argia.eus
INPRIMATU
Aktualitatearen Gakoak
Abiadura biziko aktualitateari begiratu lasai
Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko otsailaren 27a

Urtea hastearekin batera eta 2016ko urtarrileko estiloari jarraituz, pasa den urteari begira jarri, aztertu eta datorrenari zer begirekin so egin asmatzen ahalegindu dira ARGIAko hauek Aktualitatearen Gakoak kazetaritza liburuxkan. Ez profeta izateko desirarekin, 2017an izango diren mugimenduak ulertu eta irakurleari azaldu nahirik seguruago.
    Arnas luzeko kazetaritza bezala definitu du Estitxu Eizagirrek sarrera-testuan urtean behingo argitalpena. Iritziak, analisiak, berreskuratutako erreportajeak, elkarrizketak eta askoz gehiago dira orri hauek betetzen dituzten edukiak; batzuk 2016an publikatzen joan garenak, eta beste batzuk urtean zehar gertatzen joan denari ikuspegi globalago batetik begiratu nahian egindakoak, labetik atera berriak. Denak irakurketa lasai edo sakonago baterako pentsatuta. Tarteka liburuxka hartu eta orrialdeetan aurrera-atzera ibiltzeko moduan; pilulaka.
    Lau ataletan banatuta dago: Argitalpena sei argazkik irekitzen dute. Pasa den urteko astekariak ireki dituzten argazki guztietatik sei izan dira aukeratuak Sei begirada 2016ari atala osatzeko. Jarraian topatuko ditugu Kronikak, gertatutakoari begira jartzen gaituztenak, pil-pilean egon diren eta dauden hainbat gairen inguruan. Baina aurretik esan bezala, ez gara atzera erreparatuta bakarrik geratuko. Joerak hirugarren atalean, izenak ondo adierazten duen bezala, datozen urteetan etorriko denaz, gai bakoitzak norantz joko duen edo zer erronka dituzten aurreratzen da. Eta bukatzen da Argiaren Onenarekin. Astekarian, Larrunen, Interneten zein blogetan publikatu diren zenbait edukiren bilduma. Zenbat irakurgai geratu zaizkigu urtean zehar bide bazterrean, gero leitzeko asmo hutsetan? Horiek jasotzea izan dugu helburu.
    Egunerokotasunaren abiadura biziari ederra baita tarteka bederen frenoa botatzea. Aktualitatea lasai ere irakur baitaiteke.