argia.eus
INPRIMATU
Pobrezia energetikoak ere hil egiten du
  • Indarrean dagoen kapitalismoak, orain neoliberalismoa deitzen dioten horrek, hil egiten du. Jendartean etengabe ari da hori erakusten.

Juan Mari Arregi 2016ko azaroaren 24a

Lan prekarietateak hil egiten du, istripu eta suizidioak eraginez, amiantoak ere bai, beste gaixotasun profesional batzuek bezala, baita pobreziaren ondorioz egiten diren etxegabetzeek ere, jakina. Joan den astean Katalunian adineko emakume bat hil zen, kandelak erabiltzeagatik bere etxeak su hartu ondoren; hala, garbi ikusi da pobrezia energetikoak ere hil egiten duela. Eredu sozioekonomikoan funtsezko aldaketak egiten ez badira, heriotzak bata bestearen atzetik etorriko dira, sistema hau bera baita kriminala.

Reuseko 81 urteko amonak kandelekin argitzen zuen etxea, argi-indarra moztu ziotelako. Heriotza horrek aurpegia jarri die Espainiako Estatuan pobrezia energetikoaren drama sufritzen duten lau milioi lagunei. Bazterkeria sozialaren eta desorekaren isla lazgarria da. Pobrezia hori sufritzen dutenek gosea ere pasatzen dute, baita hipotekak edo ustekabeko gastuak ordaintzeko ezintasuna ere, askotan etxegabetzea dakarrena. Euskaldunok ez gara salbuespena. EAEn, adibidez, 70.000 etxetan dute pobrezia energetikoa, hau da, familien %7,7k.

Egoera larri horren aurrean administrazioak neurriak hartu behar ditu. Eusko Legebiltzarrean zain dago pobrezia energetikoaren kontrako planari buruzko eztabaida. Plana ez da eraginkorra izango ez badu arazoaren muinera jotzen: elektrizitate enpresek badute erantzukizun handia, azkenaldiko prezio igoerak baitira gakoetako bat, baina batez ere, azpimarra jarri behar da eredu sozioekonomikoaren aldaketan, oraingo ereduak hil egiten baitu. Eta hor, erantzukizuna denona da.