argia.eus
INPRIMATU
Kapitalismoa ardi larruz jantzia
  • Munduko elitean dauden enpresa, gizarte eragile, politikari eta intelektualen artetik 2.500 lagun bildu ziren Davosen eta pertsonako 20.000 euro gastatu zituzten lau egunetan, munduko egoera aztertu eta kapitalismoak hobeto funtzionatzeko modua aurkitu nahian.

Juan Mari Arregi 2017ko urtarrilaren 24a

Egokitu eta berrasmatu, eraberritu. Horixe da munduko kapitalismoaren guruen mezua. Euren sistemak sortzen duen desberdintasunarekin eta industria iraultza berriarekin kezkatuta, egoerak muturrera egin eta jasanezina bihurtzeko beldur dira, sufritzen ari den masa horrek planto egin eta iraultzari ekitearen beldur. Industria iraultza berriak ekarri duenaren adibide bat: makina eta robotek AEBetan taxiak, kamioiak eta abar gidatzen dituzten hamabi milioi lagun langabezian utz ditzakete, automatikoki gidatuko baitira. Eta badaude enplegu suntsiketa masiboa ekar dezaketen beste hainbat adibide.

Badakite euren sistemak langabezia, migrazioak eta heriotza sortzen dituela, hainbeste, ezen orain “merkatuan oinarrituriko sistema inklusiboak” sortu nahi dituzte. Hau da, esplotaturiko klaseak euren sisteman pixka bat integratu nahi dituzte, iraultza soziala egiteko tentazioak alde batera utz ditzaten. Jakin badakite etekinen pilaketa egunero handiagoa dela, eta arrakala soziala ere handitzen ari dela; horregatik diote euren aberastasuna “hobeto” banatu behar dela –langileen soldatak apainduz, besteak beste–, baina pasa gabe... Eta euren gestore politikoei dei egin diete “iparrorratz eta radarrez” agindu dezatela, jendearen nahigabea ahalik eta azkarren antzeman eta protestak ez dezan esku artetik ihes egin.