argia.eus
INPRIMATU
Mertxika-saskien kirol berria
  • Springfield (Massachussetts, AEB), 1891ko abendua. Baloi bat saskietan sartzean zetzan kirola jokatu zen lehenengoz. Iturri gehienek diote hilaren 15ean izan zela, beste batzuek 21ean; kontua da saskibaloia duela 125 urte jaio zela.

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2016ko abenduaren 23a
James Naismith kirolaren sortzailea, lehen partida hartan erabilitako futbol baloia eskuetan eta mertxikak biltzeko saskiak albo banatan. (Arg.: Sports Antiques)
James Naismith kirolaren sortzailea, lehen partida hartan erabilitako futbol baloia eskuetan eta mertxikak biltzeko saskiak albo banatan. (Arg.: Sports Antiques)

Garai haietan James Naismithek (1861-1939) gimnasia irakasle gisa lan egiten zuen YMCA (Young Men’s Christian Association) eskolan, Springfielden (ez nahastu The Simpson saileko protagonistak bizi diren Springfieldekin; AEBetan dozenaka Springfield daude eta saioaren sortzaile Matt Groeningek jakinarazi zuen marrazki bizidunak  Oregoneko Springfielden “bizi” direla).

Naismithek enkargu bat jaso zuen:  neguko eguraldi hotzaz babestuta eta sasoian egoteko, ikasleek aterpean egin zezaketen jarduera bat asmatzea. Handik gutxira gimnasioan agertu zen futbol baloi bat, mertxikak biltzeko bi saski eta hamahiru joko-arau zituela. Saskiak pabilioiko hormetan zintzilikatu zituen, parez pare, lurretik hamar oinera; egun, oraindik, saskiak lurretik 3,05 metrora daude. Arauek zioten bederatzi jokalariko bi taldek elkarren aurka jokatuko zutela hamabost minutuko bi zatitan, tartean bost minutuko atsedenaldia utzita.

Baina eskolako arduradunek beste gauza bat ere eskatu zioten gimnasia irakasleari: kirol berria ez zedila bortitza izan. Eta lehen partidan behintzat, Naismithek ez zuen lortu baldintza betetzea. Hainbat jokalarik odoletan edo begia ubelduta bukatu zuten, bati sorbalda dislokatu zitzaion eta konortea galdu zuen beste batek. 

Jokalariei falta adierazteko edo jokalekutik egozteko baldintzak zehaztuta zeuzkan kirolaren sortzaileak jatorrizko hamahiru arau horietan, baina ez zen nahikoa izan erizaindegia saihesteko. Partidaren ondoren 3. araua aldatzea erabaki zuen, eskatu bezala, jokalarien arteko kontaktua ahal zen neurrian apaltzeko. “Jokalariek ezin dute lasterka egin baloia eskutan atxikita” zioen 3. arau berridatziak. Aurrerantzean, esaldi horrek lehen eguneko plakaketa eta kolpeak murriztea eragin zuen, eta kirol berriaren mugimenduak eta estiloa taxutuko zituen punparen inguruan. Jokalari kopurua ia erdira murrizteak ere lagundu zuen lehia baretzen.