argia.eus
INPRIMATU
Kapitalaren xantaiak
  • Sidenorrek, EAEko plantetan 2.000 laguneko lantaldea duen euskal industria siderurgikoak, aldi baterako enplegu-erregulazio espedientea iragarri du 2017 eta 2018rako.

Juan Mari Arregi 2016ko abenduaren 06a

Talde osoan batez beste %50 lan gutxiago ekarriko luke horrek. Sindikatuen eta enpresaren arteko negoziazioaren ordua iritsi da. Ez litzateke soberan egongo gogoratzea antzeko egoerak gertatu izan direla euskal enpresetan 1980ko urteetako krisiez geroztik. Horregatik, badago arrazoirik susmoa izateko xantaia berriak egon daitezkeela Sidenor Taldearen eskutik; sindikatuek eta langileek ondo egingo lukete adi egotearekin.

Kapitalak, bere lan-baldintzak irentsi arazteko, planak onartzen ez badira negoziazio unean mehatxua egiten du betiko ixtearekin. Sindikatu eta enpresa batzordeak batzuetan plan antisozial horien aurrean makurtu egiten dira, esanez okerragoa litzatekeela lantegien erabateko itxiera edo langile gehiago kalean geratzea. Bere egiten dute Kapitalak erabiltzen duen xantaia eta beldur politika.

Sidenorrek, erregulazio espedientea iragartzeaz gain, esan du “lana egokitzeko plan bat” ezarri nahi duela. Zehazki, langileen malgutasuna, ordu gehiago sartzeko prest egotea, mugikortasun funtzional eta geografikoa, oporraldia banatzea… Murrizketa eta lan eskubideen galera gehiago proposatu du, alegia. Eta sindikatuek negoziazioan izango duten jarreraren arabera, Kapitalak, hots Sidenorrek, modu batean edo bestean xantaia egingo du bere helburuak lortzeko. Produkzio indarra (enplegua) gutxitu nahi du, baina etekinak pilatzen segi. Kapitalaren xantaiaren aurrean, euskal siderurgia eta kalitatezko enplegua defendatzea izan behar luke sindikatuen eta instituzioen zeregina.