Estropezu egin dut mizpiretan. Mespilus germanica mizpiraren peskizan nabilela, batekin eta bestearekin hitz egiten, pantailetan ez dauden hitzak irakurtzen, jo eta estropezu ez dut ba egin! “Otsalizar eta mizpira minkatzak, agotzak ontzen ditu” esaera etorri zait muturraren aurrera. Eta burua ketan. Zenbat hede tira egiteko.
Hasteko, otsalizarra (Sorbus aucuparia) eta mizpira batera. Biak gure elikaduraren ipularrera baztertuta ditugun fruituak. Makina bat aho gozatuko zuten milaka urtean. Minkatza izan eta ahoa gozatu?, nola liteke? Mikatza da, bai, niretzat ere gozagarriena. Baina esaeran minkatzak beste zerbait adierazi nahi duela iruditzen zait; minkatza: gustagarri ez dena, mina, zakarra... Egunerokorako nahitaezkoak ziren sagarra –Malus x domestica, edari ia bakarra ziren pitarra eta sagardoa egiteko–eta antzekoen aldean, eta lantzearen eta aukeratzearen eta zaintzearen ondorioz gero eta handiago ziren fruituen aldean –udarea (Pyrus communis), mertxika (Prunus persica), gerezia (Prunus avium edo P. cerasus)– behar-beharrezkoak ez eta ttiki “itsusiak” ziren fruitu horiek, hutsaren hurrengoa. Minkatza. Frantsesek ere hala erabiltzen dute: “Mizpirak” esaten badizute zakurraren ipurdia edo zakurraren putza adierazten dizute. Bestetik, arbola horiek adarrak sastrakatsuak, nahas-mahas mordoilotsuan dituzte, ez etxekotutako beste fruitu arbola horien adar samur eta bigunak. Minkatza. Eta agotza, zer da agotza? Nik hiru agotz ikusten ditut esaera horretan: arotza, aihotza eta ahotza. Arotzak bi arbola horien zura gogor eta basatia leundu dezake. Ondu. Aihotzak bere adarje sastrakatsua soildu eta menderatu dezake. Ondu. Ahotzak, aldiz, bere gainean fruitu gordin, gogor eta heldugabea umatu egingo du. Ondu. Ni azken horren aldekoa, otsalizarraren eta mizpirondoaren fruitu mikatzak ahotz gainean zabalduta ontzen dira. Ahotza laboreen lorearen lasto fin-fina da. Ahotzetan jartzea belar ondutan zabaltzea bezala da.
Estropezu egin dut mizpirarekin Durangoko Azokan ere. Bi emakumek mizpiraz galde egin didate: noiz bildu, nola jaso... Eta Elorrioko Arauneta auzoko Osintxueta baserriko Jesus Beitia hitzak erakustera etorri zitzaidan. Tartean zen “xemeikoa”, txakur txiki bat ere balio ez duena, hutsaren hurrengoa.