“Ablazioak min ematen badigu, utz dezagun alde batera tradizioaren zati hori”

  • Fatima Djarak ez ditu saltzeko bere herriko, Ginea Bissauko, ohiturak. Denari eusteko prest ez dago, ordea. Ablazioa desagerrarazteko borrokan dabil, batik bat Nafarroan. Kontu handiz ari da lanean, ez du uste mutilazio genitala egiten dutenak gaizkiletzat hartu behar direnik.

Djamila Maiga maliarra eta Fatima Djara Sani Ginea Bissaukoa, Munduko Medikuak erakundeko Nafarroako teknikariak. Argazkia: Dani Blanco.
Djamila Maiga maliarra eta Fatima Djara Sani Ginea Bissaukoa, Munduko Medikuak erakundeko Nafarroako teknikariak. Argazkia: Dani Blanco.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Fatima Djara Sani (1968, Ginea Bissau)

14 urterekin Kubara joan zen ikastera. Herri-Lan ingeniaritzan lizentziatu ondoren, Ginea Bissaun eta Bruselan bizi eta lan egin zuen. 2005ean, alargun gelditutakoan, Bilbora etorri zen eta handik Nafarroara. Egun, emakumeen mutilazio genitalaren aurkako aktibista da. Munduko Medikuak elkarteko bitartekari dihardu, giza integraziorako goi teknikaria, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluko kidea eta Flor de Africa emakumeen elkarteko sortzailea da. 4 urte zituela ablazioa egin zioten eta bere esperientzia Indomable liburuan bildu zuen 2015ean. 10 urteko Asier mutikoaren ama da.

Nolakoa izan zen zure haurtzaroa?

Aita mandinga etniakoa zen eta musulmana. Ama hegoaldean dagoen Catió  hirikoa eta kristaua. Bissau hiriburuan elkartu eta han sortu zuten familia. Amaren aldetik sei anai-arreba izan nituen eta aitaren aldetik asko ginen, baina egun soilik bost gelditzen gara. Oso familia xumea zen gurea. Aita arrantzalea zen eta nik 7 urte nituenean itsasoan hil zen. Osaba batekin gelditu nintzen eta barnetegi batera eraman ninduen ikastera. Ginea Bissauk herrialde sozialisten laguntza handia izan zuen. Adibidez, askatze borrokaldian hil zirenen seme-alabentzako ikastetxeak ireki zituzten. Hara joateko aukera izan nuen. Ondoren, Kuban izan nintzen 14 urtetatik Herri-Lan ingeniaritza ikasketak amaitu arte. Afrikako jende asko ibili ginen urte haietan: Sahara, Mozambike, Angola, Sao Tome, Cabo Verde, Etiopia, Sudan… Ikasketak amaitutakoan Gineara itzuli eta 1991tik 2004ra Herri-Lan Ministerioan egin nuen lan.

Zergatik atera zinen Ginea Bissautik 2004an?

2003an Ministerioak errepideak mantentzeko hitzarmen bat sinatu zuen Belgikarekin. Hara joan nintzen ikastaro bat egitera eta han ezagutu nuen ugaltze tratamendua egiten lagundu zidan neska. 1992tik ezkondua nintzen eta seme-alabak nahi genituen ekarri, baina ezin. Dena abian jarri genuen, baina nire senarrak Bruselara tratamenduan parte hartzera joan behar zuenean, auto istripua izan zuen Ginean eta hil zen. Kolpe latza izan zen. Mundua goitik behera etorri zitzaidan. Etxera itzuli eta dolu-aldia amaitzean alde egitea erabaki nuen, ezin nuelako gehiago. Erotzeko hurren nengoen. Bruselan urtebete eman ondoren amak esan zidan Bilbon bizi den ahizparengana joateko. Eta hori egin nuen. Ahizpari bere haurrekin laguntzen nion eta hasi nintzen emakume afrikarren mugimenduak ezagutzen. Munduko Emakumeak elkartearekin hasi nintzen lanean. 2008an Munduko Medikuak erakundeak lan eskaintza bat atera zuen, aurkeztu nintzen, eta Iruñera etortzeko proposamena egin zidaten. Hemen nabil orain, 10 urteko semetxoarekin.

Zertan datza zure lana Munduko Medikuak elkartean?

Emakumeen mutilazio genitalaren prebentzio programa bateko arduraduna naiz. Nafarroan bizi den komunitate afrikarra sentsibilizatu eta formatu nahi dugu. Askok pairatu dute edo gertutik ezagutzen dute, baina ez dute txartzat hartzen. Emakume askok ez dute onartzen bai fisikoki bai psikologikoki kaltetuak izan direnik. Izan duten heziketagatik pentsatzen dute emakumearentzat ona dela mina onartzea, negarrik ez egitea, horretaz ez hitz egitea. Bitartekari izanda eta ablazioa pairatu dugun emakumeak izanda, gure lana bada mutilazioak zer eragiten digun erakustea. Guk hori bera pasa dugu, gauza berdinak entzun ditugu, eta esan nahi diegu dena gezurretako mito bat dela. Errua ez diegu gure gurasoei, gure zaharrei, bota nahi, baina aldaketa soziala eragin behar dugu. Mutilazioak min ematen badigu, tradizioaren zati hori alde batera utz dezakegu, eta beste guztiarekin jarraituko dugu, ohitura eder eta denontzako onuragarria izan dadila.

Zein zerbitzu eskaintzen dituzue?

Laguntza zerbitzua ematen diegu emakumeei medikuarengana joateko, adibidez. Gizonekin ere lan asko egiten dugu. Askotan ez dakite zer den eta ablazioa gizonen zirkunzisioarekin alderatzen dute, baina ez du batere zerikusirik. Emakumeari klitoria kentzen diote, haragia, eta ez azal pusketa bat. Tailerretan, baginaren erreprodukzio bidez erakusten diegu zer den mutilazioa eta izutu egiten dira.

Afrikarrekin lan egiten duten profesionalei formakuntza ematen diegu. Sarri hemengo medikuek, irakasleek eta gizarte laguntzaileek ez dakite nola heldu gaiari, ez dituztelako afrikarren ohiturak eta pentsamoldeak ezagutzen. Profesionalek besteen lekuan jarri behar dute eta gauzak nola esan pentsatu, aurrean duena iraindu gabe.  

Argazkia: Dani Blanco.

Zeintzuk izan dira aurrerapauso nabarmenak Nafarroan?

2013ko uztailean prebentzio protokoloa onartu zen eta horri esker bideratzen dira formakuntza saio guztiak. Horrekin batera, mutilazioa pairatzeko arriskuan dauden nesken familiek agiri bat sinatu behar dute haien jatorrizko herrietara oporretara joan aurretik, ablazioa eginen ez dietela hitzemanez. Itzulitakoan, medikuak azterketa egiten die neskei eta mutilaziorik izan bada gizarte zerbitzuei eta adingabeen fiskaltzari berri ematen die. Gurasoek 6 eta 12 urte arteko kartzela zigorrak jaso ditzakete. Oso argudio indartsua da, semea edo alaba kartzelan sartuz gero nork mantenduko du familia hemen eta Afrikara dirua bidali? Horrez gain, familiei erakusten diegu gaia nola argudiatu Afrikan, hango senitartekoen aurrean, baina errespetua galdu gabe.

Guk halako muturreko egoeretara, zigor penalera, ez dugu iritsi nahi, ablazioa egiten dutenak ez direlako gaizkileak, gure ustez. Ama guztiek onena nahi dute beren alabentzat, baina ez dugu ahaztu behar gizarte patriarkal eta oso tradizionalaz ari garela. Ezin ditugu pertsona horiek gure ikuspuntutik soilik epaitu. Oso ongi dago hori dena kode penalean agertzea, baina gure filosofia, gure estrategia, emaitza horiek saihesteko aldez aurretik lan egitea da.

Afrikarrek nola hartzen dute zuek esandakoa?

2008an hasi ginenetik hona, Nafarroan, aurrerapen nabarmena ikusten da. Hasieran oso zaila zen afrikar komunitatearengana iristea. Antolatzen genituen saioetara ez zirela etortzen ikusita, estrategia aldatzea erabaki genuen. Osasun sexual eta erreproduktiboa lantzen hasi ginen haien auzoetan eta elkarguneetan, gizarte zerbitzuen laguntzarekin. Ez zuten hitz egin nahi. Hasieran pentsatzen zuten erotuta nengoela mutilazioaz hitz egiten nuelako eta kalera bidaltzen ninduten. Orain, aldiz, horretaz mintzatu nahi duzula edo dokumental bat egin nahi duzula esaten baduzu emakume guztiek nahi dute parte hartu eta haien ahotsa jarri mutilazioa bukatzeko. Hemen, orain, gizon afrikarrek mutilazioaz hitz egiten dute. Askok eta askok badakite zer den eta zer ondorio dakartzan. Oraindik lan handia dago egiteko, baina aurrera goaz.

Emakume afrikarrek zer pentsatzen dute ablazioaren kalteez?

Kalteak asko eta ikaragarriak dira, bai osasunaren aldetik, baita psikologikoki ere. Ondorio fisikoak mutilazio motaren araberakoak izaten dira. Lehen motako ablazioa bada, hau da, klitoriaren prepuzioa mozten badute, emakume ugarik ez du kaltegarritzat jotzen, ez duelako plazer sexuala ezagutzen. Beste arazo batzuk, fistulak edo erditze momentuan izan daitezkeenak, sarri ez dira ablazioaren ondoriotzat jotzen. Batzuek arazo fisiko horiek superstizioekin lotzen dituzte. Uste dute gaizki daudela budu egin dietelako, adibidez. Gainera, gaizki ikusia dago sufrimendua erakustea. Emakume batek horrengatik sufritzen badu, triste badago, depresioan erortzen bada, jendeak erotzat hartzen du eta familiak baztertzen du.

Emakume askok osasun mentaleko arazo larriak dituzte.

“Guk halako muturreko egoeretara, zigor penalera, ez dugu iritsi nahi, ablazioa egiten dutenak ez direlako gaizkileak, gure ustez”

Zein da ablazioaren helburua?

Gure gizarte eredu patriarkalean ablazioa emakumea menderatzeko modu bat da, bere sexualitatea kontrolatzeko modu bat. Nork dio, adibidez, hemengo emakume zuriak edo mutilatuta ez dauden beltzak ez direla garbiak? Nork dio klitoria neurriz kanpo haz daitekeela zakil bihurtu arte? Nork dio mutilatuta ez dagoen emakumeak ezin duela birjina iritsi ezkontzara? Birjintasuna eta mutilazioa ez doaz lotuta. Ni mutilatua naiz eta ez nintzen ezkontzara birjina iritsi, ez nuelako nahi izan. Eta kito. Zorionez, pentsatzeko modu hau azkar ari da zabaltzen baita Afrikan ere, eta oraingo gazteek ez diote garbitasunari lehen bezalako garrantzirik ematen.

Hemengo gizartea nola ikusten duzu?

Iruñea gustatzen zait, txikia delako. Harrera ona egiten dio kanpokoari, baina jendea hotza da. Ez dut lehorra esan nahi, baina zaila da lagunak egitea. Herri txikietan integrazioa errazagoa da, afrikarrak harremanetan gaudelako eta jendea ezagutzea ere errazagoa delako.

Nafarroa, oro har, oso kontserbadorea da. Guk ahaleginak egiten ditugu integratzeko eta elkarbizitza sustatzeko, baina ez da erraza. Orain adibidez, Flor de Africa gure elkartearentzat egoitza bila gabiltza, baina ezinezkoa da. Emakume beltzei izugarrizko prezioak eskatzen dizkigute lokalak alokatzeagatik. Horregatik emakume afrikarrok erakundeei eskatzen diegu laguntza. Espazio bat nahi dugu gure kultura ezagutzera emateko, Afrika positiboan eta mundu guztiari irekian erakusteko.

Argazkia: Dani Blanco.

Euskara izan daiteke integratzeko laguntza bat?

Noski. Gustatuko litzaidake euskara ikastea, eta nire semeak ere bai, baina erraztasunik ez dago. Guk ezin diegu etxeko lanekin lagundu eta ikastetxeetan, adibidez, ikastordu batzuk jarriko balituzte irakasle batzuekin errazagoa litzateke. Gure seme-alabak hemengoak dira eta integra daitezela nahi dugu. Horretarako modu onena da hemengo bi hizkuntzak ikastea.

Zuk zenbat hizkuntza dakizkizu?

Portugesa, frantsesa, gaztelania eta Afrikako hizkuntza batzuk: aitaren aldetik mandinga, amarenetik pepel-a eta beste zenbait hizkuntzatan moldatzen naiz.

Indomable liburua kaleratu duzu. Zein da helburua?

Jendeari kontatu nahi nion nola bizi garen emakume afrikarrak. Ablazioa oso esperientzia mingarria izan da niretzat. 4 urte nituen, baina gogoratzen dut ebaketa egin zidaten eguna, eta inguruko emakumeek gauza bera pairatzen dutenean dena gogorarazten dizute berriro. Ahizpa nagusia eta biok esnatu gintuzten eta esan ziguten guretzako egun handia izanen zela. Amonaren etxera eraman gintuzten eta han festa handi bat egin zuten. Ebaketa egin ziguten eta gero zauria sendatu. Oso mingarria izan zen eta hurrengo egunak ere bai. Txarrena pixa egitea zen, erre egiten baitzuen.

Liburua egitea proposatu zidatenean oso gogorra izan zen niretzat, baina onartu nuen. Gorka Moreno kazetariak izugarri lagundu zidan nire sentipenak, oinazea eta errebeldia adierazten.

Zein asmo duzu etorkizunerako?

Etorkizunean Ginean ere lan egin nahi nuke. Dunia Musso (Emakumeen mundua) elkartea dugu hemen eta Ginean aldi berean lanean. Otsailaren 6an Ablazioaren Aurkako Eguna da eta bost kilometroko lasterketa antolatu nahi dugu horretaz ozenki hitz egiteko, ezer ezkutatu gabe. Enpresen eta jendearen laguntza behar dugu. Han gazte talde batekin ari gara lanean, formatzaileen formakuntza ikastaroak egiten ari gara haiekin eta oso ongi doa. Lasterketaren helburua da gizarteak ikustea jende gaztea mutilazioaren aurka dagoela.

Gaizkileak

“Hemengo jendeari informazioa ematen diogu, bestela izugarrikeria baino ez da ikusten eta pentsatzen dute gu, beltzok, gaizkile basatiak garela. Ez da inor kriminalizatu behar. Milaka urte dituen ohitura odoltsua ezin da egun batetik bestera desagerrarazi”.
 

Tradizioa bai, ablazioa ez

“Ablazioak iniziazio erritutik duena ederra da. Emakumeak elkarrekin basora joaten dira jai bat egitera eta han abestu eta dantzatu egiten dute. Adinekoek gazteei azaltzen diete zer den emakumea izatea, nola integratu taldean, nola gorde balore kulturalak… Horri eusten ahal zaio ebaketa mingarria bazter utzita. Tradizioak moldatu behar ditugu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Indarkeria matxista
Irunberriko Udalak ez du eraso sexisten aurkako kartela jarriko herrian, “ez delako beharrezkoa”

Irunberriko Talde Feministaren eskaerari uko egin eta eraso sexisten aurkako kartela ez dutela herri sarreran jarriko erabaki du Rocío Monclús buru duen udal gobernuak, ez dela beharrezkoa argudiatuta, "beste eraso batzuk ere gertatzen direlako". Udalaren... [+]


Nagore Laffage oroitu dute Iruñean, hilketaren 16. urteurrenean

Nagore Laffage Casasolaren heriotza salatu dute Iruñean astelehenean. 2008ko Sanferminetan Jose Diego Yllanesek hil zuen, Laffagek 20 urte besterik ez zituela.


Sexu abusuak egiteagatik zigortu dute epaileek Baionako apaiz bat, baina ez du kartzelara joan beharko

70 urteko apaizari urtebeteko espetxe zigorra jarri diote, baita bost urteko debekua adin txikikoekin lan egiteko ere. Bere ordenagailuan pedofiliazko edukia aurkitu zuten ikertzaileek. Itaiak elkarretaratzea egin du Baionan, epaiketa hasi aurretik.


Urruñan desagertutako emakumeak otsailean Poliziari jakinarazi zion senarrak “jazartzen” zuela

Ostegunean emandako prentsaurrekoan Jerome Bourrier prokuradoreak bikotea “dibortzio-prozesuan” zegoela adierazi du, eta senarrak ez zuela onartzen. Senarra jendarme ohia eta tiro kirolaria da, eta etxean zituen gerra armak ez dituzte aurkitu. Laure Zacchello... [+]


Emakume bat desagerturik da Urruñan eta hilketa matxistagatik ikerketa ireki dute

Laure Zacchello azken aldiz ikusi zuten ekainaren 21 goizean. Fiskaltzak astelehenean senarrari behin-behineko espetxealdia ezarri zion eta haren parte-hartzea froga dezaketen “zantzu serio eta sendoak” daudela informatu du Sud Ouest egunkariak. Jendarmeriak laguntza... [+]


La Salle jakitun zen Patxi Ezkiagak adin txikikoei egindako sexu abusuez, eta ez zuten neurririk hartu

El Paísek 24 testigantza jaso ditu idazle eta elizgizon legorretarrak egindako sexu-abusuak berresten dituztenak. Erasoak 8-9 urtetik 17 urtera bitarteko adin txikikoei egin zizkien. 1990. hamarkadan erasoez jakitun ziren Ezkiagaren lankideak, baina zituzten ekintzak... [+]


2024-06-19 | June Fernández
Irantzu Varela, komunikatzaile feminista
“Erreparazio zein mendeku ariketa bat da nire eleberria”

Lo que quede (euskaraz 'geratuko dena', Continta me tienes argitaletxea) liburuan bere senar ohiaren tratu txarrak eteteko prozesua harilkatu du eguneroko indarkeria matxisten kontakizunekin, eta bere bizitzako emakumeekin batera eraiki duen orainaldi gozagarriaren... [+]


21 urteko fisioterapeuta bat atxilotu dute Bilbon, emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta

Atxilotuak astelehen goizean, ekainaren 17an, egin zuen sexu erasoa, pazientea belauneko lesio batetik artatzen ari zela, emakumeak salatu duenez. Atxilotua ertzain-etxera eraman zuten eta aske utzi zuten, Bilboko Guardiako Epaitegiaren esku geratu ondoren.


18 urteko gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen sexu erasoa leporatuta

Adingabe bat bortxatu izana egozten zaio gazteari, zenbait komunikabideren arabera. Lakuabizkarra auzoan izan da erasoa, larunbatetik iganderako gauean, auzoko jaien testuinguruan. Kontzentrazioa egin dute erasoa gaitzesteko.


2024-06-12 | June Fernández
‘justizia doribelentzat’
Indarkeria matxista intersekzionalaren kasu paradigmatikoa

Gizon bilbotar zuri bat epaitua izan da bere bikotekidea (emakume migratua) bizirik erre izana leporatuta. Feminizidio frustratu horrek agerian uzten du biktimek bizi duten babesgabetasuna, indarkeria matxista arrazakeriarekin uztartzen denean.


2024-06-12 | Ane Labaka Mayoz
Euskaraz jaio

Carmen Junyent hizkuntzalaria izan zen katalanez hil ahal izatea bere azken hatseraino aldarrikatu zuena. Hil hurren zela, osasun-langileekin izandako bizipenak idatzi, eta bera hil ondoren argitara zitzatela eskatu zuen. Hizkuntza pertsona batek beste batekiko duen trataeraren... [+]


Etxebarriko emakume batek jasandako sexu-erasoa salatu dute ehunka herritarrek

Igandean egin dute elkarretaratzea, 17:00etan, Zintururi plazan, San Antonio jaietako jai batzordeak, txosnek eta Etxebarriko Udalak deituta. Eraso matxista larunbat goizaldean gertatu zen.


2024-06-07 | Axier Lopez
Patxi Ezkiagak Legorretako “seme kuttun” izateari utziko dio, udalak hala erabakita

Legorretako Udalak ostiralean jakinarazi du Patxi Ezkiaga idazle eta elizgizonari herrian egindako goraipamen guztiak kenduko dizkiola. Ezkiagak Marisol Zamorari umetan egindako sexu erasoak publiko egin ondoren hartu du erabakia udalak. Beste hiru emakumek ere salatu dituzte... [+]


Kasik ehun ikaslek salatu dituzte Betharramgo ikastetxe katolikoan jasandako bortizkeria fisiko eta sexu indarkeriak

Berria egunkariak eman du salaketen berri, garai hartan bertan egondako ikasle batzuen lekukotasunak ere bilduz. 1960ko hamarkadatik 1990eko hamarkadaren bukaera artean gertaturiko indarkeria fisiko, sexu bortizkeria eta bortxaketei buruzko lekukotasunak bildurik,... [+]


Emakume bortxatuari babesa helarazteko elkarretaratzea egin dute Kanbon

Talde bortxaketa pairatu zuen Kanboko emakume batek, ekainaren 1a eta 2a arteko gauean. Emakumeari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute asteartean, 19:00etan, Kanboko herriko etxearen aurrean. Bertan indarkeria matxistari aski dela esatearekin batera, eraso orori... [+]


Eguneraketa berriak daude