argia.eus
INPRIMATU
Txerri hitza iraina ez denean
  • Jerusalem, 1161eko uda. Amalariko I.a errege kristauaren seme Balduin jaio zen. Lehen gurutzadan kristauek konkistatu eta gero, musulmanen lurraldearen bihotzean, Jerusalemgo Erresuma ez zen toki baketsua, are gutxiago Amalarikok musulmanen aurka izandako jarrera erasokorraren ondoren. Balduin aitaren koroa janzteko hezi zuten, guduetan gurutzatuen buru izateko, gotorlekuak altxatzeko, setioei eusteko eta intriga politikoei aurre egiteko. Gerora Jerusalemgo kantziler izango zen Gilen Tirokoa arduratu zen printzearen hezkuntzaz. Eta Gilen izan zen Balduin gaixorik zegoela konturatzen lehena; gorteko medikuek baino lehen, oinordekoak 9 urte zituela, ikusi zuen legenarra zuela.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2017ko otsailaren 07a
Jerusalemgo Balduin IV.a erregea ‘Zeruetako erresuma’ (2005) filmean. (Arg.: Scott Free productions)
Jerusalemgo Balduin IV.a erregea ‘Zeruetako erresuma’ (2005) filmean. (Arg.: Scott Free productions)

Berehala hilko zela esan nahi zuen horrek XII. mendean. Gainera, gorputzeko gaitza izateaz gain, legenarra arimaren gaixotasuntzat ere jotzen zuten, gaixoak eta haren aurrekoek egindako bekatuen zigortzat. Amalariko aita mutikoak 13 urte zituela hil zen, eta Balduin IV.a Jerusalmengo seigarren errege izendatu zuten, erregeordetzaren babesean. Inork ez zuen uste tronuan luze eseriko zenik, eta errege gaixoa ordezkatzeko hautagaiei jaramon gehiago egin zieten gortean, etorkizun hurbileko trikimailu politikoetan ondo kokatuta egoteko. Oker zeuden. Handik bi urtera, 15 urterekin, Balduin IV.a adin nagusitasunera iritsi zen eta boterea eskuratu zuen.

Saladino ere oker zegoen. Sultan handiak errege gaztea gutxietsi zuen. 27.000 mamelukoz osatutako armadaren buru, Jerusalemi eraso zion. Baina Balduinek 375 gurutzatu eta 4.000 soldaduko infanteria bildu zituen, Saladinori atzetik eraso zion eta sultan handia mendean hartu zuen Montsigardeko guduan. Saladinok beste hogei urte beharko zituen hiria konkistatzeko.

Balduin IV.a lehenago hil zen, 1185eko martxoaren 16an, 24 urte zituela, itsua eta oinak eta eskuak mutilatuta. Aurpegia erabat desitxuratuta zeukan eta zilarrezko maskara bat erabili zuen azken urteetan. Horregatik esaten zioten “errege txerria”, eta “legenduna” edo “madarikatua”. Baina ez zentzu peioratiboan. Balduin ez zen agintari oldarkorra izan, integratzailea baizik. Ibn Yubair geografo andalustarrak bere kroniketan jaso zuenez, musulmanak seguru eta bakean bizi ziren haren agindupean. Eta Isapahango imamak hitz hauek eskaini zizkion: “Gazte legendun hark bere agintea errespetatuarazi zuen printze handien moduan, Davidek eta Salomonek bezalaxe”.