argia.eus
INPRIMATU
“Txikitatik daukat barrazkiak egiteko ohitura”
Garazi Zabaleta 2016ko abenduaren 07a

Barazkiak supermerkatuan erosketak egiten, tabernan urtikalimotxoak edaten, Su Ta Sagar entzuten… Ez al da gehiegizkoa?


Gehiegizkoa guk daramagun bizimodu hau iruditzen zait, halako abiaduran. Itxuraz, komikian barazkiek mundu kaotikoa adierazten dute, baina seguraski guk hautatu dugun bizitza dago hor, gure mundu kaotikoaren isla da.


Baratzearen inguruan bi mundu paralelo marraztu dituzu, elkar eragiten: batetik kanpokoa, baratzezainarena, eta bestetik barrukoa, barazkiena. Nork kontrolatzen du nor?


Hor deskontrol kontrolatu bat dago, edo kontrol deskontrolatu bat, agian. Irakurleak ikusi beharko du hori…


Asko begiratu dituzu barazkiak marrazten hasi aurretik? Haien bizitza hain ongi ezagutzeko…


Ba nik txikitatik daukat barrazkiak egiteko ohitura, marrazkiak baino. Eta beraz, nahiko erraza egin zait Altza Porruko lana. Hala ere, egia da buruari buelta batzuk ere eman behar izan dizkiodala istorioa kiribiltzeko eta lotzeko.


Ikasi al duzu zer edo zer berririk baratzearen inguruan Altza Porrurekin? Edo lehenagotik gaia kontrolatzen zenuen?


Noski ikasi dudala! Niri lanak epel-epel eta apal-apal egitea gustatzen zait, eta dudarik gabe asko ikasi dut Altza Porruko proiektu honetan. Baratzea eduki izan dut lehenago, bai, eta orain hiri baratzeetako proiektuetan ere banabil. Harreman pixka bat banuen lehenagotik honekin guztiarekin, baina egia da oraindik asko dudala ikasteko. Ikasle hutsa naiz gai honetan.


Titipuliñe da zure komikiko protagonista. Egileen aurkezpenean zu tipula.


Agian Asiskok negarti bezala ikusi nau, eta horregatik marraztu nau tipula aurpegiarekin. Edo, behar bada, denak ere oso yin gabiltzalako da. Tipula oso yin da, eta makrobiotikaren arabera yanginizatzea komeni zaigu denoi ere…