argia.eus
INPRIMATU
"Karta astrala"
Arima bikiaren bila
  • Maitek krisi bat izan du. Zer hobeto, gertatu zaiona ulertzeko, krisi bera bizi izan duenarekin hitz egitea baino? Karta astralen arabera, Maiteren leku berean une bertsuan jaio zenak antzeko zikloak bizi izan ditu eta nortasun berdintsua du gainera. Haren bila abiatuko da Maite, erantzunen premian.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2016ko azaroaren 24a

Gustuko ditugu bilaketan oinarritutako dokumentalak: Oskar Alegriaren Emak Bakia Baita filmak, Miarritzeko etxe misteriotsu bat aurkitzea helburu, liluratu egin gintuen; Josu Martinezen Gure Sor Lekuaren Bila lanean, pelikula bat berreskuratzeko peskizek harrapatu gintuzten; eta Karta astrala opera primak ez digu hutsik egin. Generoaren klabeak bere egiten ditu filmak: ikuslea konplize egiten duen bilaketa prozesua; bideko oztopo, ezuste eta bihurguneak; bilatzen duena aurkituko ote duen jakin-minez istorioak mantentzen duen tentsioa… Eta freskoa eta naturala da emaitza, baita protagonista bera ere (“aktore lanetan serioski hasteko erran didate!”, diosku Maite Bidartek). Bidean lagundu dioten pertsonak ere kamerarik egongo ez bailitzan jardun dira kontu-kontari (aipatzekoa, karta astraletan aditu den emakumearenera bisita egiten duenekoa). Nabari da konfiantza giroan errodatu dutela, bilatze lanetan izandako frustrazioak frustrazio disfrutatu egin dutela, eta hori guztia transmititzen diote ikusleari.

Bilaketa prozesu hauetan, bidea bera da interesgarriena, baina bihurguneetan (eta muntaia mahaian) katramilatu gabe, helburua oso argi du uneoro dokumentalak, eta konturatzerako iritsiko gara helmugara, ordu erdiko metrajera heldu gabe.

Larrotxenetik Lekeitiora

Beste ezaugarri batzuen artean, “filmaren originaltasuna” baloratu zuten Lekeitioko Euskal Zine Bileran, eta pelikula onenaren eta gidoi onenaren saria lortu zituen, amateur mailan. Azaroaren 19an Donostiako Trueban aurkeztu zuten eta jasotako harrera beroa eskertu dute zuzendariek. Hemendik aurrera ere egingo du bidea dokumentalak. Donostiako Larrotxenen, ikus-entzunezko ikastaro batean jaio zen Koldo García eta Maite Bidarteren Karta astrala. Lehenengo lan honekin “hagitz-hagitz pozik” daudela esan digu Bidartek, “batez ere jendeak gustura ikusten duelako”.

KARTA ASTRALA
Dokumentala
Zuzendari eta gidoilariak: Maite Bidarte eta Koldo García.
Euskal Herria, 27 min.
Azaroaren 19an, Donostiako Trueba zinemetan aurkeztua.