Historia ekonomikoak epe luzeko analisia du helburu, gertakizun ekonomikoak argitzeko. Herrialde ezberdinek izan zuten hazkunde ekonomiko ezberdinak azaltzeko, Angus Maddisonek populazioa eta BPGri buruzko datu multzo izugarria bildu zuen. Robert B. Marksen azterketek, aldiz, XV. mendean munduaren ekonomia-zentroa Asian zegoela azpimarratzen dute. Baina historia ekonomikoak ez ditu soilik epe luzeko gertakizunak azaltzen.
Beren burua aurrerakoitzat dutenak Brexit eta Trumpen arrakastek erabat ikaratuta utzi ditu. Hainbat arrazoi soziologiko, politiko eta demografiko aipatu dira. Eztabaida honi historia ekonomikoak zer gehitu diezaioke?
Beren burua aurrerakoitzat dutenak Brexit eta Trumpen arrakastek erabat ikaratuta utzi ditu. Eztabaida honi historia ekonomikoak zer gehitu diezaioke?
Depresio Handia (1930eko hamarkadako krisia) eta Atzeraldi Handia (2008 -...) aldera ditzakegu, antzekotasunak eta ezberdintasunak aztertuz. Depresio Handiaren sustraiak lehendik zetozen. Lehen Globalizazioa 1870 eta 1914 artean gauzatu zen, mundu ekonomia erabat irauliz; baina honen ondoren, Lehen Mundu Gerrak egoera ekonomikoa ezegonkortu zuen. “20ko hamarkada zenbait herrialderentzat hazkunde aldia da, kreditu malgu eta espekulazioari lotuta. Hazkunde ahul honek hamarkada amaieran eztanda egin zuen, Depresio Handiari hasiera emanez.
Nortzuk izan ziren krisi honen galtzaileak? Orokorrean langileak; baina baita negozio txikiak zituztenak eta nekazariak ziren lur jabe txikiak ere. Alemaniaren kasuan, Depresio Handia aurreko hamarkadan izandako beste krisi larri batzuen ondoren zetorren. Dirudun handiek are gehiago aberastu ziren, baita gizarte polarizazioa asko handitu ere. Krisitik irteteko, ohiko politikariek ez zuten ezer berririk aurkeztu; beste batzuek, aldiz, hauen artean ultraeskuineko alderdiek, erretorika berria erabili zuten boterea eskuratzeko; gastua azpiegituretan eta arlo militarrean handituz; neurri protekzionistak aplikatuz industria eta lanpostuak babesteko asmoz; finantzen kontrola...
Neurri horiek krisia gehien kolpatutako gizarte taldeen babesa eskuratu zuten. Berdin zen AEBetako Alderdi Demokrata edo Alemaniako Nazi alderdia izatea. Beste gauza bat da, ea benetan neurri horien aplikazioak talde sozial hauek babesten zituen ala ez. Aipatu beharrekoa da ere, Bigarren Mundu Gerra izan zela Depresio Handiari amaiera eman ziona, ez aplikaturiko neurri horiek.
Gaur egungo egoerarekin alderatuz, antzekotasunak agerian daude. Globalizazioaren Mendebaldeko galtzaileek neurri mota horien alde egin dute, euren egoera gehiago oker ez dadin. Eta orain arte, alternatiba hauek eskaini dituztenak Trump eta antzekoak izan dira. Horrela uler daiteke, historia ekonomikoa erabilita, eskuineko populisten hauen arrakasta.