argia.eus
INPRIMATU
Durangokoa ez da azoka bakarra
Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko urtarrilaren 11

Ordizian, kanpotarrontzat behintzat, azoken artean ezaguna berdura azoka da, asteazkenetakoa, eta urtean behin egiten diren gaztarena eta horrelako bereziren bat edo beste. Baina jakin berri dut abenduan liburu eta disko azoka ere antolatzen duela urtero1994tik lanean ari den Hitzaro Euskara Elkarteak. ARGIA ere bertan izaten omen da. Stand-ik gabe, Jakobarik eta letxugarik gabe, baina presente.
    Hitzarok urte osoan zehar lantzen du, euskara elkarte askok moduan, hizkuntza kulturaren, aisialdiaren, normalizazioaren edo komunikazioaren ikuspegitik, eta abenduko azoka hau ere agendaren barruan sartzen da. Helburua herritarrei erakustea zer publikatzen den, zer sortzen den euskaraz gure herrian. Eta irakurleak esango du, “funtzio hori Durangok betetzen du”. Tira, agian bai, baina zergatik ez antolatu herrietan ere, txikitik, horrelakorik? Ez sortu dena ezagutzera emateagatik bakarrik, egiten diren harremanengatik ere. ARGIAren kasuan lauzpabost urte daramatza elkarlanean Hitzarorekin azoka honen harira, eta batak bestea elikatzen du; Hitzarori ondo datorkio ARGIAren urteko eskaintza bertan izatea, eta ARGIAk elkarlan honen bidetik sendotzen du bere komunitatea. Bueltan-bueltan horixe da, komunitatea.
    Gestioa Hitzarok berak egiten du. Komunikabide, argitaletxe eta abarretara deitu, eta haiek pasatzen diete materiala. ARGIAren kasuan ere horrela izaten da, eta urteko aukerak, argitalpenak, berrikuntzak bidaltzen dira Ordiziara. Hitzaroko kide batek aipatu digu “elkarlan honek lagundu diela Euskara Elkarteko bazkideei zenbait komunikabidetara gerturatzen”. Eta zer da ba hori baino komunitateagorik? Amarauna sendotzen doa, hamaika haritatik tiraka, eremu bakoitzean harrapatzen baita inguru bat, jende bat; eta inguru horiek guztiak oso desberdinak izanik ere zerbaiten bueltan biltzen dira, proiektu bat partekatzen dute eta egunero eraikitzen dute proiektu hori.