argia.eus
INPRIMATU
Hozkailua betetzeko bi ate
  • Kontsumo talde bateko kide batek eta elikagaiak dendetan erosten dituen lagun batek euren errealitatea eta ohiturak zein diren kontatu digute. Biak dira bertako produktu ekologikoak bultzatu eta kontsumitzearen aldekoak, baina bi bideetatik bete al liteke hozkailua halako elikagaiez? Hilabetez euren erosketak taula batean idatzi dituzte, eta ateratako ondorioak partekatu dituzte ARGIArekin.

Irati Sarasua Arabaolaza @iratisarasua 2016ko abenduaren 15a
Arrate Beobide eta Leo Argotek bere kontsumo ohiturei buruz gogoeta egin dute.
Arrate Beobide eta Leo Argotek bere kontsumo ohiturei buruz gogoeta egin dute.Argazkia: Dani Blanco

Leo Argotek eta Arrate Beobidek –hori ez da bere benetako izena- beren kontsumo ohiturei buruzko sekretuak kontatuko dizkigute. Lehenak 33 urte ditu eta Errenteria-Oreretakoa da, eta bigarrenak 26 ditu eta hernaniarra da. Bakarrik bizi dira biak. Ordu bertsuan esnatzen dira. Biek kafearekiko duten bizioa onartu digute. Eta biak dira bertako produktu ekologikoak jatearen aldekoak. Baina Argotek kontsumo talde baten bitartez betetzen du hozkailua, eta Beobidek, aldiz, elikagaiak dendetan erosita.
    Lekaleek, barazkiek, haragiak eta arrainak osatzen dute bien asteko menua. Ohitura bertsuak dituztela esan genezake eta biak saiatzen dira erosketa kontzienteak egiten. Saiatu bai, baina lortzen al dute? Besteak beste, galdera horri erantzuna bilatu nahian, elkarrizketa egin aurretik lanean jarri ditugu: hilabetez euren elikadura eta hondakinak taula batean idatzi dituzte, eta atzera begiratu eta eginikoa ikusi ostean, ondorioztatutakoa ARGIAri kontatu diote.  
    Biak harrituta geratu dira hondakin organikoarekin, harro kontatu digute kopuru txikia sortzen dutela, espero baino txikiagoa. “Ez dakit heziketagatik den edo, baina soberan dagoena hurrengo egunean erabiltzen dudala ohartu naiz, inkontzienteki egin dut, horrekin harrituta geratu naiz”, kontatu digu irribarretsu Beobidek. Argotek ere ideia bera nabarmendu du: “Konposta egiten dut, eta orain arte ez naiz jabetu sortutako kopuruaz, oso gutxi ateratzen dut, oso gutxi botatzen dut”.


Erosketetan presak agintzen duenean


Hernaniarrak, normalean herriko denda txikietan erosketak egin arren eta zer kontsumitu nahi duen jakin arren, laneko ordutegien eraginez, korrika eta presaka erosi behar izaten du batzuetan, nahiko berandu eta ahal dena. Horrek egin nahi duenaren eta egin dezakeenaren artean muga bat ezartzen dio. “Egun horietan ez dut denbora asko pasatzen zer erosi nahi dudan eta erosi nahi dudan hori nondik datorren pentsatzen, beste alde batera begiratzea besterik ez dut halakoetan”.
    Supermerkatura sartzea beste aukerarik ez duen egunak egoten direla onartu digu. Nahiak eta errealitateak batzuetan ez dute bat egiten bere kasuan. Egunean egunekoa erosten du eta horrek hainbatetan mugatu egiten du erosketa. Argotek, berriz, kontsumo taldearen bitartez lortzen ditu elikagai gehienak, eta saskia hartzen duen bakoitzean bi asterako betetzen du hozkailua. Hori izan liteke biak ezberdintzen dituen ezaugarri nagusia.
    Berak lagun batekin partekatzen du saskia. Nabarmendu du berarentzat kontsumo taldearen bitartez produktuak erostea erosoena dela, baina badakiela ez dela edonorentzako eredua. “Ni bakarrik bizi naiz eta egunero lanean bertako menua jaten dut. Lau senideko familia baten egoera ezberdina da eta egia da ondo antolatu behar duzula egunerokotasuna, lehenik zer jan behar duzun, zer hondatzen den lehenengo… Gauza asko izan behar dira buruan, baina ohitura kontua ere bada”.
    Kontsumo taldearen bitartez lortzen ditu Argotek produktu asko, besteak beste, barazkiak, pasta, zerealak eta lekaleak, arrautzak, ogia, olioa eta eztia. Oreretan Gipuzkoako ekoizle batzuen esnekiak saltzen dituen makina dago eta bertan erosten ditu berak. Haragia batzuetan kontsumo taldean izaten dute, eta, bestela, bi hilean behin Olaberriako abeltzain bati erosten dio. Arraina eta fruta herriko dendetan erosten ditu. Supermerkatuan etxerako bestelako produktuak soilik erosten ditu, eta noizean behin txokolatea edota azeitunak.
    “Bertako produktuak kontsumitu ditzakezu kontsumo talde batean egonik, edota herriko dendetan erosita”, azpimarratu du Beobidek. Berak ahal duen guztietan herriko denda txikietan lortzen ditu elikagaiak, baina nabarmendu du hainbat urrats eman behar dituela oraindik eta baduela zer hobetu: “Besteak beste, arroza, makarroiak edota dilistak erostean, normalean, pisuka erosi ordez zorroetan datorrena erosten dut eta hori saihestu beharko nuke”. Kopuru handiagoa erosita dendetara gutxiago joan eta plastiko gutxiago sortzeko modua aurkituko lukeela uste du.
    Baserrian jaioa da, heziketa eta ohitura hori mantentzen ditu, baserritik joan zenetik ere horri eusten saiatu da eta kontzientzia garatzen: “Badakit kontsumo talde batean egoteak beste zeresan bat duela, ekoizlearekin harremana zuzena delako, baina herrian ere topatu ditzaket bitartekaririk gabe produktuak erosteko aukera eta kalitatezko eta ekologikoak diren produktuak”. Supermerkatuko pasilloetako apalak betetzen dituzten elikagaiek plastiko asko dutela esaten da askotan, eta berak ere bat egiten du horrekin.
    Argotek duela gutxi irakurri zuen erositakoaren %30 zaborrontzira botatzen dugula, “imajinatu %30 hori eskainiko bagenio kalitatezko produktua erosteari edota ekoizleei merezi dutena ordaintzeari”. Jaten duen guztia ekoizlearen eskutik zuzenean lortzen du eta argi du beretzat bide egoki eta erosoena kontsumo taldearen bitartez dela. Taldea sortu zutenean, ez zuen maila honetara heltzerik espero, hozkailua horrela betetzea utopia zen orduan. Kritikoa ere bada, hala ere, bere jardunarekin: “Produktu batzuekin, esaterako kafea, txokolatea, tea, erabat koherentea izatea oso zaila da. Elikaduran neurri oso handi batean lortu badut ere, beste esparru batzuetan kontziente izatea kosta egiten zait, teknologia berrietan, esaterako”.


Zergatik bertakoa eta ekologikoa?


Oreretarraren bikotekideak supermerkatuetan egiten du erosketa eta askotan bere etxean jatean janariak zaporerik ez duela sentitzen du. “Niri sukaldean aritzea asko gustatzen zait, porruaren edota azenarioaren usaina hartzea. Eta aldea nabaritzen dut nire etxean jasotako produktu horien eta bikotekideak erositakoen artean, ez du zerikusirik. Ez da arrazionaltasuna jada, instintiboa ere badela esango nuke”.
    Txiletik ekoiztutako sagar ekologikoak eskuan izan zituenekoa ekarri du gogora kontsumo taldeko kideak. “Nahiago dut bertakoak eta tratatuak jan” pentsatu zuen etiketa ikustean. Orduan erabaki zuen urratsa ematea, eta bertako produktuak kontsumitzeko aukera egon behar zela pentsatuta, Errenteria-Oreretako kontsumo taldearen sorreran buru belarri aritu zen lanean.
    Jende gehienak osasunagatik egiten badu ere, bi protagonistek herri gisa indartzeko ezinbestekoa dela pentsatuta egiten dute bertako elikagaien alde. Beobidek dio urrunetik elikagaiak ekartzea ez dela ona ez gure herriarentzat ezta ekoizten duen herriarentzat ere. “Espainiako Estatuan, 4.500 kilometrotik datoz, bataz beste, elikagaiak. Hain oinarrizkoa den zerbait hain urrunetik etortzea oso arriskutsua iruditzen zait gizarte gisa”, gaineratu du Argotek.


Nahia, kontzientzia eta hautua


Kontsumo ohiturekin oro har geroz eta kontzientzia handiagoa dutela uste dute biek, eta gizartean polarizazio bat ikusten dute. “Erosotasuna eta prezioa izaten dira gaur egungo ardura nagusiak”, dio Argotek. Gehiengoak denbora gutxi pasatzen du, euren iritziz, sukaldean, eta erosten duenari ez dio gehiegi erreparatzen. “Dena da nahi dugun momentuan, nahi dugun erara, eta berdin du nondik datorren, nola datorren, ekoiztu duen hori nolakoa den… Elikagaien kasuan eta bestela”, gaineratu du Beobidek. Bestalde, jandakoaz arduratzen denik ere badela uste dute, baina gutxiengoa dela.
    Beobidek gero eta kontzientzia gehiago duela uste du, baina konturatzen da kontzientzia izan arren, hainbatetan erosketa errazetan erortzen dela, pentsatu gabekoetan.
    Biek ideia berean bat egiten dute, modu batera edo bestera bertakoa eta ekologikoa den produktua babestu behar dela. “Bertako ekoizleei behar duten lekua eskaini behar diegu eta merezi dutena ordaindu. Lagunek esaten didate ez dudala mundua aldatuko, erantzuten diet badakidala, baina nik nahi dudan bezala bizi nahi dudala, aukerak izan nahi ditut eginiko hautuekin koherentea izateko”, adierazi du Argotek.