argia.eus
INPRIMATU
... eta jaki ekologikoak soilik jango bagenitu?
  • Esperimentua egin du Japoniako Greenpeacek bi familiarekin: hamar egunez, jaki ekologikoz soilik osatutako dieta jarraitu dute partaideek. Nola eragin ote du horrek beren osasunean?

Garazi Zabaleta 2017ko urtarrilaren 25a
Sustantzia kimiko gutxiago gure gorputzetan

Nekazaritza konbentzionalean oso erabiliak diren pestizidetako sustantziek (glifosatoa, neonikotinoideak, piretroideak, eta abar), ingurumena kaltetu ez ezik, gure gorputzetan amaitzen dute barazkiak jandakoan. Azken urteetan egindako ikerketa askok lotu dituzte sustantzia horiek arazo neurologiko, garapen kognitiboko atzerapen edota kantzerra bezalako osasun arazoekin.

Greenpeacen azterketako emaitzek, esperimentuko partaideen organismoetan pestiziden presentzia nabarmen jaitsi dela erakutsi dute. Batez ere pestizida organofosforatuetatik eratorritako elementu kimikoen, piretroideen eta glifosatoaren presentzia da gutxitu dena: DAP gernu-dialkilfostatoa (hainbat organofosforaturen degradaziotik eratorria) litroko 100 mikrogramotik 20 mikrogramo baino gutxiagora jaitsi da, adibidez.

Hamar eguneko esperimentu laburra izan dela kontuan hartuta, esanguratsuak dira datuak, adituen ustez.

Garrantzitsua, bereziki haurrentzat

Nekazaritza ekologikoko jakiak hartzea edonorentzat bada onuragarri, esperimentuko egileek haurren elikaduran jarri nahi izan dute fokua, batez ere. Izan ere, produktu kimiko eta toxikoek kalte gehiago eragiten dizkie haurrei, garapen betean daudelako

Gorputzeko pestiziden gutxitzea, ordea, ez da %100 jaki ekologikoak hartzearen onura bakarra izan, parte hartzaileen arabera: “Honek bizimodu geldoagoa gozatzeko aukera eman dit. Jakiak guk geuk prestatzera behartu gaitu, aurretik prestatutako janari ekologikorik ez baitago, eta horrek familian, elkarrekin momentuak konpartitzeko eta horrekin gozatzeko aukera eman digu”.