argia.eus
INPRIMATU
Getozka
  • Ikasi berria dut bere izena. Azkue Euskaltzaindiko lehen lehendakaria izan zenak egindako ohar batzuetan aipatzen dituen eta Londresen omen dauden Bonaparte printze eta euskal hizkuntzalari frantsesaren paper batzuetan azaltzen da izen hori. Getozka izeneko landareaz ari naiz, Portulaca oleracea. Ez nuen ezaguna. Jakin-mina galgalka, “ketozkia” eta “ketorkia” ere deitzen dela irakurri dut. Larramendik bere 1745eko hiztegian “ketozkia” izena jasoa du. Bizkaiko flora-katalogo batean “ketorkia” izena ere aipatzen da. Beraz, ez da bart arratsean Mediterraneoa gabarra batean zeharkatu duen etorri berria...

     

Jakoba Errekondo 2017ko urtarrilaren 18a
Ez da urte asko gure baratzeetako “belar txartzat” jotzen dugula getozka, Portulaca oleracea. (Arg.: Jakoba Errekondo)
Ez da urte asko gure baratzeetako “belar txartzat” jotzen dugula getozka, Portulaca oleracea. (Arg.: Jakoba Errekondo)

Jatorria India eta Persia arteko mundu horretan duela badiote ere, aspaldiko ezaguna da Asiako eta Europako hegoaldeetan. Nik bai ikusi izan dudala Mediterraneoaren ekialdeko azoketan... Ez nekien zertarako erabiltzen zuten: sendagai, jaki, espezia... Orain badakit: denetarako. Entsaladan hosto berde bixi gisa, zopa loditzeko bere muzilagoari esker... Eta osagai bikaina da: ziazerbak (Spinacea oleracea) baino antioxidatzaile eta zenbait arrain urdinek baino omega-3 gehiago ditu, eta A, C eta B multzoko bitamina ugari du zenbait mineralekin batera (burdina, magnesioa, kaltzioa...).

Ez da urte asko gure baratzeetako “belar txartzat” jotzen dugula. Egia da urteetan ezagutu izan dugula, han-hemen, baina gaur egun zenbait baratzetan ikaragarrizko izurritea da; gero eta gehiago ikusten da; ez landatua, belar inbaditzaile gisa, geuk jarri gabe sortua eta oparo ugaritzen dena. Belar “txarra” alegia. Ez da lurretik asko altxatzen, nahiago du lurraren gainean hedatu. Zorten gorriak eta hosto berdeak, denak mamitsuak dira: pottolo biguin urtsuak. Lurpean dauden haziek 40 urte itxaron dezakete baldintza egokiak etorri eta ernatu arte. Egoskorra da, getozka arraioa. Eta jende askok galdetzen dit nola kendu, nola demontre desagerrarazi. Irakurraldi hauek erakutsi didate zein erantzun eman: jan ezazu. Eta ez, asko gustatuko bazaizu ere, ez dena jan eta akabatu. Utzi beti lur zatitxoren bat beretzat, eta gozatu! Belar txarra, belar ezin hobea!