argia.eus
INPRIMATU
Edozein herriko jaixetan
Jose Ignazio Ansorena 2016ko abenduaren 07a

Sukalde jai berezia antolatu du Donostia 2016k. Janari oso pikantearen eguna. Laurogei mila arrazio banatu dira: txorizo pintxoak, baratxuri-zopa eta kokotxak. Donostiako Alderdi Ederren paretik pasatu den orok probatu behar izan du. Inguruetako etxeetan ere, txirrina jo eta bertan zeuden guztiei janarazi diete. Berdin da alergia izan, ohean gaixorik egon edo gustukoa ote zuten ere. Por cojones!

Horrelakorik, egia, ez du antolatu Donostia 2016k. Musika edo zarataren alorrean, aldiz, oso antzekoak behin eta birritan: zarataren inposizioa. Eta ez eurek bakarrik, ustez kultura hedatzeko sortutako erakunde, elkarte eta enpresa askok etengabe edozein herriko jaixetan.
            *   *   *
Unibertsitatean ikasle hasi nintzenean, irakasle askok erretzen zuten eskola eman bitartean, Aurrerakoiek ikasleei ere uzten zieten hori egiten. Atzerakoiek ez.

Urte haietan unibertsitateko ikasleen batzar bizi eta sutsuek libertatearen aldeko garrasia zabaltzen zuten kolore desberdinez, gorri, berde, urdinxka edo morez, beti ozen. Haietako askotan aipatu nuen gure geletako ke kontzentrazio horrek kalte egiten zidala, eztarria txartu eta begiak gorritu. Buuu handiak besterik ez nituen jasotzen. Gelan erretzea “libertate seinale” baitzen. Horretan gorriak, berdeak, moreak eta urdinak bat zetozen.

Erretzaile haietatik bizirik geratu diren gehienek ez dute egun erretzen eta ez lukete horrelakorik onartuko. Areago, euren bilobak doazen eskola edo unibertsitateetan antzekorik gertatuko balitz, salatu egingo lukete. Baina zarataren alorrean onartu egiten da. Edozein herriko jaixetan, ekitaldi politikoetan, lasterketak direla, hondartzako futbola, etxe azpiko tabernariaren lehengusuari almorrana sendatu zaiola… Burrunba etengabea.
            *   *   *
Berriro tabakoaren segida bera gertatuko da. Urte batzuk barru azterketa zientifikoek erakutsiko dute era ukaezinez zarataren ugaltzea zein kaltegarria den. Eta batez ere batzuek kontuak aterako dituzte eta jabetuko dira ez zaiela errentagarri gertatzen tolerantzia hau: boteretsuentzat zaratak babuak eta pentsamendua aplakatzeko duen balioa interesgarria bada ere, buru kalteak eta gorreriak konpontzeko diru gehiegi xahutzen dutela. Eta kanpaina luze, errepikakor eta plasta hasiko dute puzkerrak ere zaratarik gabe bota ditzagun.

Humanoak txoropitoak garelako gertatzen dira kontu hauek. Gure agintariak ere oso humanoak izan eta beldurrez bizi ohi dira euren publikoak buuu egingo ote dien. Horregatik oraindik kulunkatu egiten dira zaratan.

Hurrengo berraragiztatzean ez dut humanoa izan nahi. Igeldoko igela nahiago.