argia.eus
INPRIMATU
Irratiaren xarma
Fermin Erbiti 2016ko azaroaren 23a

Hamazazpi urteko mutiko batek bere buruaz beste egin du. Gaztetxo alaia omen zen, kirolari ona, arazo handirik gabeko familia batean hazi eta hezia. Zer esanik ez dago: gertaerak lur jota utzi ditu etxekoak, eta gainerako herritarrek ere kolpe handia hartu dute. Gaztetxoaren hileta elizkizuna horren seinale: herriko eliza mukuru bete da, gutxitan bezala. Herritarrek familia babestu egin nahi dute, elkartasuna adierazi.

Handik aurrera, ordea, hildakoaren aita eta ama ikusezin bihurtu dira herritar gehienentzat. Inork ez die deus galdetzen, hori zauri ikaragarrian min are handiagoa egitea litzatekeelakoan. Fede oneko jokamoldea izanik, ez dago inori deus aurpegiratzerik. Gurasoek, ordea, gaizki eramaten dute galduriko semea herritarren solasaldietatik ere hain azkar desagertu izana. Isiltasuna minari mina gehitzea dela iruditzen zaie.

Horiexek dira lehengo eguneko irratsaioaren sekretuak. Horixe da behar-beharrezkoa dugun kazetaritzaren gakoa

Aitaren testigantza hotz eta, aldi berean, hunkigarria entzun dut irratian. Suizidioa tabu izan beharrean, osasun arazotzat hartu beharra dagoela dio. Auto edo lan istripuen aurkako kanpainak gogoratuz, bide horretatik joan beharra nabarmendu du: ezkutatu beharrean, arazoa ikusarazi, horretaz mintzatu, naturaltasunez. Eta, batez ere, hori pairatu dutenak saihestu ordez, haiengana hurbildu, beldurrik gabe. Horretaz hitz egiteak apurua ematen du, jakina, hitzak trabaturik gelditzen baitzaizkigu, zer eta nola esan ez dakigula. Kontua da hitzik gabeko elkartasuna posible ez ezik, horrelakoetan eraginkorrena ere izan daitekeela: aski da keinu bat, laztan bat, kalterik nekez sortuko duen besarkada…

Irratietako orojakileen sermoietara ohiturik, zoragarria da horrelako saioak entzutea. Lehenengo egunekoak irrati zaleak asetzeko osagai guztiak zituen: historia interesgarria, ongi azaldua, hainbat ikuspegietatik jorratua, aberasgarria, zer pentsatua eman eta barnea inarrosten digun horietakoa. Eta, gainera, euskara dotorean eskainia.

Profesionaltasuna eta zerbitzu publikoa dira kazetaritzaren bi oinarri nagusiak, askotan ahantziak. Bietatik erruz zuen lehengo eguneko erreportajeak. Ni historiak harrapatu eta bidaide eraman ninduen, eskutik helduta, hasieratik amaieraraino. Hunkitu ere egin ninduen, bi arrazoirengatik: batetik, jakina, istorioaren indarragatik beragatik; eta, bestetik, holako perla batek emozioa sortzen duelako kazetaritzan sinetsi nahi dugunongan.

Historia on bat eta hura egoki azaltzeko gogoa. Horiexek dira lehengo eguneko irratsaioaren sekretuak. Horixe da behar-beharrezkoa dugun kazetaritzaren gakoa.