrunegi oraindik? 

Bai, zalantzarik gabe. Egia da, esate baterako, markek geroz eta interes handiagoa agertzen dutela emakumeenganako, baina gizonezkoek dituzten abantailetatik urruti gaude oraindik. Ekonomikoki ere gizonezkoen soldaten oso azpitik gaude, lehiaketa berean aritu eta palmares hobea izan arren. 

Zaila izan da zuretzat bidea irekitzea? 

Lan handia egin dut iritsi naizen tokira iristeko, eta zorionez, nire pasiotik bizi naiteke gaur egun, beraz ez naiz kexatuko. Baina bidean jende asko gelditzen da, gure kontrako zailtasunak nekagarriak direlako. Hala ere, esan bezala, geroz eta errazagoa da, gaur egun federazioen eta marken diru-laguntzak ere badaude. Ni hasi nintzenean ez zegoen halakorik.

Nolakoa da pilotuen arteko harremana? Emakumea izateagatik arazorik izan duzu sekula? 

Argi dago, zer esango dizut... Askorentzat hau gizonezkoen kirola da. Noski, denetatik dago, batzuek ezin hobeto zaindu naute. Babestuta sentitu izan naiz maiz eta lagun onak ditut motoziklismoaren familian. Baina, zoritxarrez, egoera desatseginak sarri izaten dira. Tokiz kanpoko jarrerak ohikoak dira, pilotuetatik hasi eta taldeetako nagusietara iritsi arte. Matxismoa gizartean nagusi bada, motoziklismoan gehiago. 

Nola ekidin daitezke halako egoerak?

Nik erasoak motibazio bihurtzen ditut. Azken batean, nire palmaresa ahoak ixteko baliabiderik indartsuena da. Jarrera desegokiak sarri inbidiak eragiten ditu, alegia nire palmaresak, kasu honetan. Beraz, gauzak ezin hobeto egiten ari naizen seinale. Egia da hasi nintzenean asko eragiten zidala jendearen erantzunak, baina gaur egun ez nau larritzen.

Urtarrilaren 5ean haserre amaitu zenuen lasterketa. Bidean erdi galdu zinen eta kide bati laguntza eskatu zenionean gezurra erran zizun, despistatzeko asmoz. Kirol hau ez ote da gainontzekoak baino krudelagoa?

Gertakari hori ezustekoa izan zen. Kirol honek zerbait badu, pilotuen arteko elkartasuna da. Batez ere Dakar Rallyan. Izan ere, lasterketaren gogortasunak erakutsi du, urtez urte, egun batean agian nik beharko dudala laguntza baina hurrengoan aldamenekoak beharko duela. Horregatik, urtarrilaren 5ekoak min handia eman zidan. Ez galdu nuen denboragatik, baizik eta kirol-legerik  gabeko jarreragatik.                                

Gurpil gainean

“Gogoratzen dut txikitan amets egiten nuela Dakar Rallyan parte hartzearekin. Argi nuen hori izango zela nire ibilbideko erronkarik handiena, eta gerora egiaztatu dut. Dakarra lasterketarik biziena da eta bi aste diren arren, han gaudenean hiru hilabete igarotzen diren sentsazioa izaten dugu. Emozioak berpizten zaizkigu. Eta sentsazio hori izan da niretzat aurkikuntzarik handiena. Gogoratzen dut lehen Dakarraren azken hamabost egunetan isuri nituela ordura arte gordeta izan nituen malko guztiak”.