argia.eus
INPRIMATU
Botoia
Edu Zelaieta Anta 2017ko urtarrilaren 31

Botoi gorriaren mamuak zeharkatu zuen gure haurtzaroa, gero eta urrunago dagoen 80ko hamarkadan. Nik ordukoaz gogoratzen dudanaren arabera, gerra hotzaren ondorioz, halako botoi gorri batzuk irudikatzen genituen munduko (eta batez ere munduaren) agintari ahaltsuenen bulegoetan. Esan gabe doa, iparramerikarrek egindako pelikulak lagun, errusiarrak hartzen ohi zirela mehatxu nagusitzat planetaren hondamen nuklearra ekartzeko.

Haurtzaroaren mamua berritu dit iparramerikarrek eskaini diguten Obamaren eta Trumpen arteko botere-eskualdatzearen ekitaldiak: gizon zuriaz eta gizon beltzaz gainera, egon da hirugarren protagonista bat: (gizon militar batek eskuan zeraman) larruzko maleta bat.

Ingelesezko Wikipediak agertzen duenez, besteak beste, the button izena ere ematen zaio maleta horri. Eraso nuklearra aktibatzeko kodeak eta argibideak omen ditu botoiak. Kennedyz geroztiko presidente estatubatuar orok eskuratu izan du maleta, eta karguan iraun bitartean ondo-ondoan eduki izan dute denek. Zer gerta ere.

Trumpen eskuetan dago orain egiazko botoirik ez omen duen botoia. Neurez dudan joeraren kontrara, nostalgia mikorik ere ez dut sumatu.