argia.eus
INPRIMATU
Trumpetak
Itxaro Borda 2017ko otsailaren 08a

Txioak bidaltzen ditu goizeko lauak eta seiak artean kazetariak lo direnean, emazteak, beltzak, txiroak, indioak, amerikar kulturgile sosez okituak laidoztatzen ditu arraiki, mundua sutan irudikatzen du Txina, Europa ala Afrika aipatzen dituenean, Putinen adiskidea da, demokrazia looser delakoentzat dela dio eta ahulezia ez du altxor: neoliberalismoak ez du inoiz antzeko politikorik gobernura bultzatu eta izuaz haustear dago mundua.

Ameriketako Estatu Batuen ondotik, neurri apalago batean, Frantzian ere FNren iraultza igurikatzen dute elizek, nagusiek, Brigitte Bardot mitikoak, baita jendartearen parte handi batek ere, salbamena, larderiatik, irainetik, latexezko azote kolpez lagundu erreforma sozialetatik etorriko dela sinetsiz. Ez dakigu zer egin sobera dugun libertatearekin eta prest gara kontsumo itzela betikoan ziurtatzearren libertate ezpalak zangopilatzeko.

Gutariko bakoitza, edozein dela aitzakia, sistemaren biktima sentitzen den honetan, boterearen hegalpean, bestearekiko mendeku harreman sadiko bezain masokista batean urtzen doa: auzoari eragin minak biziarazten gaitu eta maite dugu hori.

Trumpek ez duela bere mandatua bukatuko erraten da.  

Parioak libre…