argia.eus
INPRIMATU
Kalejira biziak
Joxi Ubeda Goikoetxea 2017ko otsailaren 15a
Berriozar. Bonberenea Txaranga. Bonberenea Ekintzak, 2017

Bonberenea Txarangak Tolosako inauterietako betiko lau txaranga pieza jotzen ditu bere lan berrian, imajinazio handiarekin, grinarekin, gatzarekin eta piperrarekin, ohi duen bezala, eta jai-giroa eta alaitasuna oso ongi transmititzen du. Burundiana, Galtzaundi, Peillo zili zili eta Baraceko pikua dira lau piezak, kalejiran ibiltzeko aproposak. Hamar hazbeteko binilozko disko batean eta CD batean entzun daitezke, biak ala biak baitaude Berriozar lanaren karpetaren barruan.

Bonberenea Txaranga ez da ohiko txaranga bat. Musikariak gazteak dira, bihurriak, eta trebeak. Ongi sinkronizatuta jotzen dute. Beren kantuak konposatzen dituzte, eta rock talde ezagunen bertsioak ere egiten dituzte. Disko berrian, beren ukitu bereziarekin interpretatu eta berritu dituzte inauterietako abesti batzuk. Doinuetan, besteak beste, jazz, flamenko eta musika garaikide aireak antzeman daitezke ohiko txaranga doinuekin eta erritmoekin uztartuta.

Grabazio saioetan, musikari hauen laguntza izan dute: Natalia Garmendia eta Elsa Nguema (ahotsak), Iker Pando (gitarra) eta Aritz Jupur (sintetizadorea). Karlos Osinaga arduratu da grabazioaz eta nahasketez, eta Jonan Ordorika masterizazioaz. Ekoizpena ederki egin dute. Halaber, diseinu lana ere aipagarria da, ikusgarria. Jon Arruabarrenak eta Imanol Urizarrek egin dute. Zaharra eta berria nahastu dute, oso umore onarekin.

Bonberenea Txaranga duela hamalau urte sortu zen. Berriozar bere bosgarren diskoa da, eta Bonberenea etxearen 20. urteurrena ospatzeko plazaratu du. Bere aurreko diskoak dira Bihar ez da gaur (2014), Pirritx, Porrotx eta Marimotots & Bonberenea Txaranga (2011), Rocka ta urrezko komona (2008) eta Bonberenea Txaranga (2005). Pirritx, Porrotx eta Marimotots & Bonberenea Txaranga lanean CDaz gain DVD bat ere badago, eta beste DVD bat ere kalean badu, Bonberenea Txaranga 2003-2013 Etxean, zuzenean! (2013), 10 urte bete zituenean osatu zuena. Bonberenea Ekintzak zigiluarekin argitaratu ditu lan horiek guztiak. n