argia.eus
INPRIMATU
48,4 milioi euro eragiten dituzte azokek Gipuzkoan urtean
Garazi Zabaleta 2016ko abenduaren 23a

“Espazio biziak dira azokak, herrian elikadurarekiko harremana islatzen duten gune garrantzitsuak”. Ekonomian doktore eta EHUko irakasle Mirene Begiristainen hitzak dira. 2015-2016 bitartean Gipuzkoako nekazari azoken eragin sozial eta ekonomikoak aztertzen aritu den lantaldeko partaide da bera, Eduardo Malagon eta Aintzira Oñederrarekin batera. Tolosako eta Goierriko Landa Garapen Elkarteek azoken gainean hasitako hausnarketatik sortu zen ikerketaren ideia, eta Landaola Federazioak abiatu du proiektua. Hasieran ikuspegi ekonomikoari eman zioten bereziki garrantzia, eta azoketara hurbiltzean eragin sozialak neurtzea ere nahitaezko iruditu zitzaion lantaldeari.


Ekoizpen txiki eta dibertsifikatua


Gipuzkoako hamar azoka aztertu ditu ikerketa taldeak. Bakoitzak bere ezaugarriak baditu ere, eskala txikiko ekoizpen dibertsifikatua nagusi da ekoizleen artean, eta profilak antzekoak dira gehienetan: emakume baserritarrak dira nagusi (%56), baita kontsumitzaileen artean ere. “Emakumeak jarraitzen du elikadura burujabetzaren aurpegi izaten, eta berdin gertatzen da azoketan”, azaldu digu Begiristainek. Ikerketan genero ikuspegia ere txertatzen saiatu da lantaldea.
    Profilei dagokionez, atentzioa ematen duen beste datu bat da azoketan gazteek duten presentzia txikia: “Baserritar gazteek normalki beste bide batzuk bilatzen dituzte beren produktuak saltzeko, hala nola, kontsumo taldeak edota kooperatibak. Eta, azken batean, baserritar gazteek erakartzen dituzte kontsumitzaile gazteak”. Bada zereginik zentzu horretan, beraz.


‘Zer nolako azokak nahi ditugu?’


Zuzenean nahiz inguruko establezimenduetan azokek duten eragin ekonomikoa handia da: 27,9 milioi eurokoa da gastuaren eragin zuzena, eta 20,5 milioi eurokoa zeharkako eragina. Guztira, 48,4 milioi euroko mugimendua dakar.
    Hori ikusita, fokua politika publikoetan jartzea garrantzitsua da Begiristainen ustez: “Ez dago azoken kudeaketarako gobernantza eredurik. Azokek funtzionatzen dute beti funtzionatu izan dutelako, badutelako inertzia eta tradizioa”. Kudeaketa ereduei buruz hausnartzea eta baserritarrekin batera estrategiak garatzea ezinbestekoak dira azokek bizirik iraun dezaten.