argia.eus
INPRIMATU
Konfuzioren azak
  • Aurtengo hau aza jendearen urtea izendatu dutela baliatuz, azapologia egiten jarraituko dut. Europako kostalde osoan, mediterranear eremuan eta Asian topa daitezke aza jendearen arbaso basak. Milaka urte daramatzagu aza horietatik jaten. Jan aurretik, agidanean, botika gisa erabiltzen ziren, gorreria, beherakoa eta buruko mina osatzeko. Jateko etxekotu, landu eta hobetutako aldaeren artean, mota askotako azatarrak bereizi ditugu, kultura askotan garrantzi handikoak, baratze eta soroetan etengabeko aukeraketa eginez. 

Jakoba Errekondo 2017ko otsailaren 15a
Argazkian, azak. Horixe esan nahi latinezko ‘Brassica’ hitzak: aza. Izen bereko generoaren barruan badira bestelakoak ordea. (Arg.: Jakoba Errekondo)
Argazkian, azak. Horixe esan nahi latinezko ‘Brassica’ hitzak: aza. Izen bereko generoaren barruan badira bestelakoak ordea. (Arg.: Jakoba Errekondo)

Brassica generoak biltzen ditu azatarrak. Brassica hitzak, latinez, “aza” esan nahi du; guretzat, alabaina, genero horretako guztiak ez dira azak. Botanikarien artean ere zikulu-saltsa ederra dago sailkatze eta izendatze lanetan... Saltsan edo gabe guk jaten jarraituko dugu, gustura asko! Jaten diogun atalaren arabera, aukeraketa eginez sortu dira aldaerak: sustraiagatik eta zortenagatik bereizi ditugunak (errefau-aza Brassica oleracea var. gongylodes, arbi-aza Brassica napus subsp. rapifera eta arbia Brassica rapa var. rapa), hostoa nagusi dutenak (galego aza Brassica oleracea var. longata, kalea Brassica oleracea var. acephala, aza txinatarra Brassica rapa var. chinensis, mizuna japoniarra Brassica juncea var. japonica eta aza kizkurra Brassica oleracea var. sabellica), loreagatik hautatutakoak (azalorea Brassica oleracea var. botrytis, brokolia Brassica oleracea var. italyca eta romaneskua Brassica oleracea convar. botrytis var. botrytis), ernamuinak hobetsi dizkiegunak (brusela aza Brassica oleracea var. gemmifera, aza Brassica oleracea var. capitata, lonbarda Brassica oleracea convar. capitata var. rubra) eta haziaren bila aukeratu ditugunak bai jateko (ziapeak, Indiakoa Brassica juncea, beltza Brassica nigra eta Etiopiakoa Brassica carinata) eta bai oliotarako ere (koltza Brassica napus). Era berean, ez dauzkagu ipularrean uzteko beste genero batzuetako bestengusu dituzten errefautxoa (Raphanus raphanistrum subsp. sativus) eta Sinapis alba ziape zuria ere... Horiek ere janez aukeratu eta bereiziak eta geure bizitza hobetu dutenak.

Konfuziok, duela 2.495 urte hil aurretik, ehunka olerki eta abesti idatzi zituen garai hartako bizimodua azalduz. Nekazaritza aipagai du, baita orduko berrogeitaka jaki ere; tartean, aza. Gaur egun gai horiei buruz, azaburuz-eta, idatziko luketen letragileak beharresten ditut.