argia.eus
INPRIMATU
Unai Gaztelumendi:
“Izan al dugu inoiz porruak ereiten dakien lehendakaririk?”
Garazi Zabaleta 2016ko azaroaren 24a
Argazkia: Dani Blanco

Baratzegintzak eta politikak bat egin dute zure komikian. Lotura surrealista xamarra.

Jakobari entzun nion behin baratzeaz ulertzen ez duena ez dela euskaldun kultua. Zer pentsatua eman zidan horrek. Halako batean Urkulluren mitin baten zati bat bota zuten ETBn, eta bere eskuetan fijatu nintzen. Ikusten zen esku haiek gehiago probatu zutela ogi masaren leuna eta gozoa eta ez baratzearen lakarra eta zikina. Aitzur gutxi hartutakoak zirela, alegia. Eta nirekiko pentsatu nuen: “Honek ez dik baratzerik izango. Euskaldun kultua izango ote duk?”. Hortik tiraka atera zen istorioa.

Zer egin behar litzateke porruak noiz ereiten diren ez dakien lehendakariarekin?

Izan al dugu porruak noiz ereiten diren dakien lehendakaririk? Patxi López agian…? Lehenbizi Fraisoroko eskolara bidaliko nuke igande arratsaldetan, ikas ditzala lehen sektorearen oinarrizko nozioak. Gero Gasteizko Ogeta pilotalekura eraman dezatela hirutik hirura sikiera sakatzen asmatu arte (honek ez dauka baratzearekin zerikusirik, baina beti estimatzen da lehendakaria sakatzaile ona izatea). Eta azkenik, karguaren zina egin dezala Bizi Baratzea liburuaren aurrean zutunik.

Entzun dut lanpostu publikoetarako Baratzeko Gaitasun Agiria eskatzen hastea pentsatzen ari direla…

Ez naiz agiri horren batere zalea. Irakurri ditut eskakizunak eta galderak buruz ikasteko ahalmena daukanak erraz gainditzeko moduan planteatuta dago. Seguru, makina bat baratzezale zahar eta ganorazko geldituko direla atarikoan kanpoan. Nik ziurtagiri bat eskatuko nuke. Hiru tomate uzta oparo bildu dituela azken hiru udatan erakusten duena. Sulfatorik gabe, noski.

Ba al duzu baratzerik? Eta gauza bakoitza noiz erein buruz dakizu, edo amonari galdetzen diozu?

Ez dago ondo nik esatea, baina, Donostialdeako ederrena. Garaiko tomate eta piper berdeak oraintxe ari zaizkit bukatzen. Gainontzean denetik daukat: Zerbak, porruak, kalabaza ugari, tipula, eskarola… baita alberjinia ere (txiki samarrak aurten).

Zer du tomatetik Unai Gaztelumendi Arandiak?

Baratzezale on eta txarraren arteko diferentzia tomateak markatzen du. Baleko letxugak edozeini ateratzen zaizkio. Tomateak beste dedikazio bat eskatzen du, beste atentzio bat, beste taktu bat. Lasai utzi behar zaio, makilari gehiegi estutu gabe, utzi arnasa hartzen lasai. Horretantxe naiz ni tomate xamarra. Argi tomate onak dituen baratzezalearekin, zerbait badaki.