“Sormena zerbait biologikoa da”

  • Salamancako Béjar herrian jaio zen Marga Íñiguez, duela 72 urte, eta horietatik 50 daramatza sormenari buruzko hitzaldi, tailer eta aholkulari lanetan, nekaezin. Aurretik, telebistan hamarkada batez aritu zen (tartean, 'La Bola de Cristal' saio iraultzailean). Euskal Herrian izana da behin baino gehiagotan; guk Ozaetan harrapatu dugu, Araban, Garaion sorgingunean.

"Teknikak baino inportanteagoak dira atmosferak, sortzen lagunduko duten giro eta espazioak ahalbidetzea".

Zure hitzaldiek lelo garbia dute: “Sormena, premiazko eskubidea”.
Sormenaren garapen eta sustapenean lan egiten dudanetik, beti esan dut sormena eskubide bat dela, eta premiazkoa dela. Pertsonek eta herriek gure singulartasun eta nortasun propioa izateko dugun eskubidea da, gure estilo propiotik transformatzeko eta aurrera egiteko. Eta premiazkoa da, prekarietatearen, sufrimenduaren eta planeta suntsitzen ari garen garaiotan soluzio berriak aurkitu behar ditugulako, arazo berriak sortu gabe. Eta soluzio horiek aurkitu daitezke pertsonok dugun imajinatzeko eta bide berriak irudikatzeko gaitasunagatik. Batzuetan, ez dago 180 graduko bira eman beharrik, 10 graduko birak aldaketa handia sor dezake. Industria Aroa izan genuen, ondoren Informazioaren Aroa eta Jakintzaren Aroa. Orain, Imajinazioaren Aroaren txanda da. Zuk imajinatzen duzuna ez da nik imajinatzen dudana, eta ondasun hori izango da abiapuntua.

Sormena artera eta kulturara mugatzen dugu maiz.
Sormena globala da eta maila asko ditu. Erabakitzea, soluzio baten alde egitea eskatzen du sormenak eta egunero ari gara erabakiak hartzen. Batzuek besteek baino garatuago dute, baina sormena zerbait biologikoa da, gizakiak sortzaileak gara eta etengabekoa da gure bilakaera. Erabakitzea, imajinatzea, bestelako errealitateak amestu eta egia bihurtzea, norberaren zigilua jartzea… da sormena. Eta arlo batzuetarako joera handiagoa izan dezakegun arren, guk geuk esparru guztietara zabaldu beharko genuke gure indar sortzailea, gainera sakonean dena dagoelako lotuta, adibidez musika matematikarekin, koloreekin, hitzarekin… Ezer ez da isolatua eta itxia.

"Erabakitzea, bestelako errealitateak amestea, norberaren zigilua jartzea... da sormena. Imajinazioaren Aroaren txanda da"

Denok baldin bagara talentudunak, potentzial handia dago hor…
Sormen indibidualaz gain, adimen kolektiboa dago, 2+2 ez direlako 4, emaitza izan daiteke 40 edo 100.000, sortzen diren sinergia eta harremanengatik. Besteekin hartu-emanean ari zarenean, kultura berria sortzen zoaz eta gizartea bera da sortzaile. Jendearen talentua eta parte-hartzea sustatzea da gakoa, eta halako esperientzien bidez auzoa eta komunitatea berpiztea eta elkartzea lortu duten adibideak badira. Hemen, Euskal Herrian, ekintza eta auzolana dituzue oinarri; bide horretan oso urrutira iritsi zaitezkete. Ideia batzuk pentsatuz datozkigu, beste batzuk sentituz (emozioekin lotura handia baitute ideiek), eta beste hainbat eginez edo hartu-emanez. Euskal gizarteak batik bat eginez funtzionatzen du; horregatik, hainbatetan ideiak ateratzeko euskaldunak bildu eta pentsatzen jartzen direla ikusten dudanean, eredu anglosaxoiak errepikatuz, esaten diet teknika sortzaileak bertako metodologiara egokitu behar direla (ekintza eta auzolana).

Tristea da, hutsegitea eta inmorala, ditugun gaitasun horiek guztiak gehiago ez garatzea, herri baten Barne Produktu ez Gordina herritarren talentua baita. Mundu guztiak du talentua, denok jaiotzen gara zerbait oso ondo egiteko, zerbait berria sortzeko gaitasunarekin, eta hori alferrik galtzen da. 50 urte pasatxo daramatzat arlo honetan lanean, eta oraindik ez dut ezagutu ahalmen sortzailerik ez duen inor. Bai ezagutu ditut mespretxatuak izan diren pertsonak, euren burua autozentsuratu eta gutxietsi dutenak, barruan daramaten guztia komunikatzen eta adierazten jakin ez dutenak… baina talentu gabekorik ez. Arazoa da ez dela sormen hori sustatzen, ez hezkuntzan, ez hedabideen bidez, ezta horretarako espazio aproposak sortuz ere.

Jende sortzailea mespretxatzen eta gutxiesten da, hortaz?
Historiak berak erakutsi digu sortzaile handiak askotan ez direla aintzat hartuak izan, denbora bat pasa arte, hainbatetan sortzailea bera hil ostean. Aldaketari beldurra diogu, barneratuta ditugun parametro batzuen barruan mugitzea oso erosoa delako eta sortzeak esan nahi du dena auzitan jartzea, zure mundua kolokan jartzea eta arrisku bat hartzea, eta maiz nahiago dugu dena oso markatuta izan, horrela ez dugulako ahaleginik egin behar eta segurtasuna ematen digulako. Maitatua izateko, gainerakoek egiten dutena egiten dugu maiz, “arraroa” edo “ezberdina” ez izateko. Eta txikitatik gertatzen da hori, zoritxarrez. Horregatik, beharrezkoa da norbera izateko aukera emango duten espazioak eta giroak erraztea, aniztasuna eta elkarren arteko interakzioa bultzatuko dutenak.

“Sortzea gure mundua kolokan jartzea da”.
Aurrerapenak ematen direnean, arau bat apurtu duzu, beste bat sortzeko. Kaosaren teoria litzateke: dena oso ordenatuta dagoenean, azkenerako hilda bezala daude gauzak; kaosa eragin behar da, zerbait berria sortzeko. Naturak ere hala funtzionatzen du. Arauak urratzea oso inportantea da, sortzeko klabeetako bat desikastea delako, zaharkituta eta iraungita geratu zaizkizun kontzeptu eta jarreretatik askatzea. Horrek ez du esan nahi tradizioari uko egin behar zaionik, aurreko belaunaldiek pentsatu eta sortutako ondarea da tradizioa, aurrera egiteko behar dugun oinarria, baina hari kateatuta geratu gabe.

“Eredu neoliberala sormen kontzeptua kontrolatzen saiatzen den unetik gure buruari galdetu beharko genioke: sormena zertarako?”

Nola garatu sormena?
Niretzat, teknikak baino inportanteagoak dira atmosferak, sortzen lagunduko duten giro eta espazioak ahalbidetzea. Jendearengan sinestea da gakoa, ulertzea parean duzuna berdingabea dela eta aukera emanez gero ekarpen handiak egin ditzakeela. Norberaren kasuan ere berdin, gure buruarengan konfiantza izan behar dugu, kontzientzia hartu behar dugu zenbateraino eman dezakegun. Hortik aurrera, pasioa da motorra, ekiteko indarra emango diguna. Lehen esan bezala, arrisku bat den heinean ausardia ere behar da. Eta adorea, kemena, ziurrenik kritikatuak izango garelako, edo huts egin eta berriz ekin beharko diogulako. Imajinazioa, jakina, funtsezkoa da, beste errealitate eta mundu posible batzuk ikusteko; denak balio du imajinazioan, utopiak barne. Mahai bat irudikatzeko eskatu eta inork ez du mahai bera irudikatuko, ñabardura ezberdinak izango ditu norberarenak. Azkenik, saiatua izatea ere garrantzitsua da, tematia, eta ez naiz esfortzuaz ari, esfortzu hitza ez zaidalako batere gustatzen, zigor kutsua du.

Enpresa munduan modako hitza da “berrikuntza”, eta hainbatetan badirudi haren izenean edozerk balio duela.
Gizarteak aurrera egiteko beharrezkoa da berrikuntza, kontua da berrikuntza hori nola planteatzen den, eta egia da sarri berrikuntza berrikuntzagatik baino ez dela egiten, aurretik sormena landu gabe, eta berrikuntzaren hazia sormena da. Sormena lantzen duen taldea, bilatu gabe ere berritzailea izango da beti. Arazoa da, merkatuan salgarria den kontzeptua izanik, aditu homologazioa duen hainbat iruzurgilek negozioa egiten duela, berrikuntzari buruzko tailer txatxuak antolatuz. Oso ikuspegi anglosaxoiarekin, gainera.

Egungo gizarte neoliberalean, sormena helburu ekonomizistekin erabili eta berau debaluatzeko arriskua al dago?
Bai, gainera boladaka doa. Hain juxtu, sormen interesatua modan egon zen duela urte batzuk. Azken finean, eredu neoliberala kontzeptua kontrolatzen saiatzen den momentutik gure buruari galdetu beharko genioke: sormena zertarako? Sormenak ez du zertan ongiari lotuta joan, torturatzaile bat oso sortzailea izan daiteke egiteko horretan, imajinazio handia izan dezake besteak sufriarazten. Ikuspegi etikoa kontuan hartzea komeni da.

TVE telebista katean aholkulari pedagogiko aritu zinenean, besteak beste La Bola de Cristal saio apurtzailean hartu zenuen parte. Saioko zuzendari Lolo Ricok ARGIAn esan zigun askatasuna zela saioaren mezua, norbere kabuz pentsaraztea. Sormenak berak zerikusi handia du askatasunarekin.
Bai, eta ez bakarrik askatasunez pentsatzearekin, gure singulartasuna pentsatzera, sentitzera eta egitera dagoelako lotuta. Are gehiago, pentsamendua beti ez da zurea, beste batek pentsatu ahal izan du zure ordez, baina sentimendua zurea da, guztiz.

Barne-askatasunarekin du zerikusia sormenak: kartzelan preso egon zaitezke eta sortzen jarraitu, eta kalean egon baina zeure buruaren kartzelaria izan zaitezke, oso autokritikoa zarelako, zure eskema zurrunetan sartzen ez diren ideiak baztertzen dituzulako, ingurukoek zuregandik espero dutena egiten duzulako…

“Zeure kartzelaria izan zaitezke, oso autokritikoa zarelako, zure eskema zurrunetan sartzen ez dena baztertzeagatik, ingurukoek espero dutena egiten duzulako...”

Egungo telebistak, norberaren askatasuna eta singulartasuna bultzatzen al du?
Amorru handia ematen dit ikusteak jakintza handitzeko, mundu berriak ezagutzeko eta gizarte berriak sortzeko hain baliagarria izan daitekeen tresna nola erabiltzen den jendea tenteltzeko.

Eta hezkuntza sistema nola ikusten duzu? Izan ere, badirudi txikitan sormena gehiago lantzen dela, marrazketa eta eskulan bidez, ipuinak asmatuz, jolastuz... eta adin batetik aurrera hori guztia eten egiten dela.
Ez pentsa, batzuetan txiki-txikitatik zapuzten dute haurraren irudimena, eta alderantziz, koxkorxeagoen irakasle zoragarriak ezagutu ditut, ikasleengan sinesten dutenak eta haien sormena loratzeko estrategiak garatzen dituztenak. Arazoa da sarri hezkuntza sistema bera dela lanketa hori mugatzen duena, Lehen eta Bigarren hezkuntzan hainbestekoa baita burokrazia eta lan gehigarria, irakasleek ez dutela denborarik benetan eskaini behar diotenari eskaintzeko, ikaslearen probokatzaile izateari, haren talentua ateratzeko bide-lagun izateari. Hezkuntza eredu kastratzailea da, planifikatua, denak bide eta eduki berak aldi berean jorratzera bultzatzen dituena, irudimena, autonomia, norberaren sormena lehenetsi ordez. Irakasleentzat, aholku bakarra: maitatu gabe ezin da irakatsi, hezkuntza maitasun ekintza bat delako eta ikaslea ez duzulako heziko, ikasle hori maite ez baduzu, harengan konfiantzarik ez baduzu. Hizki larriz diot hau.

Haurrez ari gara, baina adinekoen kasuan ere, uste duzu euren sormena kimatzera jotzen dugula, adin batetik aurrera agortuta balute bezala?
Hori egitea sekulako galera da, esperientzia metatuz goazelako, eta bizitza osoan sormena lantzen joan denak, zenbat eta zaharrago izan orduan eta garatuago izango ditu gaitasunak. Adinekoek sortzen segitzen duten seinale, Espainian abiatu duten plataforma: Sortzen Jarraitzeko Eskubidearen Alde. Jubilatua bazara, ezin duzu egile eskubiderik kobratu liburu bat, pelikula bat edo beste zernahi egiteagatik, eta horren kontra ari dira borrokan. Ez baita logikoa, akzioak baldin badituzu, edo ondasun higiezinak edo auskalo, orduan bai, pentsioa eta gainerakoa ere kobratu ahal izatea, baina sortze lanaren kasuan ez.

EUSKAL KULTURA ABERASTEKO SORGINGUNEA

Sortzeko gakoa giroa, atmosfera bada, gure sen sortzailea pizteko Garaion leku ezin hobea dela azpimarratu du Íñiguezek. “Ikuspegi bikaina duen gunea da: natura eta artea nola lotzen duten, sortu nahi duen edonor etorri ahal izatea, adina edo arloa dena delakoa izanda ere. Egun batzuk daramatzat hemen eta jende oso interesgarria ibili da hara-hona: musika taldea osatzeko elkartu nahi duten neska batzuk, ikuskizun bat antolatu nahi duen mutil kuadrilla bat, esperientziak partekatu dituzten feministak… Sukalderaino sartzen da jendea, etxean baleude bezala, eta horrek asko balio du, hartu-emanerako eta sinergietarako sekulako aukera ematen du”.

Garaion sorgingunea Ozaetako baserri handi batean dago, Araban, paraje ederrean. “Sorkuntza espazio bat da, sortzaileei zuzendua, haien sorkuntza lanak, ikerketak eta esperimentazio berrien bizipenak bultzatzeko; eta horren bidez, komunitatean sormen gaitasuna pizteko, euskaraz, euskal kulturaren imaginarioa aberasteko”, diote proiektukideek. Amaia Gabilondo, Julia Lopez eta Ainara Arrietak gidatzen dute egitasmoa.

Ezkerreko irudian, Marga Íñiguez eta Amaia Gabilondo, solasean. Eskuinean, Garaionen eraiki duten arto-labirintoan barna.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
2024-12-17 | ARGIA
Itsasertzaren kudeaketa Jaurlaritzaren esku geratuta, proiektuak “bizkortu ahal izango dira”

Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.


2024-12-16 | dantzan.eus
Iurretako emakumeek 1995ean soka-dantza plazaratu zutenekoa

Iurretan 1995ean andreek soka-dantza nola plazaratu zuten idatziz jasoa du Jon Irazabalek. Izan ere, 1837ko San Migel jaietan emakumeek osatutako aurreskua dantzatu zela ikusita, arrasto haiei jarraika, kopla doinuz lagundutako soka-dantza ikasi eta kaleratu zuten Iurretako... [+]


2024-12-16 | Bertsozale.eus
Alaia Martinek irabazi du 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa
Donostia Arena bertsozalez bete da larunbat arratsaldean: 6.500 lagun elkartu dira bertan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren azken egunaz gozatzeko; Alaia Martinek jantzi du txapela, Beñat Gaztelumendirekin buruz-burukoa jokatu ostean.

2024-12-15 | Iker Barandiaran
Atzera begiratu, hausnartu eta dantzatu… madarikatuak!

Nick Linbött
Nick Linbött
Kaset ekoizpenak, 2024

------------------------------------------------

Komiki jantzi vintage-arekin, rock-and-rollaren hastapenaren eta Gerra Hotzaren bizipenak bete-betean bizi izan zituzten belaunaldiko pertsonaia batzuen akorduan,... [+]


Amore eman, ala ez

Hetero
Uxue Alberdi
Susa, 2024

----------------------------------------------------

Negazionismoaren, manosferaren eta trollen aroan ezinbestekoa da literaturaren ekarpena, errealitatearen tolesei begira jartzeko tresna paregabea delako: inguruan ditugun zapalkuntza... [+]


Aitortza berantiarra, metamorfosi gauzatua

Emakume baten borroka eta metamorfosia
Nork: Eneko Sagardoyk eta Vito Rogadok.
NOIZ: abenduaren 1ean.
NON: Santurtziko Serantes aretoan.

-----------------------------------------------------------

Plana proposatu eta berehala, sarrerak online erostea erabaki zuen... [+]


Kexaako monumentu multzoan hotel-spa bat eraikitzea proposatu dute

Estela Roca Rom arkitekto katalanak irabazi du Arabako Foru Aldundiak abiatutako ideia lehiaketa. Foru erakundeak proiektua finantzatzeko bide publiko-pribatuak bilatzeari ekingo dio.


Analisia
Katxondeoa gizonena da

Oso gertu daude, praktikan, “gaur egun ezin da ezer esan” dioen koinatua eta “aske naiz nahi dudana egiteko” esaten duen ustezko progrea. Ustezko askatasuna. Ustezko ustezkoa. Demokraziak parekatu behar zituen gizakiak, eta sare sozialek, komunikazioak... [+]


Etorkizun bizigarriei buruzko literatura lehiaketaren sari banaketa eginen du ostiralean Sukar Horiak

Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.


2024-12-11 | Julene Flamarique
Irmotasunez egin du Pradalesek Urdaibaiko Guggenheimen alde, eta “inbasio gutxiko” proiektua dela defendatu

Guggenheimaren patronatuakbi urteko epea jarri dio bere buruari proiektuaren alderdi guztietan lan egiteko, “zalantzarik gabe” hartu behar baita kontuan biosfera erreserba batean kokatuko dela. Pello Otxandianok zalantzan jarri du proiektuari 500 milioi euro... [+]


Eguneraketa berriak daude