Ez dute berdin bizi kalea neskek eta mutilek, herriaz gozatzeko askeago eta lasaiago sentitzen dira mutilak. Indarkeria jasateko beldurra du emakumeak eta belaunez belaun transmititu egiten da. Batik bat amak arduratzen dira alabari ezer gerta ez dakion zaintzeaz, babestu nahi eta era berean askatasuna eman nahiaren arteko oreka mantendu ezinean. Semeak beste film batean bizi dira. Lasai ateratzen dira kalera, gurasoek ere ez dute uste ezer gertatuko zaienik. Eta beste kontu bat: gizonak dira indarkeriaren eragile, baina semeekin ez da horretaz hitz egiten.
Lurdes Barragan hernaniarra Auritzen (ez da egiazko izena) ama da. Auritzek 18 urte ditu eta Gasteizen pasatzen du astea, ikastera joan baita. Barraganek eta senarrak etxean beti landu izan dute genero ikuspegia alabarekin. Ikastetxean izandako esperientziak berriz, etxean bizitakoari asko lagundu diola uste du Auritzen amak. Alabak 10 bat urte zituenetik Hernaniko Langile Ikastolan Arremanitz Kooperatibak saioak eskaini ditu sexualitateaz, tratu onez eta berdintasunaz. 15-16 urterekin Lileta taldea sortu zuten eskolan hainbat neska-mutilek, Auritz tartean. Emakume izatea zer den jabetuta dago, ez zaio arrotz feminismoa. Haurrak eskolatik zekarren genero ikuspegiaren lanketak eraman zituen bere gurasoak bide berean jarraitzera.
Ikastetxean Arremanitz Kooperatibaren laguntza zuten bitartean etxean zertan ari ziren? Amak erlijioak bere bizitzan izan duen zama azpimarratu du, erlijioak transmititzen duen eredu patriarkala. Erlijioaz gain, gizartea bera ere patriarkala dela gaineratu du. “Gure eguneroko gaiak ziren bekatua, erru sentsazioa, zein gaizki portatu naizen, gu zaintzeko gaude...”. Alabari esaten dio zorte handia izan duela, zama hori ez duelako izan, eta amari aldiz asko kostatu zaio eta oraindik ere kostatzen zaio gainetik kentzea. Zamak beldurra eragiten du norberaren barnean eta beldurrak nahigabe transmititzen dira hurrengo belaunaldietara. Bere alaba bakarrari mutila balitz bezala hitz egiten saiatu da: “Mutilari bezala esaten diot ‘ondo pasa!’, baina beti daukazu buruan ‘kontuz!’ edo ‘estali beti basoa eskuarekin burundanga eta horrelakoak dabiltza-eta’. Ondo pasatzeko esaten diozu baina beti daukazu mezu subliminala prest: ‘kontuz!’, ‘ez etorri bakarrik!’”.
Pena handiz kontatzen du ondoko pasartea, gurasoen beldurra eta kalera ateratzerakoan mutilen eta nesken arteko aldea agerian uzten du: Auritz zinemara joan zen sagardotegi garaian. Hernanin, sagardotegi garaiak esan nahi du jende asko dabilela parranda giroan eta guztiek ez dituztela tratu onak praktikatzen. Senar-emazteak eta alaba plazan bertan bizi dira. Ama eta aita etxetik begira zeuden, alaba zein aldetatik etorriko. Halako batean alabak mezua idatzi zion mugikorrera: “Lasai ama, Gorkak esan dit lagunduko didala”. Gorkarekin agertu zen eta ama lasaitu zen. Pena handia sentitu zuen orduan Barraganek, mutila bakarrik joango zen etxera, eta alabak laguntza eskatu zion etxera itzultzeko.
Lurdes Barragan: “Mutilari bezala esaten diot ‘ondo pasa!’, baina beti daukazu buruan ‘kontuz!’ edo ‘estali beti basoa eskuarekin burundanga eta horrelakoak dabiltza-eta’”
Parrandatik datorrenean logelara hurbildu eta iritsi dela esateko eskatua dio alabari. Alabaren gaztaroan ama sena berriz piztu zaiola dio Barraganek. Auritz txikia zela, erraz esnatzen zen ama nahiz eta alboko logelan egon. Orain gauza bera gertatzen zaio, alaba gauez ateratzen denean erraz esnatzen da buruan galdera bat duela, “etorri ote da?”. Ez dio grazia handirik egiten horrela erreakzionatzeak, baina ezin du saihestu. Azkenean, etxera heldutakoan esnatzeko eskatu zion, nahiz eta ez dagoen ziur erabakirik onena hartu duen.
Ama sena aipatu dugu, baina Barragani galdetu diogu egoera horietan aitak zein jarrera hartzen duen: “Alabak aitari eskatzen badio gauean bila joateko aitak baietz erantzuten dio, eta nik pentsatzen dut, ‘aitak bila joan behar du ala beraiek moldatu behar dute?’. Aita beti dago bila joateko prest”. Eta aitak zergatik hartzen du jarrera hori, bereziki alabagatik beldurra duelako ala orokorrean gaur egun gurasoek asko babesten dituztelako seme-alabak? Galderak ez du ezustean harrapatu Auritzen ama, hausnarketa egina du: “Ez dakit zergatik den. Agian, aita edo ama zarenean gehiago beldurtzen zara eta beti txita biltzen zabiltza. Baina agian gaur egungo egoerak beldur handiagoa ematen digu”.
Hernaniarrak ez du zalantzarik beldurra barruraino sartuta duela. Kremailera ixten saiatzen da, beti horretan ez pentsatzeko eta alabari askatasuna emateko. Neguan beldur gutxiago izaten du alaba Hernanin ibiltzen delako eta gazte giroa kaxkoan bertan dagoelako, familia bizi den toki berean. Uda konplikatuagoa da, herriz herri jairik jai dabiltza bere alaba eta lagunak. Argi dio Barraganek, “pena ikaragarria ematen dit esateak, baina ama naizen heinean beldurra pasatzen dut”. Alabari galdetu izan dio ea berak beldurra pasatzen duen, eta baietz erantzuten dio.
Nolabait esatearren, umea txikia zenean bi heziketa moten artean bat aukeratzen saiatu ziren, edo beldurrean hezi haurra edo bizitzako mila esparrutan aurrera egiteko bultza. Bigarrena aukeratu zuten ama-aitek. Ume-gazteari ahalduntzen laguntzea garrantzitsua dela uste du Barraganek, nahiz eta batzuetan oreka aurkitzea ez den erraza. Neurria hartzen ez badu, gaztetxoak mundua irentsiko duela sinetsi dezake, eta jarrera hori ez zaio egokia iruditzen amari.
Sakelako telefonoa kontrol mekanismo bikaina da. Hortaz jabetu da Barragan eta whatsapparekin bere buruhausteak izan ditu. Xehetasun bat kontatu digu. Whatsappen besteek azken konexioa noiz egin duten ikusteko modua dago. Modu hori kentzea pentsatu zuen, besteek ikus ez zezaten bera noiz konektatzen zen eta noiz ez. Alabak aplikazio hori nola zeukan begiratu zuen eta konektatuta zeukala ikusi zuen. Bada, azkenean ez du deskonektatu, eta hala dio berak: “Telefonoa kontrol modua da eta lasaitzeko modua ere bai. Agian, alde txarrak gehiago ditu”.
Arremanitz Kooperatibako kide Axier Bagliettorekin espazio publikoa, gazteak eta beldurra landu dugu (ikus 25. orrialdeko atala) eta esan digu gurasoen kezka nagusia alabak eremu publikora ateratzea dela, baina indarkeria mingarriena eta etengabekoa familian eta bikote harremanetan bizi dutela. Auritzen amari galdetu diogu ea alor hori landu duten etxean. Beste pertsona batekiko menpekotasuna zer den landu zuten alabarekin txikiagoa zenean. Alkoholikoaren adibidea erabiltzen zuten azaltzeko: menpeko bihurtu zaitu, ondoan behar duzu, kontrola galdu duzu. Autoestimua zer den azaldu zioten alabari, “zugan ziurtasunik ez baduzu, burua bere tokian ez badaukazu, munduko neskarik politena izan zaitezke eta sudurrean atera zaizun granoa drama bat izan daiteke”. Gaizki tratatutako emakumea, indarkeria, zer den adierazteko herriko adibide errealak kontatzen zizkioten.
Barragani mutilez hitz egiteak beldur pixka bat ematen dio, berak semerik ez duelako. Hala ere, gaia atera izan da lagunartean eta berak semeen gurasoak lasaiago sumatzen ditu, arrisku gutxiago dutelako. Alabaina, Auritzen amari iruditzen zaio semeekin haien jarrerez gutxi hitz egiten dutela. Gurasoek ez omen dute hain argi semeekin gaia landu behar den ala ez, horrelako gogoetak dituzte: “Mutilak direlako ‘sanbenitoa’ jarri behar al diegu?”, “Mutilak direlako neskak gaizki tratatuko dituztela adierazi behar al diegu?”. Barraganen ustez, semeen gurasoek badute ardura, baina batzuetan guraso artean semeen gaia lantzea delikatua izaten omen da.
Mutilak erasotzaile bihurtzen dira, baina sarri ez dira konturatzen gizonen biktima ere izan daitezkeela, batez ere umetan. Barraganek gogoan du lagun batek kontatu ziona. Helduek haurrei egiten dizkieten gehiegikeriez hitz egin zuten ikastetxean. Etxean, mutikoaren amak gaia atera zuen eta semeari hasi zitzaion esaten ezezagunekin ez joateko eta abar. Semearen erantzuna, “hori neskentzat da, ama”. Eskolan haur denei berdin kontatu zieten baina ume hark ez zuen beretzat hartu. Gaua kezkatuta igaro zuen umeak eta amak zalantza agertu zuen: “Agian oso bortitz hitz egin diot, baina mutikoa delako ez zaiola ezer gertatuko uste du, laino batean zegoen”. Eta Barraganek: “Mutilak babestuago sentitzen dira”.
Axier Baglietto soziologoa Arremanitz Kooperatibako kidea da eta Urola bailarako Harremonak egitasmoko zuzendaria. Azkoitia, Azpeitia eta Zestoako ikastetxe guztietan sexualitatea, parekidetasuna eta tratu onak lantzen dituzte, batez ere ikasleekin. Hiru herrietako udalek diruz lagundutako programa da Harremonak. Bagliettok hainbat guraso ezagutu du eskaini dituzten hitzaldietan, eta batik bat, bi indarkeria kasu tarteko bereziki egindako lan saioetan.
Nola bizi dute gurasoek indarkeria beraien alaba-semeengan, eta nola jokatzen dute?
Gurasoentzat hitzaldiak-eta antolatu izan ditugu baina gutxi etortzen dira. Sexu erasoren bat gertatu denean berriz, eta Azpeitian bi gertatu dira (17 urteko neska batek sexu eraso saiakera jasan zuen eta Azpeitiko futbol zelaiko nesken aldagelen horman zuloak aurkitu zituzten), lanketa berezia egin dugu.
Bi saioak oso aberasgarriak izan dira. Normalean amak etortzen dira, nesken amak, mutilen gurasoek ez dute kezkarik sentitzen. Indarkeria kezka iturri da guraso batzuentzat, besteentzat baino gehiago, baina “zerbait egin beharra dago” esatera ez dira iristen, zerbait gertatzen den arte. Ez dira neurriak hartzen, ez dute esaten: “beharbada hasi beharko nuke ikusten ea nola daraman gai hau nire alabak/semeak”. Ez da hitz egiten gertatu arte eta orduan izutzen gara eta laguntza bila goaz.
Beldurra sentitzeak zein ondorio du gurasoen jarreretan?
Nagusiki bi aukera daude beldurraren aurrean. Bata da beldurrak beldur aurrera egitea. Bestea da kikiltzea, askatasuna mugatzea, atzera egitea. Oraingoz, horrelakoak gertatu egingo dira, gainera guk ezagutzen ditugunak baino askoz gehiago eta anitzagoak dira. Lana ez da hasten beldurrari ezin eutsita gaudenean edo gertaera batek eztanda egiten duenean, lehenagotik baizik.
Familian gaia asko ez dela lantzen diozu, baina nola ez da landuko bada, gurasoak kezkatuta baldin badaude?
Landu bai, baina eremu partikularrean. Kontua da nik nola saihestu nire alaba arriskutik aldentzea. Beldurretik eta nik bakarrik zer egin dezaket? “3:00etan etorri eta lagunduta; telefonoa beti piztuta eduki; deituiozu hari...”. Erasoa saihesten arrakasta izango duzu ala ez, baina batez ere, beldur jarrera indartzen ari zara. Horrelako egoerak normalak direla onartzen ari gara, hori da gaia isiltasunean gelditu izanaren ondorioa. Aldiz, potentzialitatea hartzen du mahai gainean jartzen badugu eta aurre egiten badiogu.
Arazo soziala da, kontua ez da nire alabari zer gertatu zaion, erasotzaile hark zer egin duen. Denoi dagokigu honetaz hitz egitea.
17 urteko neskari eraso ziotenean gurasoekin egin zenuten saioa aberasgarria izan zela esan duzu.
Erasotzailea kanpotarra zen. Gurasoen saioan ikuspegi bat nagusitu zen: kanpotarrak dira, orain ari dira horrelakoak gertatzen... Kezka, beldurra, angustia sumatzen zen. Baina halako batean, amak jaietan eta gauetan emakume bezala jasandako indarkeriaz hitz egiten hasi ziren. Auzoko hura zela erasotzaile, eskolako hura. Bat-batean beste giro bat sortu zen. Konturatu ziren beti gertatu direla horrelakoak eta beti isildu direla.
Gurasoek zein aterabide proposatzen dituzte?
Zigorra eta kontrola. Erasotzaileak zigortu, kastratu, egin beharko dira eta balizko erasotua kate luze batekin lotu beharko dugu.
Gurasoak arriskua kalean kokatzen du. Zuk diozu indarkeria familian eta bikote harremanetan ere bizi-bizi dagoela.
Iruñeko jaietan alabari zer gertatuko kezkatuta daude gurasoak, ez dira konturatzen bikotean edo beste giro batean egoera okerragoa jasan dezaketela edo jasaten ari direla. Agian, gurasoak ari dira pentsatzen, “zein ondo, mutila edukita parranda gutxiago egingo du”, eta beharbada indarkeria izugarria ari da jasaten bikotean.
"Iruñeko jaietan alabari zer gertatuko kezkatuta daude gurasoak, ez dira konturatzen bikotean edo beste giro batean egoera okerragoa jasan dezaketela edo jasaten ari direla"
Mutilekin egiten denak, edo hobe esan, egiten ez denak kezkatzen zaitu.
Zuk zure alaba kalera ateratzen denean zer esaten diozu? Kontuz, kontuz, kontuz... Eta semeari zerbait esaten al diozu? Sarritan mutilei ez zaie ezer esaten, edo esatekotan, neskak babesteko. Garrantzitsuagoa izan daiteke ordea, mutil taldeetan dituzten jarrerez galdetzea. Ea neskekiko jarrera desegokirik ikusten duten, nola sentitzen diren egoera batean aurre egin ahal izateko. Konplize ez izatearen garrantzia azpimarratu behar da, neskenganako enpatia sentitzen lagundu behar zaie.
Erasotzaile guztiak gizonak dira, zerbait egin beharko dugu, ezta? Indarkeria egoerak gertatzen direnean, egia da zaila egiten zaigula nola jokatu asmatzen. Erasotzailea edo konplizea zigortzen ikasi dugu, hari maitasuna ukatzen, lotsagarria dela esaten. Horrela jokatuta bideak ixten ditugu. Noski, semeari egin duen horren ardura osoa eskatu behar diogu, baina agian ezin diogu maitasuna ukatu, ulermena ukatu.
Zein aholku orokor ematen diezue gurasoei?
Helduok garela eredu esaten diegu. Indarkeriari aurre egin nahi badiogu, garrantzitsua da ikustea gazteek nolako harremanak bizi dituzten gertuko eremuan, familian. Hausnartu behar dugu familian eta haien heziketan nola kudeatzen dugun autoritatea, gatazkak, mugak maitasunez jartzen ditugun ala ez, gure burua zaintzen dugun ala ez, mehatxuak, xantaiak, kontrola onartzen dugun ala ez.
Bide onetik goazela uste al duzu?
Gaur egun honetaz hitz egitea izugarrizko lorpena da. Mendetako isiltasuna hausten ari gara. Hedabideetan eta inguruan ateratzen ari da eta hori sendatzen hasteko lehen pausoa da. Prozesu baten hastapenetan gaudela esango nuke.
María Rodó de Zárate eta Jordi Estivill i Castanyk 70 neska eta mutil elkarrizketatu dituzte Barakaldon, Hernanin eta Gasteizen. Hortik ateratako lana ondokoa da: ¿La calle es mía? Poder, miedo y estrategias de empoderamiento de mujeres jóvenes en un espacio público hostil. Euskaraz emana: Kalea nirea al da? Boterea, beldurra eta neska gazteak ahalduntzeko estrategiak etsaitasunezko eremu publikoan. Emakundek diruz lagundutako lana da, eta genero ikuspegia kontuan hartuta, eremu publikoa neska eta mutil gazteek nola bizi eta erabiltzen duten aztertzen du. Generoak herriak, kaleak eta espazioak bizitzeko modua baldintzatzen du. Ikerketak beldurra zergatik sortzen den eta horrek emakumeek herria edo hiria bizitzerakoan zein ondorio dituen aztertu du. Beldurrak emakumeen aurkako indarkeria nola iraunarazten duen azaltzen du. Beldurrak generoa duela azpimarratzen du ikerketak. Neskentzat espazio publikoak etsai giro eta ziurgabetasun handiagoa du mutilentzat baino. Ondorio emozionalak eta askatasun mugatzeak askoz handiagoak dira emakumeentzat gizonentzat baino.
Alain Esquerrek idatziriko Le silence de Bétharram (Betharramgo isiltasuna) liburuan eman du lekukotza Helene Perlantek, François Bayrouren alabak. 1980ko hamarkadan egon zen ikastetxe katolikoan ikasle eta berrogei urte luzeetan isilik atxiki ditu bertan jasandako... [+]
Espainiako Estatu mailan, behera egin dute bai ezarritako babes-neurriek bai aurkeztutako eskaerek.
Azken bi hamarkadetan indarkeria matxistaren gaia lehen lerrora ekarri du mugimendu feministaren borrokak, besteak beste, eta bikote arteko indarkeria edo “familia arazo” gisa deskribatzen zenak, eremu publikora eta kalera egin du salto. Indarkeria matxistaren... [+]
Ostegun gauean emakume bat bortxatzea egotzita atxilotu zuten gizon bat larunbatean. Gizona kasua argitu arte zaintzapean dago. Mobilizazioa egin du Itaiak astelehenean 18:30ean, Baionako Herriko Etxean, eta horren erantzukizuna azpimarratu du.
Hamaika eraso Uztaritzeko (Lapurdi) San Frantses Xabierko ikastetxe katolikoan gertatu ziren, beste biak Domintxaineko (Zuberoa) ikastetxe katolikoan eta Angeluko (Lapurdi) San Josepe ikastetxe publikoan. Uztaritzeko ikastetxean ikasitako bost gizonek beren testigantzak eman... [+]
Prentsaurrekoa eskaini dute ostegun honetan Marc Aillet Baionako apezpikuak, elizbarrutiko hezkuntza katolikoko zuzendari Vincent Destaisek eta Betharramgo biktimen entzuteko egiturako partaideetarikoa den Laurent Bacho apaizak. Hitza hartzera zihoazela, momentua moztu die... [+]
Antifaxismoari buruz idatzi nahiko nuke, hori baita aurten mugimendu feministaren gaia. Alabaina, eskratxea egin diote Martxoaren 8ko bezperan euskal kazetari antifaxista eta profeminista bati.
Gizonak bere lehenengo liburua aurkeztu du Madrilen bi kazetari ospetsuk... [+]
11 adin txikikori sexu erasoak egiteagatik 85 urteko kartzela zigorra galdegin du Gipuzkoako fiskaltzak. Astelehenean hasi da epaiketa eta gutxienez martxoaren 21era arte luzatuko da.
Matxismoa normalizatzen ari da, eskuin muturreko alderdien nahiz sare sozialetako pertsonaien eskutik, ideia matxistak zabaltzen eta egonkortzen ari baitira gizarte osoan. Egoera larria da, eta are larriagoa izan daiteke, ideia zein jarrera matxistei eta erreakzionarioei ateak... [+]
Elizak 23 kasu ditu onarturik Nafarroa Garaian. Haiek "ekonomikoki, psikologikoki eta espiritualki laguntzeko" konpromisoa adierazi du Iruñeko artzapezpikuak.
15 urteko emakume bati egin dio eraso Izarra klubean jarduten zuen pilota entrenatzaile batek.
Lestelle-Betharramgo (Biarno) ikastetxe katolikoko indarkeria eta bortxaketa kasuen salaketek beste ikastetxe katoliko batzuen gainean jarri du fokua. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Uztaritzeko San Frantses Xabier kolegioan pairaturiko indarkeria kasuak azaleratu dira... [+]
Bi neska komisarian, urduri, hiru urtetik gora luzatu den jazarpen egoera salatzen. Izendatzen. Tipo berbera agertzen zaielako nonahi. Presentzia arraro berbera neskek parte hartzen duten ekitaldi kulturaletako atarietan, bietako baten amaren etxepean, bestea korrika egitera... [+]
Martxoak 8a heltzear da beste urtebetez, eta nahiz eta zenbaitek erabiltzen duten urtean behin beren irudia morez margotzeko soilik, feministek kaleak aldarriz betetzeko baliatzen dute egun seinalatu hau. 2020an, duela bost urte, milaka emakumek elkarrekin oihukatu zuten euren... [+]
Neska adingabeari sexu abusuak era jarraituan egin zizkiola frogatutzat jo du Bizkaiko Lurralde Auzitegiak.