argia.eus
INPRIMATU
Bidazi Elkartea
Kanpaina abian, bertako produktu freskoak eskaintzeko
Garazi Zabaleta 2017ko otsailaren 27a

“Agroekologia eta auzolanaren kultura oinarri hartuta, mugaz gaindiko Bidasoaldeako herritarron gunea eraikitzea zen Bidaziren helburua”. Oier Fuentes elkarteko kidearen hitzak dira, Hamaika Telebistak egin zion elkarrizketan jasoak. Txingudiko, Bortzirietako, Xaretako, Malerrekako eta Baztango herritar nahiz ekoizleak biltzen ditu Bidazi elkarteak, kontsumo eredu alternatiboaren alde: solidarioa, ekologikoa, arduratsua, bertakoa, kontzientea eta transformatzailea.


Denda elkargune


Bidasoaldeako hainbat familiek osatutako kontsumo talde moduan urteak zeramatzan Bidazik. 2014an Lesakako Alkaiaga auzoan elkartearen lokala jarri zuten martxan.
    Zonaldeko ekoizleen produktu ekologikoak (edo ekologikora bidean doazenak) dituzte eskuragarri azoka horretan, baina denda hutsa izatetik harago doa Bidaziren gunea: ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremanak bultzatzea bilatzen du, baita kontsumitzaile-kontsumitzaile eta ekoizle-ekoizle harremanak ere. 150 kidetik gora ditu gaur egun elkarteak.
    Kontsumo eta ekoizpen arduratsuaren gaineko formazio lanean ere badabil Bidazi. Hitzaldi, aurkezpen, tailer nahiz ikastaro ugari antolatu dituzte urte hauetan jendartean sentsibilizazioa bultzatzeko.


Eskaintza hobetzeko, laguntza eskaera


Azokako zerbitzua hobetzeko asmoz, crowdfunding kanpaina martxan jarri berri du elkarteak. Zein da helburua? Bada, tokiko produktu freskoen aukera zabaltzeko bi hozkailu lortzea. Hozkailu bakoitza jartzeak 3.500 euroko kostua izanen luke, eta diru kantitate horretan jarri dute lortu beharreko gutxienekoa.
    Urtarrilaren 25ean abiatu du diru bilketa Bidazik, eta 40 egun iraungo du, martxoaren 5era bitartean. Proiektuari bultzada eman nahi dion orok egin dezake bere ekarpena goteo.cc/bidazi webgunean. Trukean, zonaldeko produktuak jasoko ditu opari.