argia.eus
INPRIMATU
Urteko lotsagarrikeria sozioekonomikoa
  • Urtea amaitzean, balantzeei buruzko albisteak sortzen dira. 2016a ixtera goaz eta zutabe honetan urteko lotsagarrikeria sozioekonomikotzat jotzen duguna eskainiko dugu.

Juan Mari Arregi 2016ko abenduaren 23a

Lan prekarietatea, lan istripuak, desoreka soziala, kapitalaren zikoizkeria… horiek ere izan zitezkeen urteko lotsaizunak. Errepikatzen den zerbait da. Baina 2016ko lotsagarrikeria, denoi eragiten baitigu, izan herritar edo instituzio, gobernu edo alderdi, honakoa da: Mediterraneoa milaka migratzaileren hilobi bilakatzen ari da, euren herrialdeetako gosete eta gerretatik ihesi datozenak.

Iaz ere, lotsarik handiena horixe bera genuen. Oraingoan berriz, 2016an, itsaso horretan hildakoen kopuruak gora egiteaz gain, europar instituzio eta gobernuek ez dute bete migratzaileei harrera egiteko konpromisoa. Erdialdeko Mediterraneoan 4.646 lagunek galdu dute bizia, 2015ean baino mila gehiagok (3.522 hildako). Italiak bakarrik, 2016an 180.000 migratzaile artatu behar izan zituen, errekor berria onduz. Estatistika triste horren barruan milaka haur daude.

Urte honetako lotsagarrikeria handiena ere bada alderdi eta gobernuen jarrerak erakusten duen miseria politikoa. Euren konpromisoei huts egin diete, eta aldi berean milaka milioi euro gastatu dituzte migrazio horien jatorrian dauden gerretarako armak erosteko. Beti bezala, migratzaileak baizik esportatzen ez dituzten herrialde pobreetan inbertitzea ahazten zaion kapitalismoa ere bada lotsarako motibo, toki horiek esplotatuz egin baitira aberats asko eta asko. Eta herritarrok lotsagarrikeria horren erantzule gara, maiz beste aldera begiratzen dugulako eta babesten ditugulako beraien konpromisoak betetzen ez dituzten erakundeak.