argia.eus
INPRIMATU
Maria Gorospe Erdozia [pentsionista]
“Pentsio sistemaren krisia batik bat emakumeok ari gara nozitzen”
  • Maria Gorospe Erdozia naiz, 69 urteko iruindarra, eta beste pentsionista asko bezala, gorriak ari naiz ikusten. Hilean 600 euro inguruko pentsioa jasotzen dut, eta horrekin, gaur egun, ezin naiteke bizi. Hartara, lan egitera behartuta nago.

EƱaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2017ko urtarrilaren 12a

Pisua jada ordainduta daukat, baina duela zortzi urte hipoteka bat eskatu behar izan nuen, gainontzeko bizilagunekin batera, eraikinaren erreforma ordaindu ahal izateko. Oraindik mailegua ordaintzen dihardut: 400 euro hilean. Bakarrik bizi naiz, eta dudan pentsioarekin, ia ez zait beste ezertarako dirurik gelditzen. Gainontzekoa etxeko gastuetarako erabiltzen dut; argia, ura eta gasa ordaintzeko, alegia.

Janaria erosi ahal izateko, lan egiten dut. Garbiketa lanetan aritzen naiz astean hiru egunez. Nire adinarekin, hori da aurkitu daitekeen lan bakarra. Penagarria da bizitza osoa beharrean eman, eta orain halako egoera batean egotea. Bere txarrean, ondo ordaintzen didate: hileko 300 euro, astean sei orduz lan egitearen truke. Hori bai, lanaldiak akituta finitzen ditut. Nire adinarekin, indarrak ez daude soberan. Oraindik ahalmena badut lanean aritzeko. Baina artrosi handia daukat, eta nork daki hemendik urte batzuetara nola egongo naizen. Horrez gain, azpimarratzekoa da pentsioa kendu diezadaketela beste diru-iturri bat dudala ikusiz gero. Adibidez, obra egiteagatik subentzio bat eman zidaten eta Gizarte Segurantzakoak kontu eske etorri zitzaizkidan.

Dudan diruarekin, oinarri-oinarrizko premiak baino ezin ditzaket ase. Ezohiko gastuekin, komeriak izaten ditut. Batzuetan, ezin izaten diet aurre egin. Esaterako, eskuin belarritik ez dut ezer ere entzuten, baina aparailua ezin dezaket erosi, sekulako dirutza balio baitu. Momentuz ezkerreko belarritik ondo entzuten dut, baina noizbait, menturaz, erabat gor geldituko naiz.

Inguruko pertsona asko ez bezala, ezin naiteke joan zinemara, kafe bat hartzera, adiskideekin afaltzera… Bizitza soziala izatea zailagoa da. Hainbat elkartetan nago sartuta, eta eskerrak. Pertsona aktiboa naiz, eta ez dut etxean sartuta gelditu nahi. Besteak beste, Sasoia elkartean eta Mayores frente a la crisis kolektiboan nabil. Kontzientzia soziala daukat, eta uste dut beharrezkoa dela pentsiodun gisa ditugun eskubideengatik borrokatzea.

Adindu asko egoera prekarioan gaude, baina Espainiako Gobernuak ezikusiarena egiten du, ez du gure ongizatean pentsatzen. Hilean 1.000 euro baino gutxiago jasotzen ditugu Hego Euskal Herriko pentsiodunen %70 inguruk. Eta  horietatik, gehienok 650 eurora iristen ez diren pentsioak ditugu.

Batik bat emakumeok ari gara nozitzen pentsio sistemaren krisia. Asko senitartekoen zaintzaz eta etxeko lanez arduratu izan dira, ez dute kotizatu, eta behin alargun geldituta, pentsioa %60ra jaisten zaie. Gastuek, ordea, bere hartan diraute. Injustizia handia da.

Etorkizuna oso beltz dakusat. Aurreikuspenen arabera, pentsioen poltsa hutsik egon daiteke urte baten buruan. Pentsioak ez lirateke poltsa horren baitan egon behar. Badira beste irtenbide batzuk. Dirua PFEZren bidez jasotzea, adibidez.

Niri dagokidanez, badakit adinean gora egin ahala gauzak gero eta gogorragoak jarriko zaizkidala. Batzuetan pentsatzen dut irtenbide bat izan daitekeela pisua saldu eta zaharren egoitza batera joatea. Baina halako leku batean egoteko, pertsona independenteegia naiz. Egia esan, nahiago dut geroan ez pentsatu.