Aguraingo taldeak aurrerapausoa egin du bere bigarren disko honekin. Taldea egonkortu egin du, eta Boomerang lanarekin taldeak bere esentzia aurkitu duela esan daiteke, bere mamian sakondu duela.
Taldeak punk-rock eta rock doinuen bidez kritika eta salaketa egiten jarraitzen du, ustelkeriaren, bidegabekerien eta faltsukerien inguruan, ahoan bilorik izan gabe, zuzen edo ironiarekin. Baina bere doinua findu egin du, melodiak gehiago landu ditu, eta zer egin nahi duen eta nola egin nahi duen argi daukala nabarmena da.
Doinua indartsua da, erritmoak biziak dira, eta kantuek energia handia, inkonformismoa eta haserrea transmititzen dute. Borroka egiteko beharra, askatasuna eta nor den bezalakoa izatea ere aldarrikatzen dute: “Izan zure bizitzaren jabe beldurrik eduki gabe, sentitu eta bizi aske”. “Aldaketa ez digute oparituko, herria eraiki dezagun, zurekin aldatu nahi dut, kantu berri bat egin nahi dut eta bide berri bat sortu, ez beldurtu dena baitago gure esku”.
Unai Olalde (gitarra eta ahotsa), Fonta (ahotsa), Xabi Seko (baxua eta ahotsa) eta Eneko Larrañaga (bateria) dira Frenetik taldeko kideak, eta grabazioa Altsasuko Itxura estudioan egin dute, Fontaren beraren eta Fran Perezen gidaritzapean. Masterizazioa Jonan Ordorikak egin du Mamia estudioan, eta diseinu lanaz Iker Baxerri arduratu da.
Kantuak janzterakoan hainbat musikariren laguntza izan dute. Pello Reparaz (Vendetta), Olatz Salvador (Skakeitan), eta Pablo Martinez (Desakato) aritu baitira Frenetik taldekoekin grabazio saioetan. Halaber, Iker Pastorren laguntza ere izan dute hitzak idazteko garaian.
Eratu, Kaotiko, Kaos Etiliko, Hesian, Txapelpunk eta No-relax taldeetan aritutakoak dira taldekideak, eta Frenetik taldearekin denbora gutxian, bi urtean, jendaurreko emanaldi ugari egin dituzte eta bi disko plazaratu dituzte: Guillotina 2015eko otsailean eta Boomerang aurtengo azaroan. Hemendik aurrera jendaurreko emanaldiak egiten hasiko dira disko berriko kantuekin.