“Ardoa eta makina-erreminta ekoizten dituzte ba Eusko Labelarekin, zinema zergatik ez?”

  • 1978an, Irrintzi film laburra egin zuen Mirentxu Loyartek. Euskal Herriko film aitzindaria izaki, gu guztion iruditegian behar luke; hala ere, iazko Zinemaldian ezagutu genuen askok, ia 40 urte geroago, Iratxe Fresnedaren Irrintziaren oihartzunak dokumentalari esker. Harridura, lilura, ezin sinetsia. Elkarrizketa eta memoria eten ez daitezen bildu ginen harekin.

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.

Zinema-ikasketak egin zituen Parisko CICF Zinema Independentearen Frantziako Kontserbatorioan. 1978an zuzendu zuen lehenengo film laburra, Irrintzi, eta Espainiako Zinematografiaren Kalitatezko Sari Berezia jaso horri esker. 1981ean, euskal emakumeari buruzko dokumental bat egin zuen, Ikuska sailaren barruan. Arrazoi politikoak tarteko, 80ko hamarkadan Venezuelara joan zen, erbestera. Euskal Herrira itzuliz geroztik kulturaren alorrean aritu da. Iaz, haren ibilbideari buruzko dokumentala aurkeztu zuen Iratxe Fresneda zuzendariak: Irrintziaren oihartzunak.

Nolatan hasi zinen zineman?

Betidanik idatzi izan dut, eta marrazkiak egin, izugarri gustatzen zaidalako. Orduan, horretan jarraitu nuen eta, gaztetan, eleberri ez oso luze bat idatzi nuen. Norabait bidaltzekotan nintzela, ingurukoei pasa nien, irakur zezaten, eta orduan nirekin zebilenak, gerora nirekin ibiltzen jarraitu duenak egiatan, esan zidan hura ez zela eleberri bat, berari zinema iruditzen zitzaiola.

Zergatik izan zen hain erabakigarria pasadizo hura?

Horixe da kontua. Zergatik eteten da ibilbide bat, eta beste bat abiatzen? Bada nik, eleberria idazten ari nintzela, mila buelta eman nizkion isiltasunaren gaiari, eta asko izorratzen ninduen: aldiro, esaten nuenean pertsonaiak isilik geratu zirela, hitz mordo bat idatzi behar nuen isiltasuna ikusarazteko. Gai hori tik baten modukoa zen, izugarri gogaitzen ninduen. Orduan, zinemarena esan zidaten, eta argi ikusi nuen.

“Iruditzen zait gaur egungo belaunaldia nahiko 'light' dela, oso langilea, hori bai, eta egoera ez da erraza. Akaso aurreko belaunaldiarena da errua, akaso gutxi gorabeherako askatasun horretan ipini zuten indar guztia”

Beraz, hori erabakita, zein izan zen hurrengo urratsa?

Garai hartan, Paris zen zinemaren gune nagusia; gainera, abertzaletasuna oso indartsu zegoen, batez ere zenbait ingurutan, eta, zera, Madrilera joatea, bada… Egia da, Parisek ere badauka berea, baina niri Parisko historiak ez zidanez hain zuzenean eragin, bada hara joatea pentsatu nuen. Lehenengo urtean hizkuntza lantzen ibili nintzen, jada zerbait ikasia nuen batxilergoan, baina hobetu beharra neukan. IVEC zinema-institutu ofizialaz aparte hainbat eskola zeuden, eta nik horietako batean ikasi nituen zinema eta zinema-zuzendaritza, Zinema Independentearen Frantziako Kontserbatorioan. Kurioski, han ere neu nintzen neska bakarra.

Zer-nolako bizipena izan zen hura?

Itzela. Une horretan nire premia nagusia zen jakitea ea zertan ari nintzen, noraezean joateari uztea. Izan ere, frankismoa bizi izan ez duenarentzat zaila da ulertzen, zeren azkenengo garaiak ez dirudi hain bortitza, hain gogorra; badirudi ez zela ezer gertatzen. Baina huraxe zen arazoa, ez zela ezertxo ere gertatzen, hau da, zuk ezin zenezakeen jakin zer ari ziren egiten eta ikusten beste toki batzuetan, ez zegoen konparatzeko eredurik. Ezin zenituen zure ideiak bestelako ideia batzuekin erkatu, eta konparatzeko punturik ez daukazunean ez dakizu non zauden, ez eta zenbat falta zaizun ere.

Sakristia hutsa zen hau. Pinochet aipatzen dutenean beti pentsatzen dut baietz, Franco bezain gordina izan zela hasieran, hain zuzen matxinada guztietan lehen olatua izaten baita latzena, baina Pinochetek hamaika urte egin zituen boterean, eta hemen, berriz, bi belaunaldi oso hazi ziren frankismoaren pean, sakristia erabateko honetan.

Eta Parisen berriz, zer topatu zenuen?

60ko hamarkadaren amaieran egon nintzen han, eta sekulako garaia izan zen. 68ko maiatza baino zenbait hilabete lehenago iritsi nintzen eta zur eta lur geratu nintzen. Komunikabideak, adibidez: hantxe ikusten zenituen titular harrigarriak; gu, ordea, ohituta geunden denak izan zezan halako patina bat, dena estaltzen zuena eta denari ematen ziona kolore eta ñabardura berbera.

Zinema-eskola bera oso ondo etorri zitzaidan kontaktuak egiteko, eta Zinemateka osorik irentsi nuen, betekada hartu arte. Sekulako zikloak egiten zituzten han, eta denetik ikusi nuen.

Argazkia: Dani Blanco.

Bereziki gogoan al duzu Zinematekan ikusitako zerbait?

Dreyerren zale erabatekoa bihurtu nintzen. Ez nuen aurretik ezagutzen, baina film bat ikusi nuen eta liluratu egin ninduen. Haren film guztiak ikusi nituen gero, eta gogoan dut txartel-saltzaileak azkenerako ezagutu egiten ninduela eta esan zidala, zur eta lur: “Ez al zaizu benetan Dreyer gustatuko?”.

Batzuetan zaila da lilura hori azaltzen, baina har dezagun, adibidez, Dreyerren Ordet filma. Eszenaratzea erabat oinarrizkoa da, mugimendua ia ezin nabaritzekoa, eta hala ere, zer-nolako jokoa egiten duen argiarekin! Hildakoa ohean dago, eta bat-batean, hara hor berpiztearen miraria. Nola da posible nik hori sinestea? Eta sinetsi nuen, bai. Izugarria iruditu zitzaidan. Noski, beste batzuk gauza bera erakusten dizute beste modu batean eta ez duzu inondik ere sinesten, hortxe dago gakoa.

Paristik itzuli zinenean zer-nolako giroarekin egin zenuen topo?

Gogo biziz itzuli nintzen hona, mundua jateko prest. Horrek erakusten du baikorra naizela bizitzaren aurrean, besterik ez. Ez dut urtea oroitzen, baina badakit Amalur egina zutela jada. Niri asko gustatu zitzaidan eta [Nestor] Basterretxearekin jarri nintzen harremanetan, eta [Fernando] Larruquert ezagutu nuen gero. Ondo moldatu ginen hasieratik.

Basterretxeak esan zidan gidoi batekin ari zela, eta ea irakurriko nuen. Teodosio de Goñiri buruzko lan bat zen. Nire ikuspuntua azaldu nion, zer nuen gustuko eta zer ez, eta asko gustatu zitzaion esandakoa. Saiatu zen filma aurrera eramaten, baina ez zuen finantzazio-iturririk lortu. Eta gero saiatu ginen beste film labur batzuk egiten, baina horretarako ere ez genuen dirurik lortu, beste hainbat proiekturekin gertatu den moduan.

“Orain jakin dut Kimuak saileko lanak oparitzen ari direla, bataioetan jaurtitzen diren gozokiak nola”

Noiz eta nolatan egin zenuen Irrintzi?

Venezuelan erbesteratu behar izan nintzen, eta bueltakoan egin nuen filma. Proiektu guztiak sortzen diren moduan sortu zen hura ere, modu zertxobait gorabeheratsuan. Niri gidoi bat eskatu zidaten. Apur bat abstraktua zenez, eskatu zidaten zuzendaritzarako aukeratua zutenaren laguntzailea izan nendila, eta besterik ez. Guztiok egin ditugu lanak gure izenik agertu gabe, inoren izenik agertzen ez denean lan horretan, baina neuk egin filma eta gero beste batek sinatu? Inondik ere ez. Handik 20 egunera, zuzendari izango zenak esan zuen ez zuela filma egingo nire laguntzarik gabe, eta nik zuzendu nuen azkenean.

Zer moduzko prozesua izan zen?

Argi neukan zer erakutsi nahi nuen: emozio hori, justu garrasi egin aurrekoa, edo manifestazio batean zaudenekoa eta harri bat hartzen duzunekoa, eta une batez gelditzen, jakin gabe ea egin behar zenukeen ala ez. Apur bat desesperazioz ateratzen zareneko emozio hori. Ez nuen manifestaziorik erakutsi nahi, ez, nahi nuen zerbait abstraktuagoa, jendeak beste emozio hori senti zezala.

Jakina, eskuartean neukan lehen gauza zenez, prozesu gogorra izan zen. Hasiera batean oso seguru zaude eta gero zalantzaz guztiz beteta: erratu ote zaren, urrunegi joan ote zaren… Batez ere halako gauza ez-errealistekin: asko gustatzen zaizkit halako poemak-eta, baina gero etereoegiak izan daitezke. Tentu handiz ibili nintzen. Zalantzaz beteta egon nintzen, aurrera eta atzera eginez, hau eta beste hau, behin eta berriro berrikusiz eta landuz.

Harrera beroa izan zuen, hasieran behintzat.

Bai, aurreko batean horixe esan zidan kazetari batek, ikusgarria izan zela urte hartan Zinemiran piztutako jakin-mina. Gero etorri zena, hala ere, Zinemaldiko garai hartako zuzendariak azalduko lizuke nik baino hobeto. Garai hartako gobernadore zibila joan omen zen Zinemaldira, esanez atxilo eraman behar ninduela, Irrintzi propaganda hutsa zelako. Ni, bien bitartean, hirian paseatzen nenbilen. Kontua da zuzendariak konbentzitu omen zuela gobernadorea ez nezan atxilotu: Franco hil berritan, Europako komunikabideak begira-begira zeudela, Estatu espainiarrak nola erreakzionatuko, lehen laprastada noiz egingo. Ez ninduten eraman, eta hala ere, Zinemaldiaren ondoren, hamaika giltzarraporekin lurperatu zuten filma, eta erabat ahaztu zen.

Min handia egin zizun horrek?

Pentsa! Zerbait egiten duzunean nahi duzu jendeak ikustea; gainera, une hartan huraxe zen bidea: film laburrak egin eta itu-ituan jotzen saiatu. Huraxe zen zure aurkezpena gero lanean jarraitzeko, proiektu gehiago lortzeko eta abar.

Garaitsu horretan, Punto y hora aldizkarian esan zenuen Euskal Herriko kulturak behar-beharrezkoa zuela zinema, eta hala ere, baztertuta geneukala. Zergatik iruditzen zaizu hain garrantzitsua zinema?

Nola lagako dugu bazter batean irudia? Ezinbestekoa da. Gainera, iruditzen zait ondo moldatzen garela horrekin, munduaren gure ikuspegiarekin nahiko bat datorrela. Zinema, azken batean, hori da, munduari begiratzeko modu bat. Esate baterako, gogoan dut Loreak. Film bat da eta gustatu dakizuke ala ez, baina badaude film horretan une batzuk non jolas geometriko moduko bat den: argia, kameraren mugimendua… Normalean, film bat ikusi ostean pusketa batekin baino ez gara oroitzen, eta zuzendariak lortzen badu pusketa batek iraun dezan, eta gainerakoak ez dezan ezabatu, uste duena baino gehiago lortu du.

Argazkia: Dani Blanco.

Hainbat urte pasa dira hori esan zenuenetik. Bazterrean daukagu oraindik?

Oso garai ezberdinean gaude, noski, baina nire iritziz azpiegitura falta da. Ez dut ulertzen nola saltzen dituzten makina-erreminta edo ardoak edo dena delakoa Eusko Labelaren etiketarekin, eta nolatan ezin daitekeen hori berori egin beste hainbat gauzarekin, hala nola zinemarekin. Ez du sekulako azpiegitura izan behar, baina bai serioa, se-ri-o-a: hiru urte inguru beharko dituzu merkatua topatzeko eta abar, baina behin abiatuta, ondo bideratu daiteke.

Orain jakin dut Kimuak saileko lanak oparitzen ari direla, bataioetan jaurtitzen diren gozokiak nola. Lanak gutxiesteko modu bat da hori: salmentarik txarrena, horixe da opari bat. Oparitu diezaiokezu adiskide bati edo beste norbaiti, ezagut dezan, baina kito. Makina-erreminta saldu behar dutenean badakite zer egin, ezta? Ez dute debalde oparitzen.

Ikuska sailaren barruan ere egin zenuen lan bat, euskal emakumeari buruzkoa.

Antton Ezeizak oso ondo antolatu zuen Ikuska sailarena: ekipamendu txikia baina kalitatezkoa. Galdetu zidan ea egingo nukeen zerbait, eta ea zer egingo nukeen. Nik bi gai nerabiltzan buruan: bata, niretzat interesgarriena, jaiarena zen, jaia edo festa kontzeptu gisa, ikuspegi soziologiko batetik, baina oso zaila iruditzen zitzaidan, eta beste aukerari heldu nion, euskal emakumearen gaiari.

Urte asko pasa dira Euskal Herriko emakumeen egoerari buruzko atal hori grabatuz geroztik. Asko aldatu al da egoera?

Zuk ikusi duzu Ikuskako atal hori? Egia esan, nahiago nuke zeuk esatea ea zer iruditzen zaizun.

Gauza batzuk gaur-gaurkoak direla iruditzen zait. Atal horretan agertzen den emakume helduetako batek aipatzen duen moduan, badirudi esparru askotan askeago garela, baina, gero, benetan, ez ote gauden beti bezain lotuta…

Horixe bada. Analisi zehatzak egin behar ditugu, eta ikusi badagoela alderik, ez dela gauza bera funtzionatzeko askatasun atsegin baten jabe izatea ala benetan zure askatasuna ondo sustraitua egotea. Egin dugun bide hau lasai asko deusezta dezakete lau kolpetan, krisia dela eta bestea dela, zeren, noski, badakite ez duzula haurra kako batean zintzilik utziko, beraz zaintzara itzuliko zara.

Eskubidea daukazula? Bai, jakina, baina zenbait garaitan horrek ez du piperrik balio. Iruditzen zait gaur egungo belaunaldia nahiko light dela, oso langilea, hori bai, eta egoera ez da erraza. Akaso aurreko belaunaldiarena da errua, akaso gutxi gorabeherako askatasun horretan ipini zuten indar guztia, baina oinarriak sendotu behar dira, bestela bihar kenduko dizute atzo emandakoa.

Zure ibilbideari buruzko dokumentala estreinatu zen iaz: Irrintziaren oihartzunak. Zer-nolako bizipena izan da?

Bada, nik Iratxe ez nuen ezagutzen, eta berak ere ez ninduen ezagutzen, neure filmak baino ez. Hala ere, deitu zidanean ez zidan neure bizitzaz galdetu; azken batean, nire bizitza jende guztiaren modukoa da, aurrera eta atzera doa, batzuetan lortzen dituzu gauzak, eta beste batzuetan ihes egiten dizute. Iratxek, ordea, Irrintzi aipatu zidan: aurkitu egin zuela eta iruditzen zitzaiola hori argitara atera behar zela, ez zuela ulertzen nola zegoen ahaztuta, nola ez zuen izan horren berririk lehenago. Noski, arreta piztu zidan, hizketan hasi ginen, eta halaxe etorri da dena.

Azken hitza: Iratxe Fresnedarekin berriketan

Elkarrizketa egin bitartean, alboan izan dugu Iratxe Fresneda zuzendaria. “Dokumentala egiteko, denbora mordo bat eman genuen biok solasean, eztarria ahitu arte”. Solasaldi horien pusketak dira dokumentalaren oinarrietako bat, eta hala ere “Mirentxuren aipu pila bat geratu dira kanpoan, orduak!”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-12-17 | ARGIA
Itsasertzaren kudeaketa Jaurlaritzaren esku geratuta, proiektuak “bizkortu ahal izango dira”

Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.


Euskararen Egunean ‘Bizkarsoro’ filma “kontraprogramatzea” egotzi diote ETBri

ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.


2024-11-27 | Onintza Enbeita
Aran Calleja. Filmetako musika egilea
“Musikan, emakumeok lan handia egiten ari gara ikus gaitzaten”

Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]


Fermin Muguruza
“Aldatzeak eta mugitzeak pizten dit grina”

Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]


‘Bizkarsoro’ Donostiako zinemetara iritsiko da, Bageraren, udalaren eta SADEren elkarlanari esker

Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]


Bazterkeria egoeran dauden pertsonen inklusioa lantzen duen zinema festibala abian da Bilbon

Bizitegi elkarteak 2016a geroztik antolatzen duen duen film eta antzerki jaialdia jada abian da Bilbon.


2024-10-23 | Julene Flamarique
Zinebik 44 herrialdetako 132 film proiektatuko ditu Bilbon astebetez

Azaroaren 8tik 15era egingo dute zine jaialdia. Euskal Herriko zinema lanak ere izango dira pantaila aurrean, besteak beste Tasio filmaren bertsio zaharberritua eta La Muerte de Mikel, filmaren estreinalditik 40 urtera.


2024-10-21 | Zuzeu
47. Euskal Zine Bilerak aurtengo Urrezko eta Zilarrezko antzarak eman ditu

Jone Arriolaren “Dena asmatuta dago” filma izan da Urrezko Antzararen irabazlea larunbat honetan ospatutako sari banaketa ekitaldian. Euskal Zinemaren Begiradak Itziar Ituño aktorearen ibilbidea omendu du.


2024-10-18 | Urumeako Kronika
‘Hariak’ zinemaldia erresistentzia istorioen lekuko, azaroaren 7tik 17ra Hernanin

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.


2024-10-14 | Leire Ibar
Lekeitioko Euskal Zine Bilerak 47. edizioa du aste honetan

47 urte beteko ditu zine jaialdiak, eta urriaren 16tik 21era, solasaldi eta tailerren bidez euskal zinemagintzaren alor ugari landuko dituzte. “Beti berria den zinema” lelopean, aurtengo jaialdiak zine berria eta istorio berriak kontatu nahi dituzten gazteei keinu... [+]


2024-10-11 | Uriola.eus
Ezkutuan dagoena pantailetara ekarriko du Bilboko “Film Sozialak” Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak

Urriaren 10etik 17ra garrantzi eta gaurkotasun handiko gai sozialen inguruko hausnarketa era kontzientzia kritikoa sustatzen duten 81 film erakutsiko ditu Bilbon Zinema Ikusezinak. “KDC” (Kultura, Komunikazioa eta Garapena) Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak... [+]


2024-10-11 | Sustatu
Nostalgia baino gehiago: Son Goku euskaraz hasi zenekoa

Joan den astean bete ziren 35 urte Son Gokuk euskaraz lehen aldiz egin zuenekoa. 1989ko urriaren 4an izan zen ETB1n Dragoi Bola ematen hasi zirela (1984an abiatu zen anime hau Japonian) eta hura gogoratzeko ekitaldia egingo da Donostian urriaren 20an, igandearekin, lehenbiziko... [+]


2024-10-09 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Euskal

Donostiako Zinemaldiak euskal zinemaren ospakizun ekitaldian euskal zinemak euskara gutxi duela esan zuen Edurne Azkaratek eszenatokiaren mikrotik, ozen. Esaldiak burrunba egiten du egiazkotasunagatik. Arkitekturaren eszenan antzerako lema errepika daiteke eta ziur naiz beste... [+]


Eguneraketa berriak daude