argia.eus
INPRIMATU
Nork bere burua famatzea itsusia omen da
  • ARGIAzaleek, jendeak ematen du indarra. Horixe ekarri nahi dugu aste honetan paperera: komunitatea. Harpidetza eredu berriaren bueltan egindako kanpainan galdetu dugu ea zergatik aukeratu duten ARGIA, eta ikusi zer jaso dugun bueltan.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko urtarrilaren 26a
Eñaut komikilariak “Indartu dezagun indartzen gaituena” kanpainarekin jokoa egiten duen irudi hau oparitu digu. Mila esker!
Eñaut komikilariak “Indartu dezagun indartzen gaituena” kanpainarekin jokoa egiten duen irudi hau oparitu digu. Mila esker!Eñaut

Aitziber: “ARGIA proiektuan sinesten dudalako. Egun gehien asetzen nauen komunikabidea delako eta eskuzabaltasunez ematen duenari lagundu nahi diodalako”.

Endika: “Behar-beharrezkoa baita kalitatezko eta euskarazko komunikabide independenteak izatea, ARGIA bezalakoak”.

Alex: “Zuen aldizkariak jorratzen dituen gaiak oso interesgarriak iruditzen zaizkidalako. Proiektu herritarra eta parte-hartzailea delako”.

Eneko: “Beste komunikabide batzuk isilarazten dutenari behar duen garrantzia ematen zaiolako, edukiek interesa piztu ohi didatelako, euskaraz delako eta ikus-entzunezkoak eta infografiak euskaraz eskuragai izateari garrantzia ematen zaiolako”.

Gari: “Produktu komunikatibo bezala oso interesgarria iruditzeaz gain, azken 4-5 urteetan kontzeptu aldetik izan duen bilakaera oso interesgarria iruditzen zait. Jarraitzailea nintzen baina ezin nuen aldizkaria etxean jaso, ezin asumitu nezakeen gastua zelako. Gurasoen etxean irakurtzen nuen paperean, arrazoi ekonomikoengatik beraiek ere harpidetza eten behar izan zuten arte... Harpidedun ez izateko arrazoi bakarra ekonomikoa nuenez, zuek ahalegin hori egin duzuen unean, nik ere neurea egin dut”.

Maria: “Zuena kazetaritza zintzoa, kritikoa eta duina delako”.

Iban: “Euskal Herriko kazetaritza independentea gura baduzu, duda barik ARGIAra harpidetu!”

Komunitatean oinarritzen den proiektu honekin jarraitzeko bultzada ederra da hau. Mila esker lerro hauetan agertzen zareten eta ezkutuan geratu zareten guztiei.