argia.eus
INPRIMATU
Ai, aita!
Amaia Alvarez Uria 2017ko otsailaren 08a
Azken patriarka. Najat El Hachmi. Itzultzailea: Jexux Mari Zalakain. Txalaparta, 2016

Najat El Hachmi, Marokon jaiotako emakume idazle amazigh-katalana da Txalapartak abenduan argitaratu zuen Azken patriarka lanaren egilea. 2008an argitaratu zen jatorrizkoa, katalanez, eta orain arte hamar hizkuntzatara itzuli da, Jexux Mari Zalakain izanik euskaratu diguna.

Bi zatitan dago egituratuta, lehenengoan protagonista Mimun Driutx da, aita, azken patriarka. Baina, lan honetako narratzailea bigarren zatiko protagonista da, alaba, izenik gabe agertzen zaiguna. Honek autobiografikoki kontatzen digu, lehen pertsonan, bere bizitza bigarren atalean, baina aurretik bere aitaren bizitza kontatzen digu patriarka bat nola eraikitzen den erakutsiz eta bi zati hauen bidez aita-alaba harremanaren garapena marraztuz.

Kapitulu laburretan aurkituko dugu kronologikoki antolatutako bi bizitza hauen kontaketa, ahoz, gordin eta umore ukituez helduko zaizkigu begi-belarrietara poliki harilkatzen dituen istorio bortitz eta gogorrak. Marokoko Nadorretik Kataluniako Vic-era bizitzera joan den familia ezagutuko dugu, aita egozentriko-tiranoa, ama txikitu-zapaldua eta bizitzan bere lekua topatu eta bere burua kokatu nahian dabilen alaba izango dira pertsonaia nagusiak.

Hizkuntzari dagokionez amazigha, arabiera eta katalana tarteka agertuko dira “hango” eta “hemengo” zertzeladak orriotara ekarriz. Honekin batera zenbait literatur erreferentzien gidaritza aitortuko da, besteak beste Zadie Smith (jendarte multikulturala irudikatu zuena) eta Merce Rodoreda (belaunaldi desberdinetako ordezkariek errealitatearen ikuspegiak emanez irudikatu zituena).

Gai nagusiak patriarkatua eta kultur aniztasuna dira. Alde batetik, familia eta bere baitako diskriminazioa, hierarkia eta botere harremanak azaleratuko dira. Beste alde batetik, kultur artekotasuna, erlijioa, migrazioak, eta gaur egungo hirietako identitate konplexuak agerian utziko zaizkigu, moral bikoitza, genero desberdintasunak, aurreiritziak, edo askatasuna eta betebeharren mekanismo bihurriak bistan jarriko dizkigu.

Durangoko Azokan aurkeztu zuen liburua egileak eta elkarrizketa batean adierazi zuen idaztea jendearengana hurbiltzeko arma boteretsua dela, mundua eta pertsonak deskubritzeko eta eraldatzeko aukera ematen duena. Liburu honetan argi geratzen dena hauxe da: pertsonala politikoa dela, emakume protagonistak bizi duenak egitura sozial bat islatzen duelako, patriarkatua, eta kulturen arteko elkarbizitza hainbat modutan gerta daitekeela, eta gertatzen direla, egiaztatzen baitu. Errealitatea ezagutu eta hausnartzeko lan gomendagarria.