argia.eus
INPRIMATU
Ez dago defizitik gastu militarrarentzat
  • Oharkabean pasatu da albiste bitxi eta argigarri bat, erakusten duena Europar Batasuna zuzentzen dutenek zer irizpide erabiltzen duten: Bruselak proposatu du gastu militarrerako funts bateratu handi bat sortzea.

Juan Mari Arregi 2016ko abenduaren 13a

EBk 5.000 milioi euro mugiarazi nahi ditu 2017 urtetik aurrera. Funts milioidun horrekin inbertsio estrategikoak –dronak, kasu– sustatu nahi ditu europar defentsarako. Hori lortzeko, ez zaio axola defizit publikoari eragitea, beste gai batzuetan tabua dena. Batasuneko exekutiboak eskaini du defizitari ez gehitzea estatuek defentsa militarrean gastatzen dutena; hau da, Bruselak ezarritako defizit muga gainditu dezakete desbideraketa plan militarrei lotua baldin badago. Abenduaren 15ean eta 16an bilduko dira Europako estatuburuak zer egin erabakitzeko.

Defizit publikoa sakratua da soilik gai batzuez ari garenean: soldatak, pentsioak, berdintasuna, migratzaile ekonomiko eta politikoak, menpekotasuna, osasungintza, hezkuntza edo aldaketa klimatikoa. Murrizketa sozialak egiteko argudio nagusia da. EBk ikuspegi militaristaz erakutsi du zeinen alde dagoen: multinazionalen eta kapitalaren alde, kasu honetan armagintza industriak ordezkatua. Neurria “justifikatzeko” ziurtatu dute inbertsio militarrek kualifikazio altuko 1,4 milioi enplegu sortuko lituzketela. Baina ez digute esan industria militarrak zenbateko etekin milioiduna izango duen. Gutxienekoa da arma horiek pertsonak hiltzeko balio izatea, edo herriak deuseztatzeko, edo milioika migratzaile Europako patu beltzera abandonatzeko. Horretarako berdin dio Europako estatuek defizit publikoa gainditzea. Eta gero eskubide sozialak murriztuko dituzte, defizit publiko sakratua defendatzeko.