argia.eus
INPRIMATU
Koloreen susperraldia
  • Sekulakoa iruditzen zait aurtengo negua jo eta eskaintzen ari zaigun kolore sinfonia. Eguraldi xelebreagatik ote? Epel gozotik izotzera; lehorte punttutik uholdeetara. Ala neroni nabil halatsu, eta aurten begi berriak ditut...

Jakoba Errekondo 2017ko urtarrilaren 31
Gorriena izan da udaren azkenaren amaiera. Gurean gorritik gorrira alde ikaragarriak daude, baina hotza pulamentuz etorri den arte gorritu eta gorritu. (Arg.: Jakoba Erreekondo)
Gorriena izan da udaren azkenaren amaiera. Gurean gorritik gorrira alde ikaragarriak daude, baina hotza pulamentuz etorri den arte gorritu eta gorritu. (Arg.: Jakoba Erreekondo)

Berdeak atentzioa eman dit udazkenean. Zuhaitzek ezin hostotza erantzi. Udazkenaren gozoari heldu eta eutsi, bitartean hostoak lanean, jo eta eguzki, erreserbak osatzen. Negua airoski igarotzeko eta udaberrian indarrean ernaberritzeko. Urtarrileko hotzetara ere iritsi dira zenbait zuhaitz eranzteko nagi...

Gorriena izan da udaren azkenaren amaiera. Aspaldiko gorrienak ikusi ditut. Landare ugari da gorrizalea. Hostoa sustraietara bueltatu aurretik, elikagaiz hustu behar da, eta horien mudantzan kolorea mudatzen du: horira, larura, arrera, gorrira... Gurean gorritik gorrira alde ikaragarriak daude, baina hotza pulamentuz etorri den arte gorritu eta gorritu; eta negua gorritu denean landareak gorrimindu, min askoak!

Negu gorriak landareak zuritu ditu; kristal ikusgarriak izan dira goiza joan eta goiza etorri landareen hostoen ertzetan, zuriaren emana!negu gorriak landareak zuritu; kristal ikusgarriak izan dira goiza joan eta goiza etorri landareen hostoen ertzetan, zuriaren emana! (Arg.: Jakoba Errekondo)

Zuritu ditu landareak negu gorriak. Zuriz estali dira landareak izotzez, leiez, jelez, hormaz, koilaz eta karroinez; izan ere non ez da izan? Kristal ikusgarriak izan dira goiza joan eta goiza etorri landareen hostoen ertzetan, zuriaren emana! Zuhaixken adarretako lantxurdak ere forma deigarriak garatu dituzte, haize mehearen eran, lainezak jota, burruntzien tamainaren bekaizkeriaz. Gardenak dira lantxurdak, gure amonak gardenari zuria deitzen dio... Eta landare guztiek ezin izan dute hotzaren tamaina eraman eta askok eta askok kalte larriak ere izan dituzte hostoak zurbil-zurbil jartzeraino.

Belztu ez da asko belztu. Hosto gutxi batzuk ikusi ditut belztuta, kalarenak (Zantedeschia aethiopica) adibidez. Nire iritziz ez izotz beltza izan delako, hosto urtsuak guri-gurienean harrapatu dizkio izotzak, eta barrutik izoztu; horrek hostoaren ehunak jo eta txikitzen ditu eta hurrengo egunean beltz agertzen dira, eraitsita.

Neguak sasoi berria ekarri du, egun argia luzatu eta kolore dantza suspertu.