Elikagai askotako etiketan aurkitu dugu esaldi hori azken boladan. Modan jarri da glutenik gabe jatea, adituen arabera osasuntsua ez bada ere. Aldiz, zeliakoentzat ezinbesteko dieta da, bizi osorako. Glutena ukitu duen elikagaiak ere min egiten baitie gorputzean, askotan ohartu gabe ere.
Egunerokotasuneko oztopo nagusia etxetik kanpo zerbait jatean sortzen zaie Nerea Segura eta Nerea Ojueli. Biak dira zeliakoak, hau da, glutenari intolerantzia iraunkorra diote biek. “Hainbat lekutan glutenik gabeko plater edo pintxoak dituztela diote, baina ez da eskaintza handia izaten. Lagunek bat-batean kalean jateko esaten badidate arazoak sortzen dira, kontu handiz ibili behar izaten dudalako jaten dudan horrekin”, nabarmendu du Segurak. Bera dietista ere bada eta azaldu digu glutena duen zerbait jatean bi erreakzio izan ditzaketela zeliakoek: Sintomak dituztenak daude batetik, eta bestetik sintomarik ez dutenak, 8tik 7 multzo honetakoak dira. “Sintomak dituztenek oso erraz jakingo dute glutena jan dutela, digestioa egin bezain laster, asintomatikoek, aldiz, ez, baina lesioa berdin-berdin egingo die”.
Ojuelek azaldu digu berak halako kasuetan berehala, 30 minuturen buruan, jakiten duela, sintomak izaten baititu. Sintoma ohikoenak beherakoa eta goragalea izaten dira. Biek nabarmendu dute azken urteotan jatetxeetako eskaintza izugarri handitu dela eta horrek asko erraztu diela guztia. “Duela 10 urte zeliakoa nintzela esaten nuenean azalpen gehiago eman behar izaten nituen, orain, askotan, badakite zer den, eta beraz, zer eskaini”, dio Ojuelek. Euskal Herriko jatetxe edota tabernetan geroz eta formazio handiagoa dutela uste dute biek, hainbatetan hankamotz ikusten badituzte ere.
Bada gaia ongi ezagutzen duen sukaldaririk, Juani Paniagua kasu. Antzeko bizipenen ondorioz, duela 6 urte Lazkaon (Gipuzkoa) Orobione jatetxea ireki zuenean, hasieratik argi izan zuen zeliakoentzat gainontzekoentzako bezainbeste eskaintza izango zuela jatetxean. “4 urte lehenago zeliakia diagnostikatu zidaten. Kalean jateko nuen zailtasuna ikusirik oso argi izan nuen. Lagunekin edota familiarekin atera eta beti nuen edozein lekutara ezin joana, kontaminatzeko beldurrez”. Guztia jatetxean bertan egiten du berak eta, esaterako, glutenik gabeko kroketak eta badutenak prestatzen ditu. Erabiltzen dituen saltsa guztiak ere glutenik gabekoak dira. “Jendea harrituta geratzen da, denetik topatzen duelako hemen”.
"Niretzako bazkaria prestatu dezakete, glutenik gabe, baina ez da hori bakarrik, niretzako patata frijituak egin aurretik glutena duen zerbait frijitu badute leku horretan, kontaminatu egiten naute"
(Juani Paniagua, zeliakoa)
Beti egin du lan ostalaritzan eta azken urteotan gauzak aldatu izango zirela espero du: “Leku oso onetan egin dut lan eta asko haserretu izan naiz gai honekin. Anekdota bat datorkit burura, Donostiako jatetxe oso ezagun batean ezkontza batean lanean ari nintzela ikusi nuen zeliakoa zen pertsona bat kontaminatzeko arriskua zegoela; sukaldariari esan nion, eta hark erantzun zidan ezkontzetan jendeak ez diela erregimenei jaramonik egiten. Zeliakoarengana joan nintzen eta ezer jan aurretik nirekin hitz egiteko esan nion”. Azken egunotan Madrilen izan da eta zeliakoentzako menurik zuten galdetzean “ah, bai, zer zen jan ezin zenutena?” erantzun zioten. Kontzientzia eta interes falta dagoela uste du berak. “Niretzako bazkaria prestatu dezakete, glutenik gabe, baina ez da hori bakarrik, niretzako patata frijituak egin aurretik glutena duen zerbait frijitu badute leku horretan, kontaminatu egiten naute”. Nabarmendu du dena aurretik izugarri garbitu behar dela, kontaminazio gurutzatuarekin ere kontu handiz ibili behar da eta berari beldur izugarria sortzen dio sukaldeetan egiten denak.
Modako dieta askorentzat, ezinbestekoa zeliakoarentzat
Geroz eta glutenik gabeko produktu gehiago dago. Modan ere jarri dira glutenik gabeko dietak, argaltzeko bide erraza direlakoan. Baina Segura dietistak azaldu digu hori ez dela horrela. “Tontakeria bat da. Hollywoodeko aktoreak horrela jaten hasi ziren, glutenik gabe jateak argaltzen zuela argudiatuta, eta ideia hori zabaldu egin da”. Azaldu digu AEBn nola jaten duten ikusita, pizzak eta hanburgesak euren dietan duten lekua ikusita, eta dieta zeliakoan horiek jan ezin direla kontuan hartuta eragingarria izan litekeela, azken batean, barazki gehiago jatera bideratzen zaituelako. Aldiz, gurean aldaketak ez dira onuragarriak dietistaren hitzetan. “Ogi arrunta glutenik gabeko ogi bategatik aldatzen badugu, esaterako, ikusiko dugu zeliakoen produktuak nutrizionalki askoz ere okerragoak direla, grasa gehiago dute, azukre kopuru gehiago, eta beraz, argaltzeko bide egokiena ez da hori”.
Tratatuak dauden elikagaiekin izaten dute arazo gehien zeliakoek, ondorioz, horiek saihesten saiatzen dira, janari prozesatuek glutena izatea ohikoa delako. Zaporeak indartzeko ere erabiltzen dute glutena gaur egun hainbat produktutan. Bea Manzanaresen hemeretzi hilabeteko semea, Aiur, zeliakoa da. Azken lau hilabeteotan eginiko froga ezberdinek ondorioztatu dute hori. Orain eurei egingo dizkiete frogak, semea bezala familiako gainerako kideak zeliakoak diren jakiteko. Ohikoena sintomak haurtzaroan agertzea bada ere, bada ia bizitza osoa sintomarik gabe pasa eta zahartzaroan azaleratzen zaizkionik. Manzanares, zeliakoen munduan murgildu berritan, harrituta geratu da bereziki zeliakoen janariaren prezioarekin.
Hiru edo lau aldiz garestiagoa
“Oso garestia da. Bereziki ogia. Bimbo markako ogiak euro bat balio badu, 4 inguru balio ditu glutenik gabekoak, eta kopuru txikiagoa izaten da, lehenengoak kg1 badu, bigarrenak 400gr besterik ez ditu”, azaldu digu Manzanaresek. Gaineratu du glutenik gabeko ogia erostea arazo bat dela, ogi freskorik ez dutelako aurkitzen.
Guztiek nabarmendu dute supermerkatu gehienetan glutenik gabeko jakiak topatu litezkeela. Geroz eta produktu gehiago daude merkatuan, eta nahiz eta garestia izan normaltasunerako bidea hartu duela uste du Segura dietistak. Prezioari erreparatuta, Ojuelek azaldu digu hilabeteko erosketan zeliakoa izateagatik ehun euro gehiago gasta ditzakeela maiz. Datuen arabera, bataz beste 1.200 euro gehiago gastatzen dute urtean jakietan. “Beti egon behar duzu zer erosi eta zer ez begiratzen”, gaineratu du Ojuelek.
Tratatuak dauden elikagaiekin izaten dute arazo gehien zeliakoek, janari prozesatuek glutena izatea ohikoa delako. Zaporeak indartzeko ere erabiltzen dute glutena gaur egun zenbait produktutan
Gaur egun, Europako arautegiaren arabera, glutena duten produktuetan etiketan agertu behar da baduela. Hori aurrerapauso bat izan da zeliakoentzat Seguraren hitzetan. “Hasieratik dakizu glutena duen ala ez, etiketan argi azaltzera behartu dituzte eta hori guretzat oso lagungarria da”. Glutena produktu askotan erabiltzen dutela gaineratu du, egonkortzaile bat delako; kontserbagarrietan, koloregai edota lodigarrietan egon liteke, adibidez. Erregistro kodea duten etiketei dagokienez, beste ohartarazpen bat ere egin digu: “Zenbaitetan glutena izan dezakete, kontuz ibili behar dugu horrekin”. Prezioei dagokionez, gaineratu du galletak eta pastak izaten direla garestienak eta, bere ustez, horiek erosteari utzita lortuko lukete erosketa-saskiaren aurrekontua jaistea, saiakera hori egitearen aldekoa da bera.
Etiketen argi-ilunak
Etiketak ongi begiratu behar direla dio Paniagua sukaldariak. Berari konfiantza gehien ematen dioten produktuak FACEren zigilua dutenak dira. Espainiako Zeliakoen Elkarteak gainbegiratuta daudela esan nahi baitu azken horrek. Gariaren gainean marratxo bat dutenen kasuan egileek diote glutenik gabekoa dela, baina elkarteak gainbegiratu gabekoak dira. Eta amaitzeko, badaude garia ez dutela diotenak, eta berez glutenik izan behar ez luketenak, baina izan ditzaketenak. Horiek dira zeliakoen arazo iturri nagusia. “Produktuak glutenik ez badu ere, hori ontziratzen duten lekuan, esaterako, aurretik glutena duten produktuak ontziratu ditzakete, eta beraz, produktua kontaminatuta egon liteke”. Seguruenik horren eragina hortik gutxira sumatuko dute zeliako askok; Paniaguak azaldu digu berak goragalea, konbultsioak eta beherakoa izango lituzkeela jarraian.
Bestalde, harrituta topatu dugu Segura dietista, azken aldian, modaren eraginez, supermerkatuetako produktu askotan “glutenik gabekoa” jartzen duelako, berez azalpena eman beharra ez dagoen horietan ere. “Ur edota olio botilak ikusi ditut etiketa horrekin, eta argi dago ez dutela glutenik, inoiz ez baitute izan”. Modak onurak ere eragin dizkie zeliakoei, etiketak argiagoak direlako, eta informazioari dagokionez, aldaketa handia nabaritu dutelako protagonistek azken urteotan: “Nik duela 10 urte liburu batekin ibili behar izaten nuen zer jan eta zer ez jakiteko, azken urteotan, diagnostikatutako pertsona kopurua igo den neurrian informazioa errazago aurkitzen dugu guztiok”, gaineratu du Ojuelek.
Bera urtebete ingururekin diagnostikatu zuten, baina kostata, bi aldiz egon zen “beste mundura joatear”, hor ere ikusi dugu aldaketa protagonistaren hitzetan. Ojuelek ingresatuta pasatu zuen garaiak ez du zerikusirik izan Manzanaresen semeari eginiko diagnostikoarekin. Hala ere, azken honek nabarmendu digu hasieran ama histerikotzat hartu zuela medikuak, eta astuna izatearen eraginez lortu zutela odol analisia semeari egitea.
Zeliakoak lehen momentutik barneratzen duen irakasgaia da “astuna” izan beharra dagoela, arazoak saihestuko baditu; etengabeko borrokan bizitzen ikasi behar duela.
Ehun herritarretik bat da zeliakoa. Glutenari intolerantzia iraunkorra da eta gaixotasun autoinmune gisa ere hartu ohi da. Gehienetan haurtzaroan agertzen dira sintomak, baina heldua izatean edota zahartzaroan ere agertu litezke. Bi zeliako mota daude: sintomak dituztenak eta ez dituztenak, baina bi kasuetan glutena albo batera uztea ezinbestekoa da, sintomarik ez dutenei ere heste meharrean lesioa eragiten baitie.
Ohiko sintomak pisu galera, gose falta umetan, nekea, izaera aldaketak, sabeleko mina, tristura, eta digestio arazoak (beherakoa edo goragalea) izaten dira.
Diagnostikoa egiteko odol analisi bat nahikoa izaten da gehienetan. Eta gaixotasuna ez da sendatzen, glutenik gabeko dieta bizi osoan jarraitu behar dute zeliakoek. Dieta ez jarraitzeak edo behin eta berriz hausteak gaixotasun kroniko ugari sor ditzake: asma, tiroidea kaltetzea, ugalkortasun arazoak, osteoporosia... eta zenbaitetan baita hesteetako linfoma ere.
Duela hainbat astetatik etengabe ari dira azaltzen plastikozko bolatxoak Galiziako Rias Baixaseko hondartza eta arroketan. Kargamentua abenduaren 13an galdu zuen itsasontzi batek Portugalen eta geroztik kostaldeko naturguneei ere eragiten ari da. Ekologista taldeek salatu dute... [+]
Lamuza Eskolako Guraso Elkarteak kritikak indartu ditu, ikusita janari eskasa ekartzen dien enpresa ikertzen ari direla, Serunion.
Lamuza Eskolako Guraso Elkarteak eskutitza bidali dio Hezkuntza Saileko Sailburu Jokin Bildarratzi jakinarazteko ikastetxeko umeak kexu direla janariaren kalitate eskasagatik. Gurasoek nabarmendu dute bazkaria Logroñon prestatzen dutela eta 120 kilometro garraiatzen... [+]
FoodTech edo elikagaien industria teknologikoak biderkatzen ari dira elikadura segurtasunaren izenean. Gainprodukzioan oinarritutako elikadura-sistema industrialaren parte izanik, onura ekonomikoa dute helburu, ez ordea elikadura-eskubidea, elikagai-xahuketa ere merkantilizatuta... [+]
Aspartamo edulkoratzaile artifiziala minbizia eragin ditzakeen substantzien artean jarri du Osasunaren Munduko Erakundeak, nahiz eta aldi berean “kontsumoa, neurrian, segurua” dela esan.
Begi-bistakoa da Euskal Herriko baserri tradizionalen eredua jada agortu dela, eta gero eta gehiago mugatzen ari dela folklorearen iruditerira. Azken bi hamarkadetan baserrien %70 galdu dela kalkulatzen da, eta baserritarrek zein adituek ohartarazi digute belaunaldien arteko... [+]
Ezker internazionalistan klasiko bat den Centre Tricontinental elkarteak aldizkari berezia eskaini dio gosearen geopolitikari: Un système alimentaire à transformer (“Eraldatu beharreko elikadura sistema”). Gosetea, azken hamarkadetan, eten ez, baina... [+]
1981ean Elikaduraren eta Nekazaritzaren Erakundeak (FAO ingelesezko sigla ezagunenetan) abiatutako Elikaduraren Eguna ospatzen da mundu osoan. Unanimitate itxura daukan Elikaduraren Mundu Eguna, ordea, ikuspegi ezberdinekin ospatuko dute batzuek eta besteek, berrikitan Bakearen... [+]
Covid-19a dela-eta hartu dute erabakia. Martxoaren 24 iluntzean jarri zuten indarrean eta aduanak zainduko dituzte arrozik atera ez dadin.
Duela lau hilabete, Gipuzkoako ama batek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean eta Arartekoan 3700 sinadura entregatu zituen. Bere eskaera Euskadiko ikastetxe eta ikastoletako jantoki guztietan menu beganoa jartzea zen. Orain arte, bai change.org-ren bidez bai eskuz,... [+]
Urriaren 5ean milaka pertsona bildu dira Frantziako Estatuko hirurehun hiri eta herri baino gehiagotako udaletxeen aurrean, "Nous voulons des coquelicots" (Mitxoletak nahi ditugu) deialdiarekin bat egiteko. Bi urte iraungo duen kanpainaren antolatzaileek ez dute... [+]
2016ko hasieratik bosgarren aldiz, Europako Batzordeak ez du lortu EBko estatu kideen gehiengoa glifosato herbizidari baimena luzatzearen alde agertzea. Indarrean dagoen baimena aurtengo abenduaren 31n iraungiko da, eta beste hamar urterako berritu nahi du Batzordeak,... [+]
E. Coli bakterioak kutsatutako haragia topatu dute Ipar Euskal Herriko saltokietan, eta Vignasse et Donney enpresak adierazi du dagoeneko saltokietatik marka horretako eta Belliande markako haragi xehetua eta hanburgesak kendu dituztela.
Yasmine Motarjemik borrokan dirau jakien alorrean munduko lehen multinazionala den Nestléren kontra. Auzitan azken sei urteotan enpresaren elikadura segurtasunerako zuzendari zenetik jazarri zutelako, lanik gabe utzi eta teknikari moduan izen ona zikindu dioten arren,