argia.eus
INPRIMATU
Durangaldeko bederatzi eskola kalitatezko jantokien alde
  • 2015eko irailean, Durangaldeko hainbat eskoletako gurasoek Berton Bertokoa ekimena sortu zuten. “Gure Platera Gure Aukera kanpainatik abiatuta, elikadurarekin kezkatuta geunden gurasoek elkartzea erabaki genuen”, azaldu digu Alex Azpirik. Berton Bertokoaren bultzatzaile bakarrak ez dira guraso elkarteak, ordea. Eskola kontseiluetako hainbat partaide ere elkartu dira mugimenduan.

Garazi Zabaleta 2017ko urtarrilaren 26a
Durangaldeko nekazariek Berton Bertokoa ekimenari babesa adierazi zioten unea.
Durangaldeko nekazariek Berton Bertokoa ekimenari babesa adierazi zioten unea.anboto.org

Eskoletako jantokien gaineko eztabaidan iritzi anitzak daudela jakitun, ekimenaren bultzatzaileek hasieratik adostasun minimoak bilatzearen aldeko apustua egin dute, ahalik eta indar gehien biltzeko asmoarekin. “Zerbaiten kontra egin beharrean, umeen garapenerako egokiena denaren alde egitea da gure ideia”, dio Azpirik.   

Asmo hori erdigunean jarrita, lau puntuko manifestua osatu dute:

    1. Umeek elikadura osasuntsurako eskubidea dute.
    2. Elikadurak kantitatean ez ezik, kalitatean ere egokia behar du izan.
    3. Hurbileko eta sasoiko produktuak dira umearen garapenerako egokienak.
    4. Produktuek beren propietateak mantentzeko, momentuan bertan prestatu behar dira.

Manifestu hori hartu eta guraso elkarteetara joan ziren atxikimendu bila. Eskualdeko bederatziren babesa lortu zuten.

Gizarteko esparru anitzetatik babesa

“Jantokietan bertako eta sasoiko elikagaiak erabiltzeak ekarriko lituzkeen onurak ez dira haurren garapenera mugatzen: inguruko lehen sektoreko ekoizleak bultzatuko lituzke, bertako ekonomia indartu, gure kultura mantendu, kutsadura murriztu…”. Onurak agerikoak lirateke, Azpirik azaldu bezala.


Guraso elkarteen babesa jaso ondoren, ekoizleengana jo zuten ekimeneko kideek. EHNE sindikatuaren, ENEEK nekazaritza ekologikoko elkartearen eta Durangoko merkatu plazako baserritarren babesa jaso zuten lehenik. Hezkuntza eragileen atxikimendua lortu zuten gero: BIGE, EHIGE, Sortzen eta Ikasle Abertzaleak; eta sindikatuena azkenik: ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS eta UGT.

Gizarteko alor anitzetatik babes zabala jasota, lanean jarraitzeko indar nahikoa badute Berton Bertokoa ekimeneko kideek. “Berton bertoko produktuak gure jangeletan prestatuak izan arte, lanean jarraituko dugu”.