Galtzen beheko barrena belaunetik txorkatila-eraztuna estaltzera eraman duen eguraldia etorri denetik kanpotik etxerako etorria ugaritu da. Galtza motzen sasoian etxetik kanporako joana gustukoagoa zen. Orain ere nik kanporako norabidea nahiago, baina uztak behartzen du barrurako bidea. Barrura zer ekarriak mugitzen gaitu, aro baita.
Gurera mizpirak ekartzen du itulan udazkena. Egoskor samarra da mizpiraren fruitua, Mespilus germanica. Ez du lurreratu nahi izaten mizpirondoak hostoak erantzi arte. Orduan bakarrak dira arbolaren adarjean, zeru urdinduen argi kontran deigarri. Mizpira koxkorra nabarmentzen saiatzen bada ere ez dira, ez, berehalakoan, eskinosoa eta zozoa berari mokoka hasiko. Zer da mikatza erabat heldu gabeko mizpira! Heldutasuna muturrera eraman eta usteldu gabe umotzeko bi entzima hartzigarri ditu. Hotzaldi batek jotzen badu, entzimak suspertu eta mizpiraren mamia biguntzeko eta gozatzeko bidean jarriko dute. Gain-umotasunak hasia behar du jan ahal izateko. Orduan garatzen du azukre gozoa mamian; sakarosarik ez, baina glukosa eta fruktosa lepo. Sagarrak edo piku lehorrak edo bananak baino azukre gehiago du mizpirak. Orduan bai, orduan hegazti edo gasteropodo, denen gustuko da. Gasteropodo, bai, izan ere haizeteren batek adar harrotik jaulki eta lurrerarazten baditu, bare eta barraskiloek zuzen asko hartuko dute ustel punttua dutenenganako herrestabidea. Berde direnak geroxeagorako geratuko dira. Horiek jan ez ditzaten, etxeratu badituzu, fruituak lehor eta zakar, ez zikoizteko hotzaldi bat eman. Egun bat edo bi izozkailura, gero bertan gozo.
Gu ere animalia izan eta sena erabat alferrik galdu gabea... Eta mizpirak gain-umotasunean ahosabaia betetzen. Jende gehienak, ordea, ez du mizpira ezagutzen, eta “ustelgintzaren” laudorioak entzunda, batek baino gehiagok goragalearen imintzioa egin izan dit. Ipularreko fruitua da mizpira, baztertua dugu. Mizpira aipatu eta jendeari erabat desberdina den beste fruitu bat datorkio burura, mizpira japoniarra deitzen dena, Eriobotrya japonica. Saltokietan ikusten dutena... Baina hori beste sagardotegiko upela da.